Hizketan

Gurasoak: "orain arte Justiziaren zati txiki bat ere ez dugu dastatu"

Guaixe 2018ko api. 13a, 08:48

Altsasuko Gurasoak taldeko kideak dira Nekane Ortigosa, Antton Ramirez de Alda eta Gotzon Urritzola. Biharko Iruñeko manifestazioaren eta etzidamu hasiko den epaiketaren aurretik haiekin elkartu gara, haien beldur eta esperantzen berri izateko.

Hemen da, iritsi da epaiketa garaia. Zer sentitzen da?
Nekane. Momentuz kristoren beldurra. Segurtasun falta. Eta itxaropen pixka bat ere.

Antton. Batez ere beldurra. Baina itxaropenerako beti dugu leku bat.

Gotzon. Urte eta erdi eta gero iritsi da. Oso bide luzea izan da. Bi gauza sentitzen ditut batera. Alde batetik, beldurra. Orain arte Justiziaren zati txikiren bat ere ez dugu ezta dastatu. Itxaropena baita ere, inguruan jendea eta gauza guztiak ditugulako. Epaiketa iristeko gogoa daukagu, baina beldurrez eta urduri gaude. Baina gauzak egiten. Aurrera!

Bi asteko epaiketa. Bizitza askoren etorkizuna hor dago jokoan, ezta?
N. Bai. Ez dakigu zer gertatuko den. Badakigu atzean ere gizarte eta erakunde babes izugarria dugula. Pentsatzen dut horrekin ere konturatu beharko direla bakarrik daudela.

A. Orain fase bat itxi eta berri bat zabalduko da. Fase hau ixteko elementu asko daude eta guztietan onena elkartasuna izan da. Indar horrekin Madrilera joanen gara. Hor daude gure semeak itxaroten. Eta etorkizuna, kolokan. Jokoan dagoena etorkizuna da. Perspektiba hori ezin dugu galdu. Horregatik aurrera joanen gara, indartsu.

Epaiketa bertatik bertara, gelan bertan segituko duzue, ezta?
A. Espero dugu. Halakoetan ez gara adituak, baina baietz pentsatzen dugu. Gure gazteekin epaiketako bi asteak pasako ditugu, gure, herriaren eta herri guztien babesa eta elkartasuna ematen. Areto barruan familia gisa egotea pentsatzen dugu. Ez dakigu nola funtzionatuko duen. Aretoak toki mugatua du eta ez dakigu. Ez dugu uste areto barruan egoteko eskubide hori ere kenduko digutenik.

Behin aretoaren barruan egonda gauza batzuk entzutea ez da xamurra izanen, ezta?
A. Pentsatzen dugu oso gogorra izanen dela. Hori jasanen dugu. Azken finean, pasatzea eta entzutea da. Sufritzea ere. Baina orain arte ere sufritzen ari gara. Pixka bat gehiago da.

Horretarako ere prestatu beha da, ez?
G. Bai. Prestatu dugu borroka hau eta prestatu gara gu geu. Bakoitza familia bagara, guraso guztiak familia handi bat izatea. Herria beste familia handi bat da. Azken finean, batasun oso handia lortu dugu. Oso polita da. Epaiketa aretoan herria egonen da, nahiz eta oso pertsona gutxi egon, herri osoa egonen da.

2016ko lastailaren 15 hartatik urte eta erdi pasa da. Bitarte horretan zuek ere lege kontuetan jantzi behar izan duzue.  
G. Ez dakit ikasi dugun, baina gutxienez esperientzia desberdina izan da. Baina lehen aipatutakoa, ez gaude eta ez gara bakarrik egon. Gure inguruan epaiketari, instrukzioari eta bestelakoei buruz ikasi dugu jendeak esan digulako: abokatuak, erakundeek, epaitegi arloan aritzen direnek… babesa eman digute. Haien iritziak guretako garrantzitsuak izan dira. Denetatik ikasi dugu. Eta ikasitakoa izan da Altsasukoa aske herri asanblada, gazteak, jendeak, hedabideek eta bestek eman digutena.

Iruñeko manifestaziora hiru eskaera daramatzazue. Aurrenekoa Justizia eskaera da.
N. Hori da eskatu behar dena. Hori da eskatzen ari garena, behar dugulako. Orain arte Justizia ez da inon ikusten. Orain arte probak kendu dizkigute. Lekukoak kendu dizkigute. 2016an 9.571 pertsonek izan dute halako arazo segurtasun indarrekin. Altsasukoa da, bakar-bakarrik, terrorismoa. Hor ez dago Justiziarik. Ez dute jakin nahi zer gertatu zen! Terrorismoagatik epaituko dituzte, baina taberna batean izandako bronka bat da. Hori, lehenik ikertu egin behar da. Jakin behar da zer gertatu zen. Hori ez dakigu eta beraiek ez dute jakin nahi. Eta hortik aurrera ikusi zer egin behar den.

Iruñera eramaten duzuen eskaera da: hau ez da terrorismoa?
G. Gaur egun terrorismo hitza banalizatu, ezereztu egin da eta hori esaten da. Beste helburuekin erabiltzen da. Hau terrorismoa bada, ISIS eta halakoak aipatzen dituztenean… zer izanen da? Ez du logikarik. Terrorismo hitza beste gauza batzuk lortzeko erabili nahi dute. Ez dago eskubiderik! Terrorismoa ezereztea da, bai.

Iruñean eginen den hirugarren eskaera Altsasukoak aske da.
A. Lehenengo momentutik pentsatzen dugu hori. Zergatik? Justizia izan ez dugulako. Zergatik? Terrorismoa ez delako. Hori neurrigabetasuna da. Badirudi pasatako denbora horretan segitu nahi dutela, ez dutela handik atera nahi. Gurasoak lehenik, eta herria gurekin, eta herri pila batek eskatzen duguna da: Altsasukoak aske! Zergatik? Justizia nahi dugulako. Ez da terrorismoa. Ez da posible horrelako bide, amesgaizto luzea izatea. Lehen aipatutako itxaropena da Altsasuko gazteak aske geldituko direla.

Iruñeko biharko manifestazioa nolakoa izatea nahi zenuke?
N. Nik espero dut zoragarria izatea. Oso handia. Asko sufriarazi gaituzte, baina inolaz ere pentsatzen ez zuten gauza bat lortu dute: jendeak gertaera nolakoa den ikusi du eta gure alde dago. Horrek beraiei ere pentsarazi egin behar diela uste dut.

A. Nahi eta espero dut historikoa izatea. Lortu duguna oso handia da. Lortu dugu jendeak, orokorrean, gure larruan jartzea. Jendeak beraien familia, beraien semeak, beraien herria ikusten ditu. Altsasun gertatu dela ikusten dute, baina baita euren herrian gauza bera ere. Lortu duguna oso handia da. Ikusi dugu jendea autobusak mugitzen ari dela, iritzi emateak, adierazpenak… Espero dugu historikoa izatea, benetan.

G. Manifestazio izugarria izanen da. Manifestazio anitza izanen da. Leku askotatik etorriko da jendea. Esan digute autobus pila aterako direla makina bat lekutatik. Pentsatzen dugu manifestazioarekin gizartearendako Altsasu, zentzu onean, eredu bihurtuko dela;  aurrerapauso bat emanen dugula halako gauzak, halako injustiziak ez gertatzeko; ez hemen ez inon. Altsasun gertatutakoa ez dugu inon pasatzea nahi. Askotan esan dugu: orain Altsasu, bihar zu! Horren aurrean zerbait egin behar dugu. Altsasuk jaso duen elkartasun guztiarekin aurrerapauso bat egin duela eta manifestazioa Justiziaren eta askatasunaren aldeko aurrerapauso bat izanen da.

Entzundakoagatik, Madrilera pilak kargatuta joanen zarete, ezta?
G. Bai. Herri bat atzean dugulako. Lortuko dugu. Pilak kargatuta, beldurrez eta itxaropenarekin.

Epaituak izanen direnak, zuen seme-alabak, zer moduz daude?
N. Urduri. Beldurtuta. Esperantza ere badute. Adin horrekin hau pasatu behar da. Kudeatzea oso zaila da. Hor segitzen dute. Kristoren mina egin diete, baina, hala ere, heldu egin dira. Denak dauka bere alde txarra, eta honek oso txarra du, eta bere alde onak. Hori ere aprobetxatu behar da.

A. Zoritxarrez, horrela da. Guk gure taldean aipatzen dugu ahalduntze bat lortu dugula. Gazteek heldutasuna lortu dute. Zoritxarrez horrela suertatu da. Ikasi dute bizitza nolakoa den. Konturatu dira baita non bizi garen, aurrean nor dugun… Asko ikasi dute.

G. Heldutasun bat iritsi zaie, ahalduntzea izan dute. Eta zer esan urte eta erdi kartzelan daudenak. Haiek ere erakutsi dute, bai euren familiei, bai guztioi, tinko, irmo eta itxaropenarekin daudela. Bide batez, aprobetxatuz, gazte bakoitzari besarkada bat gurasoon partetik; bereziki luzea kartzeletara iristeko.

Prozesu honetan garbi dago urte eta erdirako seme-alabak kendu dizkizuetela. Zer gehiago kendu dizuete?
N. Ilusioa. Bai, zeren, ni behintzat, oso triste nago. Beste bizitza kendu digute. Zeren, azkenean, gai honetan buru belarri sartzen zara. Nik batzuetan esaten dut:  Aiba! Hemendik kanpo zerbait gehiago ere badago! Bizitza ere kendu digute.

A. Kendu digute denbora. Kendu digute osasuna. Anekdota gisa, niri kendu didate jubilatzerakoan pentsioarekin ongi bizitzeko aukera. Gauza asko kendu dizkigute. Eman digute ere, lehen komentatu duguna, gauza asko.  

G. Alaitasuna kendu digute. Bizitzeko gogo sutsu hori. Indar guztiak honetarako eman behar izan ditugu. Indarrez eman ditugu, gustura ere. Hemen gaude. Herriaren laguntza izan dugu. Kendu nahi izan diguten guztia ez digute kendu. Eta ez digute kenduko!

Eta urte eta erdi honek zer eman dizue?
G. (ufff) Ba gure herriaren ikuspegi onena. Gure herria esaten dugu gertuena delako. Hemen jendearekin egon gara; hobe esanda, jendea gurekin egon da, gertu-gertu. Besarkada batean. Beste herrietatik ere elkartasuna ikusi dugu. Laguntza ederra eman digute. Denek! Zer kendu digute esaten digute, baina gehiago jaso dugu.

A. Eman digute kendu dizkigutenak baino gauza gehiago agian. Eta inportanteagoak. Eman digute maitasun izugarria, laguntza… Lortu duguna betiko izanen da eta ez dugu inoiz ahaztuko. Zeren oso gauza handia eman digute. Hor geratuko da, betiko.

N. Jendea zurekin ikusten duzu. Beti hor. Beti atzean. Zerbait eskatzen baduzu, beti hor dago jendea. Nik uste dut hori garrantzitsuena dela.