Altsasukoak aske herri-asanbldako kideek beheko kronika bidali dute Madrildik:
Ezer baino lehen gogorarazi atzera bota direla defentsek proposatutako dokumentu-, ikuste- eta aditu- eta bestelako-proba ugari. Eta, haiekin batera, hainbat lekukoren testigantzak ere. Aurretik maiz salatu dugu hori, bermerik ez duen epaiketa honen irregulartasun ugarietako bat da.
Gaur izan diren pertsonen galdeketetatik eta adierazpenetatik hiru ondorio nagusi atera ditugu:
1. Ezagutze-argazki fitxa harrigarriak
Argazki bidezko ezagutzeak egiteko argazkiak nola zehazten diren, horretan tematu dira defentsak. Izan ere fitxa bakoitzean altsasuar bakarra dago, auzipetua, eta berarekin batera altsasuarrak ez den pertsona talde bat ageri da, “beste etnia” batekoa dena gainera. Halako fitxekin erraz ondorioztatu daiteke pertsona jakin batzuk identifikatzeko asmoa dagoela, gertaerez aparte. Esan dutenez, fitxak “informazio zerbitzuek” egiten dituztela.
2. Tabernan gertatutakoa ez dator akusazioarekin bat
Bestalde, gaur hartako gertaeren deskripzioari dagokionez, lekukoek esan dute adierazi izan dena haiek ez dutela bizi izan, taberna barruan ez zela ezer gertatu eta taberna barruan ator zuria zuen pertsona “erronka-jarreran” ikusi zutela.
3. Gaur Altsasu akusatuen aulkian eseri da
Lekukoei euren pentsamenduez, ideologoaz, beste pertsonenaz, mobilizazioetan parte hartu duten edo ez, herriaren aldarrikapen erak eta bestelakoez galdetu diete akusazioek. Halakoekin ondorioztatzen dugu badela gogoa Altsasuren inguruko susmoa sortzeko edo, zuzenean, kriminalizatzeko.