Madrilgo zazpigarren kronikak

Guaixe 2018ko api. 24a, 20:56

Gaur egindako kontzentrazioa.

Hauxe gurasoek bidalitako kronika:

Epaiketaren zazpigarren egunean estreinakoz heldu zaio gertakarien terrorismo kalifikazioari, eta ustezko proba teoriko bakarra tratatu da. Inteligentzia zerbitzuetako hiru perituk deklaratu dute, oraingoan ere guardia civilak. Gertakariak terrorismo delituarekin lotu nahi dituzten txosten batzuez  aritu dira. Unea iristean epaileek baloratu beharko dute benetako aditu txostena den edo ez, Egunkari edo Udalbiltza auzietan gertatu zen moduan. Bi aldeen galderei erantzunez, haien deklarazioa “Dena ETA da” garaira eraman gaitu. Modu interesatuan gertakariak zerbait isolatu izan beharrean, estrategia baten parte baten moduan aurkeztu dute; akusazioen arabera ETAk sortu zuen eta gaur egun ETAk sustatzen segitzen du.

Harrigarria izan da, gainera, tarte horretan erakundeez, mugimenduez eta agiriez aritu direla. Haietan ez da auzipetuen aipamenik egiten, ezta epaitzen ari diren gertakariak ere. Izan ere, txosten horren zatirik handiena auzipetuak oraindik jaio ez ziren garaiko kontuak jasotzen ditu.

Perituak, haietako bi lekuko bezala deklaratu zuten ere, defentsen galderei erantzunez argi utzi dute Alde Hemendik aldarrikapen politiko zilegia dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Parlamentuak, PNVk, erakunde antimilitaristek (Malatxa, esaterako) edo udal mankomunitateek (Eudima, esaterako) defendatu dutenak. Haien alor horretako jarduerak eta aldarrikapenak ez dira zigortu. Agerian gelditu da aldarrikapen hori aurrekoa dela eta ez soilik ETArena; justu kontrakoa egiten saiatu dira akusazioak ETAren eta Ospa mugimenduaren arteko zuzeneko lotura eginez.

Bestetik, 1999an Olatzagutiko gaztetxean egindako operazio batean atzemandako “Alde Hemendiken gidaliburuan” oinarritu dira. Operazioak absoluzio epaiarekin bukatu zuen. Perituen hipotesia da Altsasun hainbat fasetako programazioa egin dela: sozializazioa, tenkatzea, isolatzea eta kanporatzea. Baina fase horietan gauzatu ziren jarduera eskasetan sendotasun eta garrantzia gutxikoak zirela ikusten da. Eta denbora-kontraesanak daude, esaterako, hirugarren fasean kokatzen diren gertaerak (petardoak edo taberna batean pintaketak 2012an) aurreneko eta bigarren fasean kokatu dituzten gertaeren aurretik gertatzen dira (2015 eta 2016ko Ospa egunetako gizarte salaketako fallak). Aldi berean, duela 18 urteko agiri hori zeinek egin zuen ez da zehaztu.

Esan dute ere Ospa mugimendua ETAk 12 urte lehenago, 2000. urtean, emandako ohar sorta baten gauzatzea dela. Segituan perituek baieztatu dute ez dagoela loturarik Ospa elkartearen, zortzi auzipetuen eta ETAren eta legez kanporatutako erakunderen artean. ETAren Alde Hemendik ekimenei buruzko 2011tik aurrerako dokumenturik ezin izan dute aurkeztu.

Gogoratu beharra dago Ospa 2012an sortu zela. Perituek baieztatu dutenez, haren jarduna polizia-presioaren, neurrigabeko jardueren edo gehizko kontrolen eta isun kopuruen salaketa jarduerak, antimilitarismoa… egiten dutela. Baieztatu dute Ospak indarkeriazko jardueretara eta segurtasun indarren eta haien senideen jazarpenera deituz inolako agiririk ez dagoela. Ospari buruzko deklarazio guztian kartelez, karikaturez, bideoez, festa giroko jarduerez, herri bazkariez, dokumentalez, faroltxo hegalariez, udalean aurkeztutako mozioez, elkarretaratze baketsuez, batzarrez… aritu dira. Azkenik onartu dute Ospak ez duela indarkeriazko jardunik izan. Perituek jakinarazi dute epaitegietan aurkeztutakoak, irainak, esaterako, ez dutela aurrera egin eta denak artxibatuta bukatu dutela.

Laburbilduz, argi gelditu da, Nafarroako Lurralde Auzitegiaren 2017ko martxoko autoak jada esaten zuena: ez dago terrorismo delitu zantzurik.

Bestalde, epaiketa bi mediku perituren adierazpenarekin hasi da. Tenientearen bikotearen egoera psikologikoa ebaluatu zuten. Biek ondorioztatu dute ez duela desoreka psikikorik, baizik eta gertakariek eragindako emozio-trauma psikologikoa; ez liskarraren egunekoa, ondorengoa baizik, ez baitio logikarik opatzen atxilotutako pertsonei babesa emateko gertakariei eta horrek bere emozioen (umiliazioa, amorrua…) kudeaketa zaila eragiten dio. Perituek bere buruaz beste egiteko arriskua baztertu dute, halakoak arintze psikologikoko adierazpenak direla gaineratu dute. Berretsi dute epaitutako gertakariekin lotutako inolako psikologia-sintomarik ez dagoela, baizik eta gizarte-babesagatik. Ondorioak, beraz, zeharkakoak dira, ez epaitzen ari diren gertakariek eraginda.

Auzi saioaren hasierara ELA, LAB, ESK, CGT eta STEILAS sindikatuetako ordezkaritza etorri da. Auzi honen inguruko irregulartasunak, neurrigabetasuna eta terrorismo kalifikazioa salatu dituzte.


Altsasukoak aske herri asanbladaren kronika:

Gaur hainbat sindikaturen babesa jaso dugu. Manifestuetan adierazitakoa berresteko Auzitegi Nazionalean egon dira ELA, LAB, ESK, CNT eta STEILASeko kideak. 400 km egin dituzte konpromisoa adierazteko eta hedabideei adierazpenak egiteko.

Gaur ere, Altsasuko jendea Auzitegi Nazionalera hurbildu da. Altsasu beti presente, bai barruan bai kanpoan. Eta, nola ez, 20:00etan, udaletxearen parean egoten zaretenak. Egunero zuen elkartasun mezuak jasotzen ditugu eta auzipetuekin eta jendearekin partekatzen ditugu. Aupa zuek!!! Aurrera Altsasu!!!

Mediku perituen adierazpenaren ondoren, epaiketaren ildo nagusiari heldu diogu, Guardia Civilaren txostena. Haren bidez saiatu dira parrandan gertatutako istilu bat duela urte askotako dokumentu batekin lotzen.

Gogora dezagun defentsak aurkeztutako historia txosten batek akusazioen istorioa bertan behera uzten duela. Eta, jakina, txosten hori ez da onartua izan.

Auzipetze honen bidez badakigu parodiak, desmilitarizazio aldarrikapenak, herri bazkariak… epaitzen ari direla.

Defentsen galdeketek Guardia Civilaren txostena deseraiki du. Txosten hori hipotesi eta iritziz beteta dago.

Hala ere, onartu behar izan dute jai giroan egindako aldarrikapenak eta indarkeriarik gabekoak direla.

Mila aldiz esan dugu taberna batean gertatutako liskar bat beraien interesak elikatzeko erabili dutela.