Iruñean da hitzordua

Guaixe 2018ko api. 13a, 14:52

Manifestaziorako kartelaren aurkezpena.

Larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko da Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak aske herri plataformak deitutako manifestazioa. Gaztelu plazara iritsiko dira manifestariak, baina auzipetuak eta senideak Madrileraino eramanen ditu.

Iruñeko biharko manifestazioa behar bezala garatzeko 200 boluntario ariko dira lanean. Haien laguntzaz handia espero den manifestazioak Iruñeko kaleetan barna hiru aldarri eramanen dituzte: Justizia eskaera, gertatutakoa ez dela terrorismoa eta Altsasuko gazteen askatasuna. Jendetsua espero da mobilizazioa, hainbat tokitatik autobusak antolatuak baitaude.

Harekin bat egin du Nafarroako Gobernuari eusten dion laukoak. Haien ekimenez onartu zuen astelehenean Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzarrak manifestazioari “babesa” azaltzen zion eta nafarrak hartan parte hartzera gonbidatzen zuen erakunde-adierazpena.  Nafarroako Gobernuak ere bat egin du biharko manifestazioarekin. Maria Solana bozeramailea izanen da foru gobernua ordezkatuko duena. Solanak herenegun adierazi zuenez, "neurritasun printzipioarekiko errespetua" aldarrikatu dute. Nafarroako 21 udalek ere bat egin dute manifestazioarekin.

Kritikak
Nafarroako Gobernuak biharko mobilizazioan parte hartzea ez du gogoko UPNk: "zentzugabekeria da gobernua Altsasuko erasotzaileen aldeko manifestazioan parte hartzea". Erregionalisten iritziz, "Botere Judiziala kikiltzea baino gobernu jardun okerragorik ez dago. Badirudi batzuk oraindik ez dutela sinisten botere banaketa demokrazia baten oinarrizko araua dela". UPNk "ohiz kanpo" jo du gobernuak "biktimak defendatu beharrean, erasotzaileen alde egitea".

PSNko idazkari Maria Chivitek esan duenez, "Nafarroako Gobernuak Altsasuko gazteen aldeko manifestazioarekin bat egitean instituzionaletik urrun dagoen jokabide politiko bat" duela. Chiviteren iritziz "laukoa erretratatu egin da. Pentsioen defentsako manifestazioen alde ez da agertu, baina bai guardia civilak eta euren bikoteak erasotu zituztenen alde. Agerian gelditu dira gobernuaren interesak".

Azkenik, Nafarroako PPko buru Ana Beltranek  esan du "Justizia kritikatzen duen eta erasotzaileak babesten  dituen gobernua bat ez du gobernatzeko gaitasunik".