Duela bi urteko sanferminetan izandako talde bortxaketaren epaia gaur ezagutu da. Nafarroako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du bost gizonek 18 urteko emakumea inguratu, ezkaratza batera sartu, han paretaren kontra geldirik eutsi, sexu harremanak izatera behartu, ondoren lurrean botata utzi eta hari telefono mugikorra lapurtu ziotela, laguntza ez eskatzeko. Hori guztia sexu-erasoa ez, abusua izan dela eta 9 urteko espetxe zigorra ezarri zien epaimahaiak auzipetuei.
Epaia ezagutu bezain laster haserrea zabaldu da gizartean. Ez da abusua, bortxaketa da lelopean protestak egin dira gaur bertan, esaterako, Uharte Arakilen, Altsasun eta Ziordian. Bilgune Feministako kideek Altsasuko kontzentrazioan adierazi dute bilkura bera "sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa egiteko" dela. "Bortxaketa izan zela ez dugu zalantza jartzen. Erasotzaileek bai biolentzia bai beldurra erabili zituzten erasotua bortxatzeko. Hortaz, nahiz eta justizia instituzioek ez aitortu, guk sinisten dizugu!"
Epaitegiez eta sistemaz
Gertaerak "bortxaketa gisa ez aitortzea larritzat" jo dute Bilgune Feministako kideek. "Horrek argiki erakusten du, beste hainbatetan argiki gertatu den moduan, epaitegiak ez daudela emakumearen gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko eta, bai aldiz, sistemaren orden patriarkala eta misoginoa iraun arazteko".
Bilgune Feministatik salatu dute emakumezkoen kontrako eraso sexistak "eguneroko errealitatea direla gurean, indarkeria sistema kapitalista patriakal honek duen ezinbesteko tresna baita, jendartean dauden botere harremanak iraun arazteko".
Mugimendu feministak "ozen" salatu du epaia. "Eta baita, oro har, emakumezkoon kontrako biolentzia. Orain arte bezala segituko dugu borrokan eta autodefentsa feministaz emakumezkoak ahalduntzen". Adierazi dutenez, "hau ez da emakumezkoen arazoa soilik, arazo politikoa baita! Konpromiso politiko eta soziala beharrezkoak dira egiturazkoa den emakumezkoen kontrako biolentziari aurre egiteko. Bati eraso egiten diotenean guztioi erasotzen digute!"