Altsasuko Gurasoek justizia eskaera egin zuten larunbateko manifestazio akaberan Gaztelu plazako oholtzatik. Gogoratu zutenez, “epaitu behar diren gertakariak jai giroan gertatu ziren, eta lesio larriena orkatila bat puskatua izan zen”. "Ekintza terrorista" gisa auzipetu ere bai. “Exajerazioa, distortsioa, neurrigabetasuna hain da handia, beldur garela gure seme alabek espetxe zigor handiak jasoko dituztela nahiz eta kasuaren larritasunarekin bat etorri ez”. Gurasoen ordezkariek azaldu zutenez, “lehen unetik goizalde hartako gertaerak sentitu ditugu eta inoiz ez gertatu behar zirela esan izan dugu”.
Ordutik, “elkarbizitza, askatasuna, justizia eta giza-eskubidearen alde egin dugu. Ez dugu inpunitaterik eskatzen, Justizia nahi dugu eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzea”. 2016an segurtasun indarrekin izandako 9.571 izan zirela gogoratu eta halakoak “zigor txikiekin erabakitzen direla, edo isun eta kalte ordainekin” gaztigatu zuten. “Baina gaur, jada, gure semeek aipatutako 9.571 kasu horiek baino zigor handia jaso dute. Horregatik, etxean nahi ditugu. Orain!”
Ezohiko epaitegia
Espainiako Auzitegi Nazionalean eginen den epaiketarekiko kezka azaldu zuten gurasoek: “Nafarroako errealitatetik urrun dagoena, epaiketa zuzena izateko oinarrizko bermeak ematen ez dituena. Instrukzioan zehar defentsei ukatu zaie frogak aurkezteko eskubidea”. Espainiako Auzitegi Gorenak “Nafarroako Lurralde Entzutegia gutxietsiz” Madrilgo epaitegiari auziko eskumena eman zion, eta gurasoen iritziz “lotsagarria izan zen argudio juridikorik eza zela eta”. Bestetik, gaztigatu zuten “akusazioaren txostenak Guardia Civilak berak egindako salaketetan oinarritzen da”. “Epaitegiak ukatu egin die gure abokatuei frogak eta lekuko oso garrantzitsuak aurkezterik. Ez du onartu alde batekin harreman ebidenteak dituen epailearen errekusazioa”.
Gaztigatu zutenez, “auzia ez da batzuen eta besteen alde egotea, baizik denendako oinarrizko eskubideen alde egotea. Jokoan dagoena ez da bakarrik gure seme-alaben etorkizuna. Eskubide eta oinarri demokratikoak daude jokoan, esaterako errugabetasunaren presuntzioa, epaile naturalarekiko eskubidea, legearen erabilera ez estentsiboa, proportzionaltasunaren oinarria, edo defentsarako eta epaiketa inpartzialarekiko eskubidea”. Galdera luzatu zuten: “oinarri demokratikoak urratzen utziko dugun gehiegizko aktuazio mediatiko, politiko eta judizialaren bidez?”
Altsasun kolore politiko guztietako jendearen babesa eta beroa jaso zutela aitortu zuten. “Horregatik, gizarteari eta bere ordezkariei eskatzen diegu mugak gainditu ditzatela, ez garelako ideologiei buruz hitz egiten ari, hitz egiten ari garelako zuzenbide estatu baten izaera demokratikoaz. Gure gizarteak, hemengo erakundeek, hemengo epaitegiek, eta gehiengo politiko eta sindikalak esan du Nafarroan gertatutako gertaera hauek Nafarroan epaitu behar direla”. Eta gaineratu zutenez, “legearen erabilera makurra egiten duten botere batzuen kanpoko esku hartzea defenditzea, defenditzea gure seme alabak beren etxeetatik ehunka kilometrotara esperatuak izan behar direla, defenditzea ezohiko epaitegiak, ez da Nafarroa defenditzea”.
“Elkartasunaren altxorra”
Gurasoek jasotako babes “kontaezina eta askotarikoa” nabarmendu zuten: ia ehun mila lagunek euren manifestua sinatu dutela, tartean zuzenbide arloko 194 lagun, zortzi alderdi politikoetako 88 diputatu eta senatari; 52 euro-parlamentari Bruselatik, 15 herrialdetakoak eta kolore desberdinetako bost talde parlamentarikoak; udalerri ugari, Nafarroako 50 elkarte baino gehiago, unibertsitateko, kulturako eta kirol arloko kide asko. Kataluniatik, Gaztelatik, Aragoitik, penintsula osoko herri solidarioetatik Iruñeko manifestaziora joandako pertsonendako esker oneko hitzak izan zituzten.
Frans Timmermans bozeramaileak esandakoa gogorarazi zuten: “Europako Batzordea interes handiz jarraitzen ari dela gure kasua”. Fiar Trailsek edo Amnesty Internationalek kasuan gertatzen diren oinarrizko eskubideen urraketa salatu dutela nabarmendu zuten. Eta Nazio Batuen Erakundeko hainbat errelatorek Espainiako kode penalean jasota dagoen terrorismoaren erredakzio horrek berez terrorismo ez diren jarrerak kriminaliza litzatekeela, eta oinarrizko eskubideen murrizketa ekar zezakeela gogorarazi zuten.