Altsasuko auzian justizia eskatzeko 50.000 pertsona elkartu ziren larunbatean Iruñean (38.000 Iruñeko Udaltzaingoaren arabera eta 30.000 Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera). Golem zinemak eta Gaztelu plaza arteko 1.815 metroko ibilbidea bere osotasunean bete zuen jendetzak. Ez da terrorismoa. Justizia. Guztiak Altsasukoak aske leloa zuen pankarta eman zuten gurasoek eta Altsasukoak aske herri asanbladako kideek. Jende artean eta haien txaloak entzunez zabaldu behar izan zuten tartea bidea egiteko.
Hainbat pertsona ezagunek parte hartu zuten manifestazioan: Maria Solana (Nafarroako Gobernuko bozeramailea), Unai Hualde (Nafarroako Parlamentuko lehendakariordea), Adolfo Araiz (EH Bilduko parlamentaria), Eduardo Santos (Ahal Duguko parlamentaria), Koldo Martinez (Geroa Baiko parlamentaria), Marisa de Simon (E-Iko parlamentaria), Maiorga Ramirez (EH Bilduko Parlamentaria), Laura Perez (Ahal Duguko parlamentaria), Joseba Egibar (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Josu Juaristi (EH bilduko euro-parlamentarioa), Xabier Benito (Ahal Duguko euro-parlamentarioa), Carlos Garaikoetxea (lehendakari ohia), Jose Migel Nuin (I-Eko parlamentaria), Lur Arbizu (Ernai), Txetxu Rodriguez (CCOO), Adolfo Muñoz (ELA), Igor Arroyo (LAB), Joseba Asiron (Iruñeko alkatea), Juan Martinez de Irujo (pilotaria), Nega eta Toni (Chikos del Maiz taldeko musikariak), Fermin Muguruza (musikaria), Mariano Ferrer (kazetaria)…
Manifestazioaren antolakuntza aparta izan zen. Esaterako, Aniztasun funtzionala duten pertsonendako eszena-toki ondoan espazioa gorde zuten eta han gurpildun aulkian zeuden dozena bat pertsona baino gehiago egon ziren. Manifestazioarekin batera iritsi zirenak ezin izan zuten gune horretaraino iritsi. Osasun zerbitzuaz DYAko boluntarioak arduratu ziren. Antolakuntzan 200 pertsonak parte hartu zuten. Batzuk karpak edota eszena-tokia jartzen eta kentzen, segurtasunean edota kamixetak eta bestelakoak saltzen aritu ziren besteak. Baita garbiketan ere. Izan ere, manifestarien atzetik kaleak garbi uzteaz arduratu zen talde bat izan zen.