Altsasukoak aske herri asanbladakako ordezkaria larunbateko Iruñeko manifestazioan adierazi zutenez, “gizarteak ulertu du honek Sakana gainditzen duela. Denok gaude auzipetuen aulkian, botere abusu honek eskubideak eta askatasunak kaltetzen dituelako”. Azaldu zutenez, jendeak “Justizia eskatzen du, elkartasuna erakusten. Horrek guztiak erakusten du ez direla bakarrik egongo auzipetuen aulkian. Ezta Altsasu ere. Askoz jende gehiago egongo da auzipetuen aulkian, eskubideak eta askatasunak kaltetzen dituen botere abusua delako”.
Auziaren inguruko hainbat aspektu ere nabarmendu zituzten. Batetik, auzipetuei “epaitegietan norbere kabuz aurkezteak ez zuen ezertarako balio izan. Gau hartan gertatu zena argitzeko gogoa erakusteak ez zuen ezertarako balio izan. Hartutako kautelazko neurriak erabat neurriz kanpokoak dira, gazteak kriminalizatzeko eta aldarrikapen erabat legitimoak isilarazteko”. Jazarpena eta isunak ez direla eten nabarmendu zuten. Bestetik, zigor kodearen 2015eko moldaketa nabarmendu zuten, “
oso kritikatua izan zena arbitrarioa zelako eta modu estentsiboan aplikatu zitekeelako. Gaur egun, badakigu zein den bere helburua: gizarte hau isilarazi eta beldurtu”.
Azkenik, hainbat hedabidek izandako jokaera nabarmendu zuten: “aberrazio honen bozeramaile gaizto eta bultzatzaile bilakatuta. Telebistan ikusi genuen gure burua, kamera ezkutuak erabili ziren, eta orri horiak bete ziren helburu bakarrarekin: muntaia elikatu, esanez elkarren aurka bizi ginen herria ginela, deabruak bezala. Gezurra egia bilakatu nahi izan. Baina gezurrak hanka motzak ditu”.
Herri asanbladakoek jakinarazi zuten ez dutela “injustizia onartuko”. Madrilera “indarberrituta” joan direla azaldu zuten, “gizarte bidezko, osasuntsu eta askearekiko erakutsi duzuen elkartasuna eta konpromisoari esker”. Gaztelu plazatik 500 kilometroko besarkadak bidali zituzten Navalcarnero, Aranjuez eta Estremerako espetxeetara; Oihani, Jokini eta Adurri. Eta haien askatasuna exijitu zuten.