Altsasuko auzia, bide erdia egina

Guaixe 2018ko api. 20a, 10:56

Zortzi auzipetuek guardia civilei jo zituztela eta Ospa mugimenduko kide izatea ukatu dute. Guardia civilek eta bi emakumezkoek salaketa berretsi dute, eta akusatu batzuk identifikatu dituzte. Heldu den astean perituen txanda izanen da

Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasun 2016ko lastailaren 15ean "terrorismo delitua" izan ote zen epaitzen hasi zen astelehenean. Zigor Kodeko 573. artikuluak ezartzen dituen baldintzak Altsasuko kasuan bete ziren edo ez erabaki beharko du epaileak. Adur, Jokin eta Oihan espetxetik eraman dituzte epaitegira. Jon Ander, Julen, Aratz, Iñaki eta Ainara 32 senide eta lagunekin batera sartzen dira eraikinean. Egunero 32 dira altsasuarren aldetik publiko gisa sartu daitezkeenak.

Auzitegiaren San Fernando de Henaresko (Madril) egoitzan astelehenean entzun zen estreinakoz zortzi auzipetuen bertsioa. Guardia Civilaren bertsioa errefusatu zuten eta gau hartan egin zutena xehe kontatu zuten. Gainera, Ospa mugimenduko kide izatea ukatu zuten.

Astelehena

Jokin izan zen hitz egiten aurrena. Lagun bat Erasmusean Pragara zihoala eta hura despeditzeko ospakizuna izan zutela azaldu zuen. Une batean, edanda zegoela, koadrilatik banandu eta Koxka tabernan bukatu zuela azaldu zuen. Han tenientea ezagutu zuen eta harekin eztabaida hasi zuen: "aurpegiratu nien azal gogorra behar zela isunak barra-barra jarri ondoren haiek jaso dituzten herritarrak joaten diren taberna batera parrandara joateko. Tenienteak nire izenaz deitu ninduen eta horrek molestatu ninduen. Minutu bateko kontua izan zen". Irainak eta mehatxuak egitea ukatu zuen, edo ez du gogoan. Esan zuenez, ondoren zalaparta sortu zen, bultzadak hasi ziren eta tabernatik atera ziren. Bera, antza bizkarrez zegoen eta ez zuen gertatutakoa ikusi, tabernan jarraitu zuen eta 10 bat minutura atera omen zen. Tenientea lurrean ikusi zuen eta bikotekidea gainean hura babestu nahian. Tentsioa nabaritzen zela eta bera pareko tabernara joan zela esan zuen. Ondoren Foruzainek identifikatu eta atxilotu egin zuten eta horrek jendearen protestak eragin zituela azaldu zuen. Erresistentzia jarri izana ukatu zuen. Eta argudiatu zuen edanda zegoelako atera zela poliziaren autoko atzeko aldetik.

Inor jo izana ukatu zuen eta damu agertu zen: "ez nuen ezer probokatu nahi izan. Testuinguru hartan, tenientearekin eztabaida hasi izanak eragin zezakeen ondoren gertatutako guztia. Hala bada, benetan sentitzen dut oharkabean, mozkor nengoelako, egindako zerbaitek gertaerok eragin izana".

Egun hartan eta hilabetera egindako deklarazioan eztabaidatu izana eta guardia civilak ezagutzea ukatu zuen. Aurrenekoan edanda zegoela eta bigarrenean auziak hartutako tamaina ikusita bere burua errugabetu nahi zuela argudiatu zuen.

Adurrek esan zuenez, 02:30erako etxean zegoen, baina Pragara bidaian joatekoa zen lagunaren arrebak kezkatuta hots egin ziola, anaia etxeratu ez zelako. Horregatik, Adurri hots egin zion, eta hark, segituan, Unamunori. Telefono erregistroen arabera, sei-zazpi alditan saiatu zen hots egiten, baina aldi bakarrean hitz egin zuten. Adurrek ukatu egin zuen deia erasoa antolatzeko izan zela. Esan zuen ez zela tabernan izan, eta hurrengo egunean jakin zuela zer gertatu zen. Gau hartan ateratako argazkietan ikus daiteke Adurrek kamiseta beltza jantzia zeramala, liskarrean kokatzen duten akusazioek gorria zeramala diote. Haien iritziz, liskarraren ondoren gazte batzuk babestu zuten eta arropaz aldatu zen, poliziak ez identifikatzeko. "Ez dakit zergatik dioten hori. Edo gezurretan ari dira, edo nahastu naute beste batekin".

Oihanek aitortu zuen liskarra izan zen tabernan izan zela, baina inor iraindu edo kolpatu izana ukatu zuen. Taberna barruan, aparteko toki batetik, sesioren bat zegoela ikusi omen zuen. Barrara gerturatu eta gazte baten eta gizon baten arteko sesioa baretzen saiatu zela azaldu zuen. "Ikusi nuen eztabaidagatik hitzez aurre egin nion, baina lagun batek taberna txokora eraman ninduen. Ez nuen mehatxurik egin, ez nekien agentea zenik". Handik atera zenerako liskarra bukatua zegoela esan zuen eta lagun batekin hizketan gelditu zela. Zauritutakoa Foruzainekin norbait identifikatzen ahalegintzen ari zela azaldu zuen.

Berari leporatzen diote taberna barruan tenientea bultzatzeaz, iraintzeaz eta bikotea kolpatzeaz. Salaketan esaten denaren bestelako arropa zuela ere nabarmendu zuen. Guardia Civilarekin sekula ez duela arazorik izan eta tabernan zeudenak agenteak zirenik ez zekiela gaineratu zuen.

Atxilotu ondorengo deklarazioan tabernan egon izana ukatu zuen: "beldurrez, gertaeratik ahalik eta urrutien jarri nahi izan nintzen. Gero, familiarekin eta defentsarekin erabaki genuen gertatutakoa, nik ikusitakoa kontatzea eta Justiziarekin elkarlanean aritzea".

Jon Anderrek azaldu zuen pilota jaialdian eta lagunekin parrandan ibili zela. 05:00etan liskarra izan zen tabernara nahi izan zuelako joan zela esan zuen, ez hitzordua jarrita zegoelako. Hara iristean anbulantzia eta Foruzainak ikusi zituen. Orduan inork ez zuela identifikatu azaldu zuen.

Bere burua "baketsutzat" jo zuen. Agenteetako baten bikotekidea institututik ezagutzen zuela azaldu zuen. Bere identifikazioa "nahasmenagatik eta asmo txarrik gabe egin zela" uste du. Politikaz gauza handirik ez dakiela, inoren kontrako gorrotorik ez duela azpimarratu zuen. Guardia Civilak leporatu dio gau hartako datuak ezabatzea, Whatsapp aplikazioko mezuak borratzeagatik. Berak esan zuen ikertzaileei telefonorako sarbide kodeak eman zizkiela. Eta gogorarazi zuen epaitegira borondatez aurkeztu zela.

Julen Jon Anderren laguna da txikitatik. Lagunekin elkartean afaldu ondoren liskarra izan zen tabernan 01:30etik 06:00etara egon zela esan zuen, gogoko taberna duelako. Une batean sarrera aldean 10-12 pertsonen zalaparta ikusi zuela, baina erasorik edo irainik ez zuela ikusi gaineratu zuen. Berak parrandan segitu zuen. Komunetik ateratzean ezer ez zegoela esan zuen. Guardia Civila tarteko zegoen zerbait izan zitekeela ez zuela pentsatu gaineratu zuen. Liskarra izan zen tabernan halakoak ugariak direla gaineratu zuen eta ziurtatu zuen Jon Ander ez zela tabernan izan. Halako bortizkeriaren zale ez dela gainertau zuen. Inongo kolektiboetan parte hartzen ez duela gaineratu zuen. Hurrengo egunean jabetu zen gertatutakoaren tamainaz.

Aratzek azaldu zuenez, lagun batzuekin kale-edana egin ondoren joan zirela liskarra izan zen tabernara, baina 03:30ean joan zela gaztigatu zuen, "edo beste taberna batera edo etxera". Auzipetuak tabernan ez zituela ikusi gaineratu zuen. Liskarra izan zenetik bere telefono mugikorra ez zuela manipulatu esan zuen. Eta akusazioek ezin izan dute opatu bera ustezko telefono bidezko hitzordu batera joan zenik. Liskarraren ondorengo egunean egin zen kontzentrazioan parte hartzeagatik isuna jarri ziotela azaldu zuen. Eta gogorarazi zuen bere borondatez aurkeztu zela epaitegian. Inolako mugimendurekin loturak ukatu eta sekula ez duela istilurik izan gaineratu zuen.

Iñakik argitu zuen beste lokal batean bere tabernari lana 03:00etan despeditu zuela. Dena gertatu ondoren, Foruzaingoaren autoa ikusi eta jakin-minez gerturatu zela azaldu zuen. "Guardiaren batekin liskarra izan zela eta Jokin atxilotu zutela esan zidaten" esan zion ezagun batek eta bere lankide zen Ainarak. Telefonoarekin bideoa grabatzen hasi zen, sarjentuak eskuan kolpea eman eta mugikorra erori zitzaion. Telefonoa hautsia egonen zelakoan, hura jasotzerakoan kristorenak eta bi esan zituen. Baina inor ez zuela mehatxatu gaineratu zuen. Auzitegiak proba gisa onartu ez duen bideo horretan Jon Ander eta Ainara ageri dira. Grabazioa gorde zuen baina mugikorra komunera erori eta matxuratu zitzaion. Ainarak foruzain bati sarjentuak egindakoaz gaztigatu eta hark salaketa jartzeko esan zion. Iñakik azaldu zuen Foruzaingoaren polizia etxera joan zirela Jokinen egoera zein zen jakiteko. "Han tentsio gehiago zegoen eta alkateari hots egin nion gertatzen zenari buruzko argibideak jaso zitzan". Orduan identifikatu zuten foruzainek. Politikaz "paso" egiten zuela aitortu zuen.

Ainarak esan zuen ez zela liskarra izan zen tabernan izan. Beste taberna batetik etxera zihoazela anbulantzia eta Jokin atxilotu zutela ikusi zuten. Horrek zirrara eragin ziola eta liskarraren alde batekoak soilik atxilotzea leporatu zien poliziei. Urduri zegoela eta onetik atera zela eta poliziari ez zuela ezer egiten esan ziola gaineratu zuen. Iñakiri telefonoa lurrera bota ziotela ere bai. Ukatu egin zuen agente baten bikotekidea mehatxatu izana.

Identifikazio errondak

Auzipetuen defentsek epaiketak behar dituen bermeak aipatu zituzten. Eta Oihani, Jon Anderri eta Juleni egindako galdeketatan gertaera susmagarri bati egin zioten aipamena: Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako identifikazio erronden osaketa.

Altsasuarrik ez eta latinoamerikarrak, beltzaranak eraman zituzten auzipetuekin batera. Julenek esan zuenez, "haietako batek ez sartzeko esan zidan, txuri bakarra nintzelako", dio Goikoetxeak. «Ez genuen antz handirik, eta presoetako batek esan zidan ez zela zaila ni identifikatzea». Oihanek esan zuen denak latinoamerikarrak zirela, ukrainiar bat eta bera salbu. Gogoratu zuten gazte altsasuarrez betetako autobusa joan zela Madrilera proba fidagarriago egin nahian baina ezinezkoa izan zela haien parte hartzea.

Ospa Mugimendua

Akusazioek eta Fiskaltzak "terrorismo delitua" ETA, Alde Hemendik eta Ospa mugimendua elkarri lotuz planteatu dute. Horren guztiaren gaineko historia eta politika testuingurua soilik Guardia Civilaren perituek emanen dute, defentsei horretaz aritzeko lekukoak eramatea edo probak aurkeztea ukatu dielako. Defentsaren bati eskatu zituen proba guztiak atzera bota dizkiote, "beharrezkoak ez zirelako edo gertaeren egunarekin zerikusirik ez zutelako". Onartu ez diren proben artean daude tabernako planoa edo gertaeren ondoren gertatutakoa jasotzen duen bideo bat.

Auzipetu guztiek aipatu mugimenduko kide izatea ukatu zuten. Jokinek azaldu zuen batzar irekia dela eta ez dagoela bururik. 2016ko Ospa eguneko baimenak berak eskatu zituen administrazio prozesua ezagutzen zuelako, aurretik txosnak jartzeko baimenak eskatuak zituelako. Adurrek ukatu zuen haren sustatzaile edo bozeramaile izatea. 2015ko Ospa egunean fanfarrearekin jo zuela esan zuen eta gainerako urteetan familiarekin oporretan zela.

Gogorarazi zuen guardia civil baten semearekin pilotan entrenatu izan zuela. Gainontzekoek ere mugimenduko kide izatea ukatu zuen.

Asteartea

Guardia Civilen eta eurekin zeuden bi emakumezkoen txanda izan zen asteartean. Agenteek bertsio ofiziala berretsi zuten. Oskarrek, 24 urteko tenienteak, urtebete zeraman Altsasun. Liskarra izan zen gauean orkatila haustura, ezpaina zartatua eta hainbat zauri izan zituen.

Bere bikotekide Maria Joseren gurasoen tabernan afaldu zutela esan zuen. Hara lana bukatu ondoren joan zirela esan zuen. Ezin izan zuen ziurtatu afaltzerakoan edan ote zuten. Iritsi berri zen sarjentuarekin eta haren bikotearekin batera liskarra izan zen tabernara joan ziren 02:30ean eta han bi konbinatu hartu zituzten. Ez zeudela mozkor ziurtatu zuen. Tabernan aurretik izana zela eta gau hartan beteta zegoela eta festa giroa zegoela azaldu zuen. Esan zuenez, Oihanekin ika-mika izan omen zuten hura komunera joatean "maderoa" ote zen galdetzean. Gero "txupito bat" bota zietela eta kasurik ez zietela egin esan zuen. Tenienteak esan zuenez, Jokin sartzean hasi zen guztia (harekin auzipetutako adin txikiko neska zegoen). "Sarjentuarengana zuzen joan zen. Zerbait esan zion eta erdian jarri nintzen. Bakean uzteko esan nion. Nahiko oldarkor aurre egin zidan. Loturarik gabeko gauzak esaten zituen eta ea zergatik deitzen nion izenez". Tenienteak dio orduan hasi zela liskarra, "kolpeak bizkarrean, hanketan eta buruan". Neskak bere bikoteari ekin ziola esan zuen tenienteak. 15-20 pertsonek inguratzean alde egitea erabaki zutela. "Ez nuen aurre egin nahi, alde egitea baizik. 20 bat pertsonak korridorea egin ziguten". Atean zegoela erasotzaileei aurre egiteko buelta eman zuenean bizkarrean jo omen zuten atean zain zeudenak. Kalean, ostiko bategatik lurrera erori zela eta eroria zegoela jo zutela gaineratu zuen, "konortea galtzeko gertu" zegoela gaineratu zuen. Bera babesteko bikotekidea gainera bota zitzaiola esan zuen. Kalera atera zenerako "nahasia" zegoela esan zuen. Kalean beste 15-20 zeudela esan zuen.

Lurrean zegoela bi telefono dei egiteko aukera nola izan zuen galdetu zioten abokatuek. Jasotakoa "jipoi" gisa kalifikatu zuen. Eta gertatutakoa bat-batean sortutakoa zela zalantzan jarri zuen, "gutxienez elkar gaztigatu behar zuten, kalean gure zain gehiago zeudelako".

Tenienteak argitu zuen tabernan ezer egin ez zuen jendea egon zela. "Inork ez zigun ez han ez kalean lagundu. Iraindu eta xaxatu gintuzten". Bere bizia arriskuan ikusi omen zuen. Tenienteak lau auzipetu identifikatu zituen erasotzaileen artean. Defentsako abokatuen galderek tenientearengan ahanztura eragin zuten.

Alvarok, sarjentuak 5 egun zeramatzan Altsasun liskarra izan zen gauean. Berak esan zuen afaltzera 20:00ak edo 21:00ak aldera joan zirela. Afaltzean ez zutela ezer edan esan zuen. Liskarra izan zen tabernara 02:30ean joan arte soilik ura edan zuela esan zuen.

Jokin "erronka eginez" sartu zela eta "oihu egiten, jarrera oldarkorrean" eta bien aurpegiak ia elkar ukitzen zutela gogoratzen zuela esan zuen. "Ez nuen ezer ulertu. Une horretan tenientearen bikotekidea, altsasuarra bera, joateko esan zien eta aterantz jo zutela. "Korridore horretan bazter guztietatik kolpeak eta ostikoak jaso genituen". Sarjentuaren arabera "bospasei" izan ziren erasotu zituztenak. Bere ustez guztia pixka bat prest zegoen, pareko tabernakoak irteeran zain zituztelako.

Behin kalean bikotekideari autora joateko esan zion. Eta bueltatzean "askoren artea tenientea jipoitzen ari zirela ikusi nuen". Tenientea tabernatik ateratzen saiatu zela baina beste batzuk bizkarretik hartu eta kalera bota zutela. "Pirriñeka ibili nintzen lurrean geldirik ez gelditzeko eta inork ez jotzeko". Bere bikotekidea erdian jarri zen eta erasotzaileetako batek ostikada batez lurrera bota zuela esan zuen. Jendeak iraindu egiten zituztela esan zuen eta Iñakiri telefonoa lurrera bota izana ez duela gogoratzen esan zuen. Foruzaingoa iristean giroa lasaitu zela eta errefortzuak iristeko denbora asko pasa behar izan zela esan zuen. Momentuan ezin izan zuen inor identifikatu. Esan zuenez, jendeak Jokin atxilotua zegoen autotik ateratzen nola lagundu zuen ikusi zuen.

Sarjentuak erasotzaileen artean zazpi auzipetu identifikatu zituen. Ainarak ez zuela parte hartu esan zuen.

Maria Josek, altsasuarra eta tenientearen bikotekidea, auzipetu gehienak ezagutzen ditu. Gertakarien gauean bere gurasoen tabernan afaldu zuten eta afaltzean garagardoren bat edan zutela esan zuen. Beraren arabera liskarra Jokinen ondorioz hasi zen, "berak hasi zuen dena. Beragatik gaude gu guztiok hemen; bestela ez ginatekeen egonen".

Maria Josek esan zuen 20 inguru izan zirela erasotzaileak. Akaberan esan zuen "modu batera edo bestera taberna guztiak" parte hartu zuela. "Jazartzea ez da soilik kolpeak ematea. Jazartzea guri ez laguntzea ere bada, iraintzea edo jotzeko animoak ematea". Iñakik eta Ainarak liskarrean parte hartu ez zutela esan zuen. "Ia" ziurtzat jo zuen Aratzek parte hartu zuela. "% 90ean ziur nago parte hartu zuela, baina salaketa jarri dut erabat ziur nagoen pertsonen aurka. Lekukoen artean badira % 90ean parte hartu zutela uste dudan pertsonak, baina horregatik ez ditut salatu".

Abokatuek galdetu zioten aldamena izanda zergatik ez zuen Oihanen izena eman eta bai bere deskripzio fisikoa. Deklarazio garaian "nahastuta" zegoela argudiatu zuen. Aurreneko deklarazioan Adurrek soilik bultzatu zuela esan zuen eta gero erasotu. Ez zuen aldaketa argudiatu.

Ziurtatu zuenez, herrian sekula ez zuen elkarbizitza arazorik izan, guardia civil batekin ibiltzen hasi arte. "Etxea eta dena galdu duela" esan zuen.

Pilarrek, sarjentuaren bikotekideak, 15 egun zeramatzan Altsasun. Aurreneko hiruren moduan berak ere "bere bizia arriskuan" ikusi zuen. Esan zuenez, liskarrean "pertsona gehiagok" parte hartu zuten. "Hor zeuden denak identifikatzeko gauza izan nahi nuke". Baina herrian denbora gutxi zeramalako ezin zituela identifikatu esan zuen.

Laurek bina deklarazio egin zituzten. Aurrena erasotik eta ordu gutxira. Tenientearen kasuan ebakuntzaren ondoren izan zen. Eta bigarrena azaroan. Maria Josek foruzainen aurrean egin zuen eta gainontzekoek guardia civilei. Amaia Izko abokatuak tenienteari galdetu zion foruzainen aurrean egin behar zuen deklarazioa azkenean zergatik ez zuen egin eta horretan Guardia Civilaren zuzendariaren bisitak zerikusia ote zuen. Bere osasun egoeraz kezkatu zela eta agindurik ez zuela jaso erantzun zuen.

Asteazkena

Lekukoen txanda hasi zen herenegun. Liskarra izan zen tabernako zerbitzari Naiarak jakinarazi zuen tenientea eta bikotekidea "ohiko bezeroak" zirela eta askotan ikusi zituela biak taberna ixten. Esan zuenez, ez zekien guardia civila zenik. Liskarra izan zen garaian tabernan 30 bat pertsona izanen zirela azaldu zuen. Argitu zuenez sarrerako bi ateen arteko espazioa 4 m2-koa da eta han "gehienez 10 pertsona sartu daitezkela" esan zuen. Ataria beti argiztatua dagoela azaldu zuen eta berak ez zuela ezer arrarorik nabaritu esan zuen. Tabernan 30-35 pertsona izanen zirela esan zuen. Eta liskarra izan eta gero jendea tabernan parrandan gelditu zela, horien artean Oihan Arnanz. Julen han zegoen baina ez zuen ezertan parte hartu. Adur eta Jon Ander ez zeudela gaineratu zuen. Nagusiaren bidez jakin zuela liskarrarena eta ordurako anbulantziak tenientea eramana zuela esan zuen. Kalera atera eta Iñakirengana hurbildu zen, eta hark zer gertatu zen ez zekiela esan ziola.

Tabernako nagusi Josuk ezer ez zuela ikusi esan zuen. Kalera atera zenean sarjentua bere onetik aterata ikusi zuela esan zuen eta tenientearen egoeragatik kezkatuta bere jaka utzi ziola. Foruzainei komentatu zien 20 urtean ez zuela ikusi kolpeen ondorioz orkatila hautsirik eta sarrerako koxka handiaren ondorioz zauritu zitekeela iradoki zien. Josuk bi egunetara foruzainen aurrean deklaratu zuen. Idatziaren arabera "borroka antolatua" izan zela esan zien. Herenegun halakorik ukatu zuen. Eta epaitegian dagoen deklarazioak ez du bere sinadurarik, beraz, baliogabea izan daiteke. Josuk gaineratu zuen ez zituela Adur, Aratz eta Iñaki ikusi. Eta Ainara beste taberna batean ikusi zuela.

Liskarra izan ondoren iritsi ziren (04:30ak pasa) bi foruzainek "tentsio handia" nabaritu zuten. "Argi zegoen liskarra izan zela". Tenientea lurrean opatu zuten, "erdi kontziente", erantzuteko gai ez zela. Sarjentua berriz, "negarrez" ari zen eta "asaldatuta" zegoen. Ator zuria oinetako zolez markatua zuela esan zuten. Lehenik, tenientea artatu zuten eta gero sarjentua eta bere laguna. Sarjentuak atxiloketak egitea nahi zuen, baina egoera mantentzen ahalegindu zirela esan zuen. 40 bat pertsona "txantxa giroan" zeudela esan zuten. "Argi zegoen bazekitela agenteak zirela".

Sarjentuarekin aldameneko tabernara jendea identifikatzera joan zirela eta Jokin atxilotu zutela. Orduan Ainara hura bidezkoa ez zela eta autotik ateratzen ahalegindu zela esan zuten. Polizien arabera mozkor zegoen, baina Pilar mehatxatzen ez zuten entzun. Anbulantzia joan zenetik errefortzuak etorri arte ordu erdi pasa zela esan zuten. Pilarrek "inarrosi" zituztela esan zuen. Foruzain batek esan zuenez, "astinaldia izan zen, eta kitto".

Atzokoan tabernako beste zerbitzariak, Cristinak, esan zuen ez zuela ezer ikusi eta uste du ez zeudela "gehiegi edanda". Beste lekukoek esan zuten Oihanek ez zuela taberna barruko liskarrean parte hartu eta Aratz, Iñaki eta Jon Ander han ez zeudela gaineratu zuten. Lekukoetako batek barruko liskarraren deskripzioa egin zuen eta kalera laukotea bultzaka atera zituztela esan du. Aldi berean, Guardia Civilak identifikazioak egiteko erabilitako 15 orriko argazki sortetan auzipetuak ibarrekoak ez diren pertsonez inguratuak agertzen zirela.

Heldu den ostiralean despedituko da epaiketa. Epaia noiz emanen den ez dago jakiterik. Auzipetuak zigortuko balitu, aukera lukete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio aretora jotzeko. Gorena, Konstituzionala eta Estrasburgokoa lirateke, orden horretan, jo litzaketen hurrengo ateak.