Altsasuko Gurasoen kronika:
Ostegun eta ostiraleko saioetan defentsako abokatuek epaileei euren ondorioak azaldu zizkieten. Eta lau ardatzen inguruan argudio ugari aletu zituzten: terrorismo delituen kalifikazioa, gertaeren izaera, aurkeztutako probak eta egiletzak. Argudio horiek guztiek gertaeren terrorismo kalifikazioa eta gertaerak lintxamendu jendetsu eta gogorra izanaren argudio guztiak bertan behera utzi zituzten, eta azaldu ziren gertaera bortitz horietan auzipetuen parte hartzea ere ez dagoela probatuta.
2016ko lastailaren 15eko goizaldean gertatutakoak terrorismo gisa kalifikatzearen inguruan, defentsek 2015ean Zigor Kodean egindako erreforma gogorarazi zuten. Han terrorismo zigor tipoaren definizioa moldatu zen, legearen argudioen arrazoietan jasotzen denez, otso bakartien eta yihadismoaren fenomenoei erantzuteko. Gainera, terrorismo kalifikazioak bi baldintza behar ditu, kasu honetan ez direnak betetzen: delituak larriak izatea, hau da, 5 urteko baino gehiagoko espetxe zigorra izatea eta konstituzio ordena iraultzea, bake publikoa hondatzea eta herritarren zati bat ikaratzea helburu izatea.
Aurreneko baldintzari dagokionez, akusazioek delituaren larritasunaz interpretazio orokor bat erabiltzen saiatu ziren. Defentsek gogorarazi zuten horrek zehaztasun printzipioa, hau da, zigor tipoaren zehaztapena urratuko lukeen legearen erabilera estentsiboa ekarriko lukeela. Baita konstituzioan eta Europako arautegian onartutako legalitate oinarrizko printzipioak ere urratuko lituzkeela. Akusazioek delitu larriaren baldintza saihesteko egindako eraikuntza salatu zuten defentsek. Eta lege-argudio ugari eman zituzten baldintza horren interpretazioa ezin dela orokorra izan azaltzeko, araudiari lotutakoa izan behar duela eta, beraz, Zigor Kodean jasotakoari lotu behar zaiola.
Hala egiten dute kasu honekin lotuta, besteak beste, Nafarroako Lurralde Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak. Horren arabera, gertakariei egozten zaizkien lesioen, autoritatearen kontrako atentatuaren, mehatxuen eta desordena publikoen delituen bat bera ere ez dira larriak, 5 urte baino gutxiago espetxe zigorrak dituztelako. Ez betetze horrek berez ekarri beharko luke terrorismo kalifikazioa ez onartzea.
Defentsek bigarren baldintzaz ere aritu ziren. Gogorarazi zutenez, konstituzio ordena iraultzeko, bake publikoa hondatzeko eta herritarren zati bat ikaratzeko helburuz egindakoak oso gertaera larriak izan behar dutela jasotzen da jurisprudentzian, esaterako, estatu demokratikoa eta bere erakundeak indarkeriaz suntsitzea, nazioarteko zuzentarauetan terrorismo delitua gertakari larriagoei bideratua baitago. Epaitutako gertakarietan halako helbururik ez zegoela eta, gainera, auzipetuek eta egoerak (festa-giroa, mozkorkeria…) helburu horiek lortzeko gaitasunik ez zutela gaineratu zuten.
Bigarren ardatza
Gertaeren izaerari dagokionez, defentsek salatu zuten hasieratik gertaerak puzten saiatu direla terrorismo zigor-tipoan sartu ahal izateko. Bereziki bortitza izan zen eraso jendetsu gisa aurkezten saiatu dira, aurretik pentsatua, antolatua eta planifikatua. Azaldu zuten ez dagoela inolako probarik erasoa prestatzeko auzipetuen artean telefono deirik edo mezurik izan zenik. Planifikazio beste zantzurik ez dago. Azkenik proba gisa onartu zen auzipetuetako batek grabatutako bideoan fiskaltzak aurkeztu nahi duen guztiz bestelako giroa ikus daiteke, oihurik, mehatxurik eta Guardia Civilaren kontrako gorroto lelorik gabea. Epaitutako gertakarien ondorengoak ikus daitezkeen bideo horretan salatzaileetako bat parte-hartzaileak identifikatzeko ahaleginetan ikusten da; hiru auzipetuetako ikusten ditu eta ez ditu ezagutzen. Ikus daitekeenez gertaerak bat datoz festa giroan edandako pertsonek izandako ezusteko eta ustekabeko liskarrarekin.
Bideo horren benetakotasuna zalantzan jartzen saiatu dira, auzibidera azken momentuan aurkeztu delako eta manipulatua egon zitekeelako. Horren aurrean jakinarazi behar dugu bideoa epaitegian 2017ko ilbeltzean aurkeztu zela. Lamela epaileak atzera bota zuen instrukzio fasean, eta egungo epaileek ere gauza bera egin zutela kalifikazio fasean. Defentsen ekiteak eta lan onak lortu du hura proba gisa onartzea. Proba onartua den unean eta akusazioek ustezko manipulazioaren adituen txostena aurkezten ez dutenean, ezin da zalantzarik izan eta alde guztiek prozeduran onartzen dute hura benetakoa dela.
Bestalde, salatzaileek deklaratutakoaren kontra 15 pertsonek diote taberna barruan ez zela inolako ekintza bortitzik, ostikorik, ukabilkadarik, erasorik izan. Isunen kontura izandako eztabaida eta bulkadak batzuk izan ezik. Larrialdietako medikuen txostenak eta adituen txostenak aipatuz defentsek adierazi zuten lesioak arintzat jo zituztela, eta ez zirela, ugariak lintxamendu bortitz jendetsu batean gertatuko zen moduan.
Hirugarren ardatza
Aurkeztutako proben baliagarritasunari eta haien gaitasun frogagarriari dagokionez, defentsek diote auzipetuei errua egotziko dien inolako proba objektiborik ez dagoela, soilik lau akusatzaileen deklarazioak. Aitzitik, elementuek, probek eta 15 lekukok ukatu egiten dute zortzi auzipetuek leporatzen zaizkien jardun bortitzetan parte hartu zutenik eta salatzaileen kontakizunaren benetakotasuna zalantzan jartzen dutela. Errugabetasun-presuntzioaren ataria pasatzeko bertsioen alderatzean lekukotzen eta inguruko elementuen iraunkortasuna eskatzen da. Kasu honetan defentsek salatzaileen kontraesanak agerian utzi zituzten eta salatzaileen deklarazioen artean desberdintasunak daudela agerian utzi zituzten, bai epaiketan bai beste datetan egindako deklarazioetan ere; ustezko erasoen deskripzioan eta mediku-agirietan jasotako lesioak bat ez etortzea. Ez dago periferiako elementurik ere.
Defentsek agerian utzi zuten ez zela nahikoa ikertu eta ez zirela proba zuzen eta objektiboak aurkeztu, gauza larria mende erdiko espetxe zigor eskaerak tartean daudenean. Defentsek salatu zuten akusazioek ez zietela telefonia konpainiei deien trafiko informaziorik eskatu (defentsen ekarpena izan da), auzipetuen kokapena zehazteko ez zutela telefono mugikorren geolokalizaziorik ikertu, gertakariak ikusi zituzten lekukoak lekukotza emateko ez zutela eskatu eta kaltetuak izan ziren lau pertsonek instrukzioaren hasieran identifikatu zituztela.
Gertakariak Ospa mugimenduarekin, Alde Hemendik aldarrikapena eta ETA erakundea lotzeko Guardia Civilak egindako inteligentzia aditu-probari dagokionez, defentsek zalantzan jarri zuten txosten horren aditu izaera. Horretarako, bi gauzatan oinarritu ziren: jurisprudentzian eta aipatutako txostenean, non adierazten den jasotako dokumentuen interpretazioa egiteko epaileak nahikoa zirela, ez zela aparteko zientzia edo lan-gaitasunik behar. Gainera, txosten hori egiteko metodologia zalantzan jarri zuten, ez-osoa, bideratua eta partziala izateagatik. Etxea teilatutik eraiki dela salatu zuten, lehenik ondorioak eta susmagarri batzuk zehaztuz eta, ondoren, helburu horretarako neurriko jantzia eginez, horretarako, soilik euren tesia indartuko duten dokumentuak aurkeztuz eta zalantzan jartzen dutenak baztertuz. Inteligentzia txostena Guardia Civilaren alderdikeriaren erakusgarritzat hartu zuten, alde eta epaile izan dena, ikerketa korporatiboki mesede egiteko joerarekin egin da. Gainera, defentsek protesta egin zuten haren kontrako aditu-proba egiterik ez zaielako utzi.
Inteligentzia txostenaren tesi nagusia da ustezko erasoa ETAk erabakitako estrategian kokatzen dela, Alde Hemendik aldarrikapena gizarteak bultzatu baino 16 urte lehenago hartua, eta Altsasun 2012tik Ospa mugimenduak garatzen duena. Defentsek adierazi zutenez, tesi hori janzten duten dokumentuak zaharrak dira eta Auzitegi Gorenaren epaiek ezarri dutela garaiz kanpoko dokumentuak gertakariekin lotzea proba gisa ez dela baliagarriak. Gainera, “Alde Hemendik gida-liburuak” ez du egiletzarik, 1998. eta 2000. urteen artean datatua, inondik ez dira ageri benetakoa dela eta lege prozedura baten barruan lortu dela erakutsiko lukeen polizia edo epaitegi zigilurik. Bestalde, defentsek agerian utzi zuten Ospa mugimenduak antolatutako jarduerak festa giro aldarrikatzailean egin zirela, tenienteak aitortu bezala. Antolatutakoak delitua ziren zehazteko Auzitegi Nazionalean eta Nafarroako Lurralde Auzitegian abiatutako prozedura guztiak artxibatu zituen.
Azken ardatza
Gertaeren egiletzari dagokionez, azaldutako jarduera bortitzetan zortzi auzipetuak parte hartu zutela ez da objektiboki erakutsi. Alderantziz, auzipetuei errua kentzen dieten lekukoak eta dokumentuak aurkeztu dira. 15 lekukoak, haietako batzuk salatzaileenak, zortzi auzipetuen parte hartzea ukatu dute. Auzipetu batzuen identifikazioa eta salatzaileen kontakizuna zalantzan jartzen duten proba grafikoak aurkeztu dira (argazkiak eta bideoak). Zehazki, salatzaileek zehaztutakoarekin bat ez datorren eta guztiz desberdina den janzkera baten argazkiak eta bideoa erakutsi ziren. Ustezko erasoaren ondoren gertatutakoa jasotzen den bideoan ikusten da salatzaileetako batek, sarjentuak, liskarrean parte hartu zutenak bilatzen ari zenean haien ondotik pasatzean eta haiek ikusita hiru auzipetu identifikatzeko gai ez dela ikusten da.
Antzemateak zalantzan jarri eta haietan izandako irregulartasunak salatu dira, jurisprudentziak ezarritako fidagarritasun baldintza eta bermeekin eta kutsadura faltarekin egin ez zirelako. Esaterako, nabarmentzekoa da salatzaileetako batzuk gai ez izatea auzipetuak duela hilabete batzuetako argazkietan ez ezagutzea baina duela bost urteko karteneko argazkian bai. Defentsen iritziz instrukzio prozeduraz aparte aurre prestaketa izan zela susmatu daiteke. Gainera, auzipetuetako batzuk izen-abizenez ezagutzen zituzten salatzaileek eta, hala eta guztiz ere, salatzaileek euren aurreko lekukotzetan ez dituzte identifikatzen.
Azkenik, defentsek azaldu zuten akusazioek ez ziotela auzipetu bakoitzari gertakari zehatzik egotzi.