Altsasuko Gurasoak-en kronika:
Akusazioen eta defentsen hainbat peritu izan dira gaurkoan. Ondoren, dokumentu-proben analisiaren zati bat egin da.
Gaurko aipagarriena epaituak izaten ari diren gertakariak pasa eta berehala grabatutako bideo baten irudien ikuskatzea izan da. Izan diren irregulartasunen lagin gisa gogoratu beharra dago auzipetu eta salatzaile batzuk agertzen diren proba hori defentsek behin eta berriro eskatu eta gero onartu dela, hasiera batean epaileek baztertu egin baitzuten.
Bideoan defentsen bertsioak indartzen eta fiskaltzaren eta akusazioenak desmuntatzen duten irudiak ikusten dira. Zehazki, ikus daiteke ondoren segurtasun indarrak xaxatzeko girorik ez dagoela, ezta “alde hemendik” oihurik ezta zalaparta erasokorren antzeko ezer ez. Gainera, borrokaldi baten bertsioa berresten duten esaldiak entzuten dira eta ikusten da sarjentuaren eskukadak nola botatzen duen auzipetuetako baten telefonoa lurrera. Oso adierazgarria da sarjentua jendearekin gurutzatu edo haien artean dabilela, tartean zenbait auzipetu, begira, haietako bat bera ere ezagutu gabe. Eta ondoren, Foruzaingoarekin nola joaten den taberna batera ustez gertaeratan parte hartu dutenen bila. Azkenik, akusazioen lekukoek eta salatzaileek beraiek egindako deskripzioa baliogabetzen dute, sarjentuaren atorra oinetakoen makina bat marka eta oin-marka zituela zioena. Izan ere, irudietan normal dagoen ator txuria ikusten da. Azken finean, irudiek festa giroko pertsona mozkorren arteko testu-inguruko gertaerak erakusten dituzte.
Gertaeren gaueko beste bideo bat ikusi da, ETB 1eko pilota partidukoa. Han argi ikusten da auzipetu baten janzkera beltz-iluna dela, salatzaileek euren deklarazioetan egindako deskripzioaren guztiz desberdina. Horrek, atzera ere, akusazioen kontakizuna zalantzan jartzen du.
Bestalde, bi medikuk peritu gisa deklaratu dute eta esan dute mediku-txostenetan jasotako zauriak ez direla bateragarriak 20-25 pertsonen eraso multiple batekin. Kontusio moduko zauri gehiago egon beharko lukete, larriagoak, eta gorputzaren atal desberdinetan. Esaterako, tenientearen lesioak (orkatila hautsia eta ezpainean mozketa txiki bat) eta ubeldura falta koherenteagoa da erasotzaile bakar batekin edo gutxirekin. Gainera, beste salatzaile batek hiru ubeldura aipatzen ditu, kolorazio desberdina dutenez, ondorioztatu dute egun desberdinetakoak direla. Azkenik, gertaeretan izandako lesio larrienaz, orkatila hausturari dagokionez, perituek adierazi dute ohiko lesioa dela eta haustura motagatik koherenteagoa dela bihurritze bat eta ondorengo erorketa bat izatea eta ez kolpe bortitz bat.
Altsasukoak aske herri-asanbladaren kronika:
Gaur Ahal Dugu, ERC eta EHA Bilduko diputatu eta senatariak etorri dira babesa eta elkartasuna adieraztera. Baita Sakana Lanbide Heziketa institutuko irakasleak ere.
Deklaratzen lehenak gaur, akusazioen psikologoak izan dira. Ondoren, Madrilgo osasun zerbitzu publikoko bi mediku izan dira, azken horiek defentsek deituta. Eta zalantzan jarri dituzte txostenaren ondorioak, batez ere talde erasoarena.
Gaur bizitako sentsazioa oso arraroa izan da, istilu bateko ondorioak halako auzitegi “berezi” eta ilunean epaitzea.
Hurrengo deklarazioa bi informatika peritu izan dira, defentsak deituta. Haiekin perituen deklarazioak bukatu dira.
Gaur dokumentu-probak aztertzea espero genuen. Baina ordu biak arte ez dira hasi. Onartutako bi bideoak ikusi dituzte: Adur pilota partidan agertzen dena eta Iñakik grabatutakoa. Zein bideo ikusiko ditugu telebistetan, akusazioek edo defentsek aurkeztutakoa?
Gaurko saioa despeditu da. Bihar arte. Euskarazko probak biharko utzi dituzte, itzultzen denbora izan dezaten.
Atzerapenak aurreikuspenak aldatu dituzte, eta epaileek erabakiak hartzen doaz, gainerako pertsonengan dituzten eraginak kontuan hartu gabe. Beraz, epaiketaren egutegia aldatuz doa. Momentuz badakigu ostiralean ez dela epaiketarik izanen. Uste dugu bi egunez luzatuko dela. Badirudi heldu den asteko osteguna eta ostirala izanen direla.
Madrildik animo eta besarkada handia
Muntaiarik ez!
Altsasukoak aske!