Altsasuko Gurasoek larunbateko manifestazioaren balorazioa egiterakoan mobilizazioaren helburuak gogorarazi dituzte: “justizia exijitzea, terrorismoaren kalifikazioa errefusatzea, pertsona orori bermatu beharreko oinarrizko eskubideak defendatzea eta gure seme-alaben askatasuna eskatzea ziren”. Auzipetuen gurasoen iritziz, “helburu horiek gizartearen gehiengoa bere egiten duela uste dugu, eta manifestazio horrek kausa honekiko dagoen egonezina eta gizarte-alarma agerian utzi duela ere”.
Auzipetuen gurasoek nabarmendu dutenez, “gero eta gehiago eta anitzagoak dira hau ez dela terrorismoa, neurriz kanpokoa dela esaten eta justizia aldarrikatzen duten ahotsak”. Eta ohartu dira “gero eta hedabide gehiagok beraien orriak, uhinak eta programak irekitzen dizkiotela gure mezuari”. Altsasun antzeko gertatu dela gaineratu dute: “ideologia guztietako pertsonak batu dira injustizia hau salatzeko, gero eta zabalagoa da kasu honek zortzi gazte eta beraien familiei soilik ez, zuzenbide-estatu demokratiko baten zutabeei eragiten diela kontziente dena”.
Esandakoa berretsi
Iruñean milaka pertsonaren aurrean esandakoa berretsi dute gurasoek: “lehen unetik goizalde hartako gertaerak sentitu ditugu eta inoiz ez zirela gertatu behar esan izan dugu. Elkarbizitza, askatasuna, justizia eta giza-eskubidearen alde egin dugu. Ez dugu inpunitaterik eskatzen, Justizia nahi dugu eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzea. Ez dugu inpunitaterik eskatzen, Justizia nahi dugu”.
Auzia Nafarroan epaitu behar dela errepikatu eta instrukzioan zehar eta epaiketa garaian izandako trabek eragiten dieten beldurra ere nabarmendu dute: “exajerazioa, distortsioa, neurrigabetasuna hain da handia, beldur garela gure seme alabek espetxe zigor handiak jasoko dituztela nahiz eta kasuaren larritasunarekin bat etorri ez”.
Berretsi dute “jokoan dagoena” ez dela bakarrik haien seme-alaben etorkizuna: “eskubide eta oinarri demokratikoak daude jokoan, esaterako errugabetasunaren presuntzioa, epaile naturalarekiko eskubidea, legearen erabilera ez estentsiboa, proportzionaltasunaren oinarria, edo defentsarako eta epaiketa inpartzialarekiko eskubidea. Geure buruari galdetu behar diegu ea oinarri demokratikoak urratzen utziko dugun gehiegizko aktuazio mediatiko, politiko eta judizialaren bidez”.
Esker ona
Gazte auziperatuen gurasoek “nafar gizartearengandik, Euskal Herriko eta penintsulako hainbat herritako pertsona ugarirengandik jasotako elkartasuna bihotz bihotzetik eskertu nahi dugu”. Eskertu dute baita “nafar instituzioek (Legebiltzarra, Gobernua eta udaletxe ugari) herritarron eskubide eta askatasunen defentsaren alde hartutako konpromisoa” ere.
Gurasoek adierazi dutenez, manifestazioko “ibilbidea elkartasunaz, samurtasunaz, sentsibilitateaz eta esperantzaz bete ziren, elkarbizitza, bake eta justiziazko etorkizuna zimendatzen jarraitzeko lagundu behar dizkiguten balore positiboak hain zuen ere. Auziperatuen senitartekok, Altsasuko herria eta aurrera egiteko grina duen gizartea jasaten ari den gorrotoari, mendekuari, botere-gehiegikeriei, gezurrari, injustiziari, terrorismoaren hutsaltzea eta oinarrizko eskubideei aurre egiten dieten baloreak”.