"Terrorismo kalifikazioa desmuntatuta gelditu da"

Guaixe 2018ko mai. 10a, 19:41

Gurasoak atzo emandako prentsaurrekoan.

Altsasuko Gurasoak ondorio horretara iritsi da 11 auzi-saioko epaiketaren ondoren. "Desitxuratutako kontakizuna goitik behera eraitsi duten frogak aurkeztu ahal izan ditugu, baina ebazpenaren beldur gara".

Altsasuko auziaren epaia hilabete eta erdi edo bi hilabete barru espero da. Bitartean, pasa den ostiralean despeditu zen epaiketaren balorazioa egin zuen Altsasu Gurasoak taldeak atzo. Argi azaldu zuten auzitegian ikusi eta entzundakoak sortu dien sentipena: "aurkeztutako probak direla eta, eta legeak agintzen dituen baldintzak bete ez direla eta, terrorismo delituaren kalifikazioa desmuntatuta geratzen dela esan dezakegu, Nafarroako Entzutegi Probintzialak, 2017ko martxoko bere autoan zehatz-mehatz argudiatu zuen bezala".

Epaileen ebazpenak "justizia egitea eta gure seme-alabek beren etorkizuna lasaitasunez berreskuratu ahal izatea eta egoera ilun hau gainditzea" espero dutela gaineratu zuten. Epaiketaren garapenarekin "kontent" zeudela adierazi zuten: "desitxuratutako kontakizuna goitik behera eraitsi duten frogak aurkeztu ahal izan ditugulako, baina ebazpenaren beldur gara".

Beldurra "epaimahaiak presioak izango ditu, neurriz kanpoko zigorren eskaerarekin zigor handiak nahi dituztelako, erabat neurrigabeak halako kasuendako, gehienez ere zigor txikiekin eta kalte ordainekin konpontzen baitira".

Epaiketaz
Gurasoen iritziz, "garbi geratu da terrorismo-delituarekin bat egiteko gertaerak handitzeko asmoa zegoela". Epaiketan aurkeztutako hainbat probetan oinarritu dira hori esateko. Aldi berean epaiketan  "salatzaileen deklarazioetan irregulartasun eta kontraesan ugari" izan direla nabarmendu dute.

Gurasoen iritziz, "uste dugu ez genuela gogoratu beharko, baina errugabetasun-presuntzioa da  pertsona guztien funtsezko eskubidea eta akusazioak dira auzipetutakoen erruduntasuna frogatu behar dutenak". Nabarmendu zutenez, "prozesu hau aurrera joan ahala, aukera izan dugu ikusteko Guardia Civila epaile eta parte izan dela; salatzaileak izan dira, akusazioa, ikerlariak, instruktoreak eta perituak.

Azkenik hedabideetako profesionalei informazioaren deontologia kodearekiko "begirunea" eskatu diete. Hura "errespetatuz, egiazko informazioa zabalduko da eta herritarrek ondorioak aterako dituzte".

Amnesty International
Esteban Beltran zuzendariak aurreratu bezala, zortzi gazteen kontrako prozesuaren zilegitasuna auzitan jarri zuen Amnesty Internationalek eta, horregatik, Altsasuko auziko saioetara bi begirale bidali zituen. Hura despedituta Beltranen ondorioa da  2016ko lastailaren 16ko goizaldean gertatutakoa ez dela terrorismoa. "Gertaera larriak dira eta erasotuek justizia merezi dute, baina ez da terrorismoa". Hala azaldu zion www.eldiario.es-i.

Amnesty Internationalen arabera epaitutako gertaeretan Nazio Batuen Erakundeak edozein gertakari terrorismotzat hartzeko ezartzen dituen hiru baldintzak ez dira betetzen: “heriotza edo min fisiko larriak eragiteko nahia izatea, herritarrak ikaratzea, edo gobernu edo nazioarteko erakunde bat zerbait egitera behartzea”. Beltranek gaineratu zuenez, "gertatutakoak inoiz ez zen terrorismotzat jo behar". Espainia "terrorismo kontzeptua neurririk gabe zabaltzen duen legedia aplikatzen ari delako" kezka azaldu zuen.

Auzipetuetako hiruk behin behineko espetxealdian 544 egun egoteak ere arduratu zuen Beltran. Haren iritziz halako neurriak "ohi kanpokoak" izan beharko lukete. Eta aurreratu zuen epaia argitaratu zain daudela, "epaiketa zein bermerekin egin den eta zigorrak badaude haien proportzionaltasuna baloratzeko".


Deialdia
Justizia eskatzeko Bilkura eginen da Iruñean maiatzaren 25ean, 12:00etan, Nafarroako Parlamentu parean.

Datuak
• 544 egun preso 3 gazte.
• 286.806 km kartzelara.
• 69.200 euro bidaietan.