Aurreneko etapan, Garraldan eta Otsagabian, iparralderantz bueltan joaten ziren kurriloak izan baziren, larunbateko azken etapan, Erriberan eta Tuteran, zikoinak izan ziren #AltsasuMartxan karabanari harrera egin zietenak. 08:00etarako abiatu ziren altsasuarrak Castejonerantz. Han herritarrek harrera egin eta gosaria eskaini zieten. Bide batez, auzipetuen gurasoek makina bat kastejondarrek sinatutako festetako bost zapi jaso zituzten. Herrian gaiarekin jakin-mina zegoela aitortu zieten eta Iruñeko manifestazioan presente izanen zirela gaineratu zuten.
Castejondik bi auto-karabana abiatu ziren 10:00etan: 32k Corella eta Cintruenigotik pasa ziren Tuteran bukatzeko eta beste 22 auto Valtierra eta Arguedasdik pasa ziren, helmuga bera izan zutelarik. Herrietan autoen bozinak jo eta leihoetatik banderolak atera zituzten martxistek. Keinu txar edo zakar gutxi batzuez aparte, gehienak irribarreak, ukabil altxatuak, eltze jotzeren bat eta bozina jotzeak izan ziren. Corellan dozena bat lagunek pankartez lagunduta euren elkartasuna adierazi zuten. Tartean inguruko hautetsiak zeuden.
Tuterako Queiles pasealekutik abiatu zen kalejira 12:15ean. Alde Zaharra eta zabalgunean barnako ibilbidea egin eta gero Foru plazan despeditu zen. Jota kantariek gurasoei animoa eskaini zieten. Tuterako gazteek elkartasuna eta babesa adierazi zieten gurasoei eta auzipetuei eta 375 urteko espetxe zigorraren arriskua zortzi gazteen eskubideak urratzen dituela eta neurrigabea dela salatu zuten. Roberto Urra abeslariak Erribera kanta abestu zuen. Nafarroari Bira ekimenaren antolatzaileek etaparen antolaketan herri desberdinetan lagundu zuten pertsonei eskerrak eman zizkieten.
Gurasoen izenean Edurne Goikoetxeak hartu zuen hitza eta jasotako berotasun eta elkartasuna eskertu zuen. Bizi duten egoerak “beldurra” sortzen diela adierazi zuen: “azpijokoz beteriko partida jolastera goazela badakigu, defentsarako aukerak emango ez dizkigutela badakigu auzitegi eta kasuaren salbuespenagatik eta defentsei froga eta lekuko gehienak aurkeztea eragotzi dietelako”. Eta gaineratu zuen, “Nafarroako herriaren borondateak soilik, gure seme-alabak defendatzen, lor dezake geldiaraztea ankerkeria hau”. Nabarmendu zuen goizeko bostetan gertaturiko liskar bat ezin zezakeela 375 urteko espetxe zigorra izan; “ezin dituzte beraien interesak, politikoak edo nolanahikoak, defendatu gure seme-alaben bizitza jokoan jarriz. Eskubideak ezin daitezke zapaldu modu honetan”. Apirilaren 14an Iruñera joateko deia egin zuen, “aldarrikatzeko ez dela posible, Justizia eskatzen dugula, Nafarroak ez dituela beraien seme-alabak bazterrean uzten”.
Ekitaldia Enrike Zelaia akordeoilari altsasuarraren hiru piezekin despeditu zen: etapako antolatzaileei eskainitako Ohorezko aurreskuarekin, Altsasuko himnoarekin eta Altsasuko zortzikoarekin. Azken hori makina bat altsasuarrek dantzatu zuten. Horren ondoren martxistak bazkal garaia heldu arte poteoan egon ziren.
Gaztedi erregionalistak
Nafarroako Birak Tuteran egin behar zuen kalejiraren ibilbidean eta Foru plazan UPNko Tuterako gazteriak, Juventudes Navarrak, sinatutako kartelak agertu ziren, bizkarrez dagoen Guardia Civil baten irudiaren ondoan honako testua zuena: Perdona que me ría, Navarra no es Euskal Herría. Tudela con la Guardia Civil de Alsasua. Tuterarrek martxistei azaldu zietenez, 60 bat urteko bi gizon ikusi zituzten haiek jartzen.
Kalejirarekin bat ibilbideko kartelak desagertzen joan ziren. Foru plazara iristean eta ekitaldia hasi aurretik, gazte batek hango tabernetako terrazen ondoan zeuden kartelak kentzeari ekin zion eta terrazan eserita zeuden bi gizonezkok aurre egiten saiatu dira. Terrazako gutxi batzuk oihu egin zuten. Eta berdin plazara iritsi berri ziren batzuk ere. Plazan zeuden istiluen aurkako lau foruzain terraza ondoan jarri ziren eta ez zen ezer gehiago pasa. Ekitaldian Edurne Goikoetxeak “ekarpenik egiten ez duten jarrerei” kasurik ez egiteko eskatu zuen.