Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresko industrialdean duen egoitzan Altsasuko auziko epaiketako azken saioa izan zen. Aurreneko astean auzipetutako zortzi altsasuarrak, bi guardia civilek, haien bikotekideek eta batzuen eta besteen lekukoek deklaratu zuten. Bigarren astean peritu edo adituen txanda izan zen, ostegunean fiskaltzaren eta akusazioen zigor eskaeren txandarekin despeditu zen epaiketa.
Aste bateko etenaren ondoren, zortzi auzipetuen defentsan ari diren sei abokatuetatik hiruk –Jokinen eta Ainararen abokatu Amaia Izkok, Oihanen abokatu Jaime Monterok eta Julenen abokatu Manuel Ollek– hitza hartu zuten atzo eta auzian ateratako ondorioak azaldu eta haiek defendatutako altsasuarrendako absoluzioa eskatu zuten; epaitutako gertakarietan parte hartu ez zutela argudiatu zuten. Beste hiru abokatuek, Jonanen, Adurrren eta Iñakiren abokatuek, gaur hartuko dute hitza, goizeko 10:00etan hasiko den saioan. Abokatuen ondoren auzipetuek hitza hartzeko aukera izan dezakete.
Akusazioaren esanak desmuntatzen
Amaia Izkok, Jaime Monterok eta Manuel Ollek akusazioek adierazitakoa desmuntatu zuten. Amaia Izkok gogora ekarri zuen terrorismo jihadistari aurre egiteko aldatu zutela Zigor Kodea PPk eta PSOEK, 2015ean eta Altsasuko auzia testuinguru horretatik erabat kanpo dagoela nabarmendu zuen. "Estatuaren zutarrien aurka eraso egin duen egitura antolaturik ez dago" argitu nahi izan zuen. Izkok bere egin zituen aurreko urtean Nafarroako Lurralde Auzitegiak erabilitako argudioak, eta gogora ekarri du Auzitegi Gorenak berak ekainean ez zuela ebatzi delitu larria egon zenik. Izkoren esanetan, Zigor Kodeko 573 artikulua "modu erabat irekian" soilik interpretatuz gero jo daitezke terroristatzat gertaerok, "zigor araua zuri balego bezala". Akusazioak istiluak izua eragin zuela argudiatu izanaren aurrean, Izkoren esanetan guardia civilek eta euren bikotekideek "beldurra edo izua sentitzeak ez du esan nahi biztanleria izutzea zela helburua".
Akusazioaren beste argudio bat Ospa mugimenduaren eta ETAren arteko lotura egitea izan da. Horren aurrean, Izkok argi utzi nahi izan zuen fiskaltzak ez zuela salaketarik aurkeztu Osparen aurka. Halaber, Guardia Civilaren txostenak Ospa mugimendua Alde Hemendik kanpainaren baitan kokatzea eta hori, aldi berean, ETAren estrategiaren baitan kokatzea "frogarik gabeko adierazpenak" dira horiek, Izkoren esanetan. Azaldu nahi izan zuenez, "mugimenduok ez dira terroristak eta Guardia Zibila, Espainiako Polizia edo Foruzaingoaren jarduerak salatzen dituzte, euren presentzia gehiegizkoa dela uste dutelako".
Abokatuak ere erasoa jasan zutenek euren kontakizuna "puztu" egin zutela aipatu zuen. "Jipoi basatia izan zela diote, baina euren lesioak arinak dira, eta ez dira asko. Ubeldurak, uzkurdurak, urratuak dituzte eta tenienteak orkatila hautsi zuen. Kanpoko edozein begiralek ez luke terrorismorik ikusiko" ondorioztatu zuen.
Akusazioak erasoa antolatua izan zela salatu du behin eta berriz, baina abokatuak hori ukatu eta erasoa "ustekabeko liskarra" izan zela ondorioztatu zuen. Horren adibide, adierazi du tenientea eta bikotea sarritan joaten zirela Koxkara eta gau horretan bertan bi orduz egon zirela.
Jaime Montero abokatuak gogora ekarri zuen Guardia Civilaren zuzendari Arsenio Fernandez de Mesak Foruzaingoari kendu egin ziela kasuaren instrukzioa, gertakariak jazo eta 24 ordura, "eta hor hasi ziren gertatutakoak Osparekin lotzen. Txostena kajoi batean zegoen eta azkar asko atera zuten". Bestalde, susmagarrien identifikazioa egiteko errondetan irregulartasun ugari egon zirela adierazi zuen, eta Oihanen itxuraren inguruan esandakoak ukatu zituen. "Akusaziokoek Oihan ile-horia dela diote, eta ez da horrela. Tenientearen bikoteak ere ez zuen Oihanen izena eman, nahiz eta bizilaguna izan, eta oso pertsona desberdina deskribatu zuen" azaldu zuen. Halaber, Guardia Civilak Osparen inguruan duen txostenean Oihanen izena ez zela agertzen nabarmendu zuen, nahiz eta bertan "ehunka pertsonen zerrenda egon". Bestalde, instrukzioan gertakariak jazotakoan zeuden lekuko garrantzitsuak ez zirela deitu gaineratu zuen, Paulette Vergararen kasua, tenientearen bikotearen laguna. Paulette auzipetuek deituta joan zela deklaratzera nabarmendu zuen.
Manuel Olle izan zen hitza hartzen azkena. Aurreko bi abokatuek azaldutakoarekin guztiz ados azaldu zen, eta akusazioak esandakoa desmuntatzen hasi zen hasieratik. Sarjentuak Julenen errekonozimenduaren inguruan "gezurra" esan zuela ondorioztatu zuen. "Akusatu guztiak gurutziltzatzeko ados jarri al ziren?" galdetu zuen abokatuak. Gertaeren ondoren hartutako bideoan sarjentuak duen jarrera "arraroa" izan zela nabarmendu zuen. "Koxkara joan eta lekukoen edo bertan zeudenen datuak hartu beharrean, Biltokira joan zen". Argi utzi zuen Koxka Julenen ohiko taberna dela eta, hortaz, "pertsona bat bere ohiko tabernara doanean, zein premeditazio egon daiteke?" nabarmendu zuen. Halaber, susmagarrien identifikazio erronden baliotasuna zalantzan jarri zuen eta argi eta garbi utzi zuen Julenek gertatutakoetan parte hartu izana ezin izan dutela egiaztatu.
Gurasoak: "bidegabea da"
Epaitegiaren egoitzaren parean elkartu ziren senideak eta lagunak. Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 537 egun egin dituzte preso eta txalo artean hartu zituzten furgonak. Gurasoek herenegun hartu zuten Madrilerako bidea, “guztia era justuan despedituko denaren itxaropenarekin”. Hala adierazi zuen Bel Pozuetak. Aldi berean, espero dute “argi gelditzea gure seme-alabekin, prozesu honekin guztiarekin pasatzen ari dena bidegabea dela, muntaia handia”. Gaineratu zutenez, “itxaroten segituko dugu, ea zortea dugun”.
Herriak eta jendeak emandako indarra handia izan dela aipatu dute. “Prozesu honetako gauzarik garrantzitsuenetako bat elkartasuna izan da. Gurasoen aldetik, eskerrik asko”. Antton Ramirez de Aldak azaldu zuenez, “fase hau bukatzen da, gure herriaz harro sentitzen gara. Egin dugun borrokaz harro gaude. Epaiaren zain gaude, baina borroka honen emaitzak agerian daude. Borrokak merezi izan du, mila-mila esker”.