Madrilgo bigarren kronika

Guaixe 2018ko api. 17a, 22:42

Eguraldia lagun gaur atzo baino jende gehiago elkartu da udaletxe pareko 20:00etako hitzorduan. Ordu erdiko kontzentrazioaren lekuko gaurkoan Tele 5 izan da. Elkarretaratzea bukatzeko Madrilen dauden Altsasukoak Aske herri asanbladako kideek prestatutako idatzia irakurri da eta, ondoren, Gure Etxea eraikinean Madrilen egindako bideoa eman dute, auzitegi atean bizitako uneen errepasoa egiten duena.

Kronika:
Gaur, Audientzia Nazionalean ustezko epaiketa, hobe fartsa, honen bigarren kapituluaren lekuko gara. Atzo Jokinek, Adurrek, Oihanek, Jonaek, Julenek, Aratzek, Iñakik eta Ainarak deklaratu zuten.  Kontrako giroarekin, egoera esperpentiko baten barruan, eta, hala ere, sendo azaldu ziren. Epaitegitik pasa ondoren lasai antzematen zitzaien.

Gaur akusatzaileen txanda izan da. Bagenekien egun gogorra izan behar zuela. Sarreran hamarnaka kamera zain zeuden berriro. Eta hedabideen aurrean adierazpenak egiten aurrenetakoa Coviteko bozeramaile Consuelo Ordoñez izan da, akusatzaileen lekukotzei aipamena eginez: “gaur aurrenekoz egia entzun behar da”. Entzuteko falta genuena!

Tinta ibaien eta irratietan eta telebistetan orduak eta orduak eman ondoren bertsio monolitikoa behin eta berriro errepikatzen ikusi ondoren; egunero irakurri eta ikusi dugunean hedabide nagusiek nola egiten zuten bere eta laguntzen zuten Guardia Civilaren  eta Fiskaltzaren akusazioa eraikitzen. Orain esatea isilaraziak izan direla prozesu hau elikatzen dute fartsa ugariei beste bat gehitzea da.

Zein egon dira isilaraziak urte eta erdiz hedabide nagusietan? Mass-mediek nori egin diote ez ikusiarena? Zeinek jaso ditugu isunak eta presioak fartsa hau agerian uzteagatik? Izugarria!

Bitartean, papera eskutan, senide eta lagunek publiko gisa aretoan sartzeko 32 pertsonen zerrenda egiten zuten. 32, ez bat gehiago, ez bat gutxiago.

Inputatuak “oso dotore”, atzera ere laguntzera etorri garenon  berotasuna eta txaloak jaso dituzte.

Aurretik, animo oihuak jaso dituzte Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Beno, Audientzia Nazionalean sartzen diren Guardia Civilaren presoak garraiatzeko furgonetek. Beste epaiketa bat zegoelako, zerga ihesagatik dela aipatu digute. Baina, guk badaezpada oihu egiten dugu.

Salatzaileen deklarazioarekin hasi da auzi-saioa hasi da; kontraesanak, anbiguetateak, memoria falta… Behin eta berriro errepikatu den esaldia: “autoan badago, hala izanen da”. Jakina! Kontatu didatena esatea bezala!! Lotsagarria! “Autoan badago, hala izanen da”, zenbait hedabideren ildo-editorialaren pareko.

Goiz eta arratsaldeko saioa, hau idazterakoan ez da bukatu, tonu berean segitzen du.

Hemendik, 400 km baino gehiagoko distantziatik, Altsasun pasatzen dena ere segitzen dugu; atzoko kontzentrazioa, pixka bat berandutu zen bideoa… bidaltzea kostatu zitzaigun, fintzen ahaleginduko gara.

Biba zuek!

Piztiaren bihotzetik, Euskal Herriaren bihotzera: Altsasukoak Aske!