Altsasuko zortzi gazteri terrorismoa delitua egotzi izanagatik epaituko dituzte heldu den astean. Hori dela eta, UGT ez beste, Nafarroako gainontzeko sindikatuek adierazpena adostu dute. Alde batetik, “errugabetasunaren presuntzioa, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubidea eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua” aldarrikatu dituzte. Gainera, “terrorismo-delituaren kalifikazio penalaren deuseztatzea, presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta kasuaren instrukzioa Nafarroako Auzitegietara bueltatzea” eskatu dute.
CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek gogora ekarri dute Nafarroako Lurralde Auzitegiak joan den urteko martxoaren 23an emandako epaia, zeinean Altsasuko gertakarietan ez zen “terrorismo-delitua leporatzeko zantzurik aurkitu eta, beraz, gertaerak Nafarroan instruitu behar direla”. Sindikatuek nabarmendu dutenez, “terrorismo-delituak delitu larria gertatu izana eskatzen du, bost urte baino gehiagoko espetxe-zigorrei lotuta”. Sindikatuek gogorarazi dute aipatu auzitegiak halakorik ez zuela ikusi eta Foruzaingoak eta Guardia Civilak ezta ere.
Adierazpena sinatu duten zortzi sindikatuek “errefusa” adierazi dute gazteei egindako 375 urteko zigor eskaeraren kontra eta auzipetutako hiru gaztek behin-behinean espetxean 16 hilabete eramateagatik. “Gertakariei ezarritako kalifikazio penalaren desegokitasunak, leporatze horiek eutsi ahal izateko behar diren betebehar juridikoak ez betetzeak, proportzionaltasun-faltak eta tipo penalen interpretazio hedakorrek pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasunak berme prozesalak eta segurtasun juridikoa urratzen dituzte”. Fair Trials Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako errelatoreak eta Amnistia International erakundeak hala adierazi dutela nabarmendu dute.