Altsasuko auziko epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan segituko du gaur. Aste honetan zehar perituak izanen dira hitza hartuko dutenak. Gaur Guardia Civilaren Inteligentzia sailekoak izanen dira. Haiek izan ziren Lamela epaileari emandako txostena egin zutenak, eta gertakarien “terrorismo” kalifikazioa egin zutenak. Aurreko txostenean Guardia Civilak ez zuen halakorik jaso.
Asteartean hitza hartuko dutenak medikuak izanen dira, liskarrean zauritu ziren guardia civilen eta emakumeen zauriez ariko direnak. Asteazkenetik ostiralera ondorioak jasotzen dituzten txostenen txanda izanen da.
Gaur, berriro, udaletxe pareko kontzentrazioei helduko diete altsasuarrek. 20:00etan da hitzordua. Egunero moduan Madrildik jasotako kronika irakurriko da. Hala egin zuten, joan den ostiralean.- Madrilera joandako guztiak herrian bueltan zirela egin zen kontzentrazioa. Han, epaiketako egunero bezala egunari zegokion kronika irakurri zen:
Gaur, apirilak 20, Auzitegi Nazionalean salbuespen epaiketaren ekuatorera iritsi gara.
Goiz honetan, berriro, aurpegi ezagun asko eraikinaren sarrera parean. Ehun altsasuar baino gehiago, banatzen gaituzten 400 km baino gehiago ibiltzeko goizaldean autoa hartu dutenak; batzuek lekuko gisa, beste batzuk haiek laguntzera. 100 pertsona baino gehiagoko taldea sarreran.
Gaur berriro hemen. Altsasu presente!!!
Auzipetuei txaloak eta gaur hemen daude defentsen 22 lekukoak sartzen hasi dira. Haien artean suhiltzaile bat, hainbat kidek lagunduta, edo Altsasuko alkatea.
Oraingoan publiko gisa sartu daitezkeenak 40 dira, zortzinaka. Gainontzekoak atean, telefonoa eskutan, wifi bila, gertaerak zuzenean segitu ahal izateko.
Deklarazioak hasi dira, eta akusazioen aldetik lekukoek pentsatzen dutenaren, haien ideologiaren edo kezken inguruko matraka; honetan edo bestean parte hartu duten, baitez; herrian zein pankarta dauden; zein kartel…
Defentsak gertaerak argitu nahian eta akusazioak mundu guztiari buruzko susmoa sortu nahian. Beste behin, hau da Auzitegi Nazionala. Beste behin, ideologiak eta herri osoa epaitzeko eskubidea beretzat hartzeko joeraren tikak agertzen dira.
Berriro, Koxkako langileek eta abarrek egindako moduan, lekukoek akusazioaren tesia desegin dute, nabarmen. Ez testu ingurua, ez gertakariek, ezta bakoitza non zegoen ere. Adierazpen izugarri horiek hedabide handienetan aterako dituzte? Eztabaida eta tertulia gaia izanen dira?
Behin hemen, epaiketako bost egun nekagarriren ondoren, argi eta garbi esan nahi dugu: hemen ikusten eta entzuten ari garena eta telebista nagusietan aukeratzen dituzten zatiak bi errealitate desberdin dira.
Aurreko urte eta erdian izan den moduan, hedabide nagusi horien papera epaiketan zehar lotsagarria izaten ari da. Zenbait hedabide akusazioaren txostena segitzen tematzen dira, beste behin nabarmendu diren gertakariak alde batera utziz.
Hedabide muntaiarik ez!
Momentuz leku arriskutsua utzi eta Altsasura bueltatzeko asmoz, Adur, Jokin eta Oihan hemen uztearen haserrearekin. Eta astelehenean atzera ere bueltatzeko eta prest egoteko asmoarekin.
Jakin gabe, gaurko bilkuran egoterik izanen dugun.
Unitate ibiltari moduan egunero egokitzen dugun furgonetatik, guztiendako besarkada.
Segitzen dugu, segituko dugu!!!
Altsasukoak aske!!!