Idatzia egitea eskatzen zaidanean, gehienetan gaiaren aukeraketa bat egin behar izaten dut buruan bueltaka ditudan aukeren artean. Kasu honetan, beste gertakari batzuk izan diren arren, ez dut inolako zalantzarik izan. Lehentasuna, ez hanka ez buru ez duen injustiziak bideratutako larunbatean Iruñean izandako manifestazioak du.
Idatzi hau, epaiketa hasi baino lehen idatzia dago, beraz aste honetan gertatutakoek ez dute eraginik, manifestazioaren biharamuneko hitzak dira hauek.
Gizartea mindua dago, haserre, nazkatua eta aurreikusi bezala hitzordu handi baten aurrean geundela somatzen zen. Goizean goizetik Iruñeko kaleetan jendea pilatzen hasia zen. Eguzkia ere agertu zen aspaldiko partez, baina berotasuna gerturatutako milaka eta milaka herritarrek ekarri zuten. Ikaragarria da herri honek elkartasuna erakusteko duen gaitasuna. Manifestazio erraldoi baten lekuko izan ginen. Iruñea lehertzear zegoen, herria bizirik dago eta Iruñea txiki geratu zen. Hiriburuak bizi izan duen agerraldi handiena ez bada, handienetako bat izan da behintzat.
Emozioa azaleratu zen larunbatean, malko ugari ikus zitekeen haur, gazte zein helduren begietatik ihes egiten. Bihotzen taupadak soma zitezkeen eta amorrua elkartasun bihurtu zen. Herri baten seme-alabak defendatzeko indarra bildu zen eta denen ahotan hitz bat: justizia.
Handia da gure herria, handiak gure nahiak eta beste behin ere Euskal Herriaz arro egoteko arrazoiak ditugula argi eta garbi geratu dira. Ez da terrorismoa.