Nafarroako Birako azken etapa bihar Erriberan

Guaixe 2018ko mar. 23a, 10:06

Pasa den larunbateko etapa Iruñeko Gaztelu plazan bukatu zen. Argazkia: www.ekinklik.org

Altsasuko auziaren berri Tuterara eta Erriberara eramanen dute herriko eragileek. Bitartean apirilaren 14ko manifestaziora deitzen eta auzia salatzen antolatutako ekimenak han eta hemen biderkatu egin dira

#AltsasuMartxan, Altsasuko auziaren berri foru erkidegoan barna ezagutarazteko Altsasuko 48 taldek eta elkartek antolatu duten Nafarroako Bira bihar du bere bosgarren eta azken etapa. Altsasuarrak, eta animatzen diren sakandarrak, Tuterara eta Erriberako hainbat herrietara hiru mezu eramanen dituzte Batetik, gertatutakoa ez dela terrorismoa adieraziko dute eta delitu kalifikazio horren kontra azalduko dira. Bestetik, justizia eskaera eginen dute: "funtsezko eskubideen urraketen aurrean gaude eta urraketa beste pertsonengan hedatu daiteke". Eta, azkenik, preso dauden hiru gazteen askatasuna aldarrikatuko dute. Horrekin batera Erriberako biztanleria apirilaren 14an Iruñeko Golem zinematik 17:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatuko dute.

Ohi bezala, Nafarroako Biran makina bat herritarrekin batera auzipetuen gurasoek parte hartuko dute eta haiek izanen dira Tuteran hitza hartuko dutenak. Birako antolatzaileek, ohi dutenez, Erriberako eta Tuterako herritarrei biharko antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Iruñerria
Orain arte birak egindako lau etapatan 11.000 pertsonen baino gehiagoren parte hartzea izan da. Haietatik 5.500 bat pasa den larunbatean Iruñerrian barna antolatutako hiru bizikleta martxetako batean parte hartu zutenak izan ziren. Atarrabiatik, Berriozartik eta Barañaindik abiatutakoak Iruñeko Gaztelu plazan bat egin zuten.  

Gurasoen izenean Bel Pozuetak hitza hartu zuen kioskotik eta jasotako babesa eskertu zuen.  "Zerbaitek batzen bagaitu da gure seme-alabak justiziazko gizarte batean bizitzea nahi dugula. Tabernako borroka bategatik 375 urteko espetxe zigorra  moduko astakeriarik izatea ez dugu nahi". Auzia Nafarroan epaitzea eskatu zuen berriro ere.

Apirilaren 16an hasiko den epaiketaren aurrean sentitzen duten "defentsa falta" adierazi zuen. Auzipetuen eskubideak "urratuak, zapatuak" izan zirela gaztigatu zuen. Azkenik apirilaren 14ko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen.

Han eta hemen
Altsasuko auzia salatu, auzipetuei elkartasuna adierazi eta apirilaren 14ko manifestaziora dei egiten duten ekimenak biderkatu egin dira azken egunetan. Asteartean Nafarroako hainbat gazte kolektibok epaiketa "bidezkoa eta inpartziala" eskatu zuten. Atzo iluntzean Gasteizen manifestazioa egin zen, gaur Bilbon, Tafallan 7an.   Durangon, Amasa-Villabonan, Errenterian, Goñi, Lizaso eta beste hainbat tokitan kontzentrazioak egin ziren. Gaur preso dauden hiru gazteek espetxean 394 egun egin dituzte.

Egitaraua
08:00 Altsasutik abiatu, suhiltzaileen paretik.
10:00 Bi auto karabana Castejongo sagardotegitik: Valtierra, Arguedas eta Tutera eta Corella, Cintruenigo eta Tutera.
12:00 Auto-karabanak Tuterako Argentina etorbidean elkartuko dira.
12:15 Kalejira Tuterako Queiles pasealekutik, Erriberako gazteak, txistulariak eta gaitariak.
13:15 Ekitaldia, Foru plazan: jota kantariak, Roberto Urra abeslariak, Altsasuko Gurasoak eta Enrike Zelaia.
13:45-14:00 Tuterako kaleetan poteoa.
14:30 Bazkaria, Beterri peñan.
17:00 Tirame del dedo ke me pedo taldearen kontzertua, Beterri peñan.