Mariri buruzko dokumentala, finantziazio kolektiboz

Guaixe 2018ko mar. 27a, 19:26

Yolanda Mazkiaran zuzendariaren Anderearen sua egitasmoa gauzatzeko da

Euskal mitologiako Mari jainkosari buruzko makina bat informazio pilatua du urteetan Yolanda Mazkiaran Zelaia altsasuarrak. Duela bi urte Mariren sua film laburra mustu zuen, hainbat sortzaile altsasuarren parte hartzea duena.

Mazkiaranek Mariren inguruan jasotako jakintza jendarteratzeko beharra zuen eta hortik sortu zen duela bi urteko lanak. Baina bide horretan sakondu eta dokumentala egitea erabaki du. Hura egin ahal izateko Internet bidezko diru-bilketa, crowfunding-a, eginen du. Verkami sareko plataformaren bidez egin ahalko da dokumentalaren aldeko diru ekarpena. Apirilaren 9tik aurrera.

Sortzaile altsasuarrak plataforma horretan aurkezpen bideoa jarri du. Hartan makina bat pertsonei egindako elkarrizketak dokumentalean jasoko direla adierazten du, besteak beste: Jose Ignazio Hartsuaga, Anuntxi Arana, Toti Martinez de Lezea, Ixabel Millet, Claude Labat, Enrike Zelaia, Josu Naberan, Margarita amona, Jose Ramon Zubimendi, Felix Gerenabarrena eta Guillermo Piquero. Mazkiaranen lan berriak Anderearen sua izenburua du.