Nafarroako Kontuen Ganberak Altsasuko Udalaren 2016ko kontuei buruzko txostena kaleratu zuen hilaren 8an. Urte hartan Altsasuko Udalaren gastuak 7,6 milioi izan ziren, eta diru-sarrerak 7,4 milioi. Langile-gastuak izan ziren nagusiak, 2,3 milioirekin. Ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuek 1,3 milioi egin zuten, eta antzekoa gastatu zen transferentzia arruntetan. Inbertsioetan, berriz, milioi bat gastatu zen. Diru-sarrerei dagokienez, transferentzia arrunten bidez 2,4 milioi bildu zen, zuzeneko zergek bi milioi eman zuten eta tasei esker 890.000 euro. Nafarroako Kontuen Ganberarendako Altsasuko Udalaren kontu orokorrak “ongi islatzen ditu ondarearen irudia, gastu eta diru-sarreren likidazioa eta udalaren finantza-egoera”.
Javier Ollo Martinez
Altsasuko alkatea.
Badirudi udalak Kontu Ganberaren azterketa gainditu duela, ezta?
Bai. Orokorrean esaten du udalaren ekonomia egoera ona dela. Diruzaintzako soberakin handia daukagu. Beti bezala, hobetzeko hainbat gauza daude. Baina, oro har, ekonomia egoera oso ona da.
Hobetzekoen artean daude gaurkotu gabeko ondasunen inbentarioa eta Atabo Altsasu sozietateko administrariek ez dituztela kontuak egin.
2016ko kontuak eginda daude eta, jada, erregistroan daude. Kontu Ganberak prozeduraren inguruan ari da. Esaten du administrazio kontseiluak ez zituela berez aurrekontuak aurkeztu. Kontuak batzar nagusian onartzen dira. Berez, kontseiluak onartu zituen eta gero batzar nagusian ere. Prozeduraren inguruan zerbait hobetu behar dugula esan digu. Orain beste modu batera egin behar dugula eta 2017ko kontuekin horrela eginen dugu. Inbentarioari dagokionez, Kontu Ganberaren aurreko txostenean, 2010ekoan, antzeko zerbait esaten zuen. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak daude eta horrekin zerbait egin beharko dugu.
Bestetik, geldiarazita dauden hirigintzako garapenei ekitea eskatzen du.
Zerbait egin behar dugu eta erabakiren bat hartu beharko dugu horren inguruan.
Banaka hasita, zer egoeratan dago Dermauko garapena?
Udalak duela hilabete batzuk gutuna bidali zien lur-jabeei. Proiektuarekin aurrera egin edo ez egin, zer nahi zuten galdetu zitzaien. Jabe gehienek ez du sektore horretan ezer egin nahi. Duela urte batzuetako ideia han industrialde bat egitea zen (69.688 m2). Hori jakinda, orain erabakiren bat hartu behar dugu.
Aldamenean Lezalde dago.
Lezaldek nahiko historia konplexua dauka (lanak 2006an hasi ziren eta kontra zeuden aldamenak geldiarazi zuten. 59.312 m2-etan 77 etxebizitza eta elkarri atxikitako babes ofizialeko beste 12 egin nahi ziren). Hirigintza Batzordean onartu da lur-jabe bakoitzari gutun bat bidaltzea. Gutun horretan jakinaraziko zaie Sustapen Ministerioak Nafarroa eta Euskal Y Abiadura Handiko Tren bidez lotzeko egindako proposamenak eragiten diela. Berez, ez da Lezaldetik pasatzen, baina soinu eremua Lezalden dago. Horregatik, informazio estudioa argitaratu denetik urte batean ezin dugu Lezalden ezer egin, ezin dugu erabakirik hartu, hain zuzen, ministerioak proiektu hori mahai gainean duelako. (Soinu legedia aldatu da eta A-10 autobiaren eraginagatik proiektua aldatu beharra dago).
Otadiko urbanizazioa eginda dago.
Urbanizazioa eginda dago. Han eraiki duten enpresekin arazo batzuk ditugu. Aurreko biekin alderatuta arazoa ez da hain-hain handia. Arazo txiki horiei erantzuna eman behar zaie.
Azkenik, Zelandi.
Soinuren inguruko legedia aldatu da eta horren ondorioz bertan egindako proiektua guztiz aldatu egin behar dugu (A-1 autobiak eragindako soinuak urbanizatu daitekeena txikitu du). Sektore hauek guztiak, bere garaian Arkangoakoaz hitz egin zen ere… orduan errealitate batean zegoen Altsasuko herria. Beste errealitate bat daukagu eta, horregatik hain zuzen ere, hirigintza plan berri bat egin nahi dugu, honi erantzun bat emateko.
Hori guztia 2016ko kontuez. Aurtengoak zer?
Aurrekontu proiektua aurkeztu dugu. Alderdiek aste batzuk dituzte hura aztertu eta emendakinak aurkezteko. Espero dut udal kontuak eta plantilla organikoa apirilaren hasieran eginen den udalaren ezohiko bilkura batean onartzea.