Andereri edo Mariri buruzko dokumentala finantziazio bila

Guaixe 2018ko api. 16a, 12:59

Yolanda Mazkiaran Zelaiak Anderearen sua Mari jainkosari buruzko dokumentala egin nahi du: Anderearen sua. Berak dioenez, Andere “euskal mitologiako numen nagusia da”. Irudiak grabatuak ditu eta postprodukzioa egiteko, Interneteko Verkami plataformaren bidez crowfunding edo diru bilketa hasi zuen astelehenean. Maiatzaren 18ra arte 4.000 euro bildu nahi ditu. 10, 15, 25, 30 eta 500 euroko diru ekarpenak egin daitezke eta trukean oparia jasoko dute emaileek.

Dokumentala “Mari mitoari buruzko hausnarketa sakona” izan nahi du eta hura osatzeko zuzendari altsasuarrak euskal mitologiaren ikerlariak elkarrizketatu ditu, besteak beste: Jose Ignazio Hartsuaga, Anuntxi Arana, Toti Martinez de Lezea, Ixabel Millet, Claude Labat, Enrike Zelaia, Josu Naberan, Margarita amona, Jose Ramon Zubimendi, Felix Gerenabarrena eta Guillermo Piquero. Elkarrizketez aparte musika, antzerkia, poesia, pintura, dantza, euskal tradizioa eta folklorea erabiliko ditu Mazkiaranek, dokumentala “Anderearen sormenarekin osatzeko”.

Diru ekarpenak eta haiei dagozkien sariak
10 euro: mezenas bakoitza kredituetan agertuko da eta baimen pribatua on-line izanen du.

15 euro: mezenas bakoitza kredituetan agertuko da, baimen pribatua on-line izanen du eta dokumentalaren estreinaldira gonbidatua izanen da.

25 euro: mezenas bakoitza kredituetan agertuko da, baimen pribatua on-line izanen du, dokumentalaren estreinaldira gonbidatua izanen da eta dokumentalaren DVD / Blu-Ray etxean jasoko du.

30 euro: mezenas bakoitza kredituetan agertuko da, on-line baimen pribatua izanen du, dokumentalaren estreinaldirako bi sarrera izanen ditu eta dokumentalaren DVD / Blu-Ray etxean jasoko du

500 euro: erakundeak, elkarteak eta fundazioak dokumentalaren emanaldia, Yolanda Mazkiaran zuzendari eta ekoizlea bertan dela.