Aurrekontua % 11,64 hazi da

Guaixe 2018ko mai. 11a, 09:48

Jendea zumalakarregi plazan.

Altsasun aurten eginen diren Isidoro Melero eta Ermita kaleetako kaleekin batera, Bakea eta Amaia kalekoak egiteko lehen pausoak jasotzen ditu udal aurrekontuak. Aldi berean 6 udaltzainen eta udal arkitektoarendako lan-sariak ere jaso dira.

Altsasuko Udalak 7.651.027,09 euro kudeatuko ditu aurten, joan den urtean baino 798.135,26 euro gehiago. Aurrekontuaren barruan daude Aita Barandiaran adinduen egoitzako (213.766,88 euro) eta Udal Musika eta Dantza Eskolako (102.358,13) aurrekontuak ere. Udalaren kontuen aldeko botoa Geroa Baik eta PSNk eman zuten. EH bildu eta UPN abstenitu egin ziren eta Goazen Altsasuk kontrako botoa eman zuen.

Diru sarrerei dagokienez, Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zuen udal tasen % 1,5eko hazkundean jasoko den diruarekin eta udalak egindako ekarpenarekin 20.000 euro jasoko direla, parte hartze aurrekontuetara bideratuko direnak. Bestetik, Nafar Lasareren 38.430 euroko diru laguntzak zortzi langabetu kontratatzeko aukera izanen du udalak. Nafarroako Kutxa fundazioak, bestalde, 9.000 euro eman dizkio udalari Emakumea eta Berdintasuna arloko ekimenak egiteko. Bestetik, udalak baso aprobetxamendua saldu eta 40.000 euroko sarrerak izatea espero du.

Inbertsioak
Altsasuko Udalak aurten inbertsioetara 797.940 euro bideratu ditu. Diru puska handiena, 369.483 euro, suhiltzaileen parkearen ondoan dagoen UE-3 unitatearen hirigintza garapena izanen da. Egungo hirigintza planari segituz eginen da, lurjabeen kontura izanen den kooperazio sistemarekin. Bestalde, hirigintza plan berria egiteko 245.000 euro daude. Kopuru horren % 80 diru-laguntzarekin pagatzea espero da.

Amaia eta Bakea kaleetako sareak eta zoladura konpontzeko lanak egiteko proiektuak idazteko 10.642,9 eta 7.204 euro bideratuko ditu udalak. Toki Azpiegitura Planean 2019rako jasotako lan horiek 508.934,23 euroko aurrekontua dute. Lanen barruan sartzen da Zumalakarregi plazaren mendebaldea, baina gainontzekoa ez. Udalak zorua berrituko du. Bestalde, Isidoro Melero eta Ermita kaleetako argiteriaren zati bat, sareak eta zoladura konpontzeko lanak udazkenean hasiko dira eta 829.858,7 euroko aurrekontua dute eta gobernuak bi heren inguru pagatuko ditu. Aurten da jartzekoa igogailua ere udaletxean. Horrekin batera, komunak pertsona guztiendako irisgarria bihurtzeko lanak eginen dira.

Udaltzaingoa
Udalak ahalegin berezia egin du aurtengo aurrekontuan zerbitzu hori langilez behar bezala   ornitzeko. Udalak dagoeneko udaltzain bat kontratatzeko deialdia egin du. 2014an gobernuaren bidez egindako hiru lanposturen deialdiak aurrera egin dezake, eta joan den urtean jubilatutako bi udaltzainen ordezkapena ere bai. Horregatik, sei lanpostu horiendako gutxienez urte erdiko ordainketak egiteko adina diru gorde da. Aldi berean, udalak onartu du Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena egitea eta, aldi baterako, Foruzaingoak Udaltzaingoaren funtzio batzuk bereganatzea.

Sakanako Mankomunitatea
Altsasuko Udalak ibarreko erakundearen zenbait zerbitzuri joan den urtean baino diru ekarpen handiagoa egin behar die. Mank-en aurrekontuetan jasotakoa pagatuko du udalak, baina ekarpena handitu den zerbitzuen kasuan kontu-hartzaileak igoera behar bezala justifikatuta dagoela argitu ondoren eginen da. Aldi berean, Altsasuko Udalak Mank-i emandako diruaren justifikazioa dagokion txostenarekin argitzeko eskatuko dio.

Bestelakoak
Alkateak azaldu zuenez, "orokorrean udaleko sail guztietan aurrekontu igoera izan da". Esaterako, Ongizate Batzordearen aurrekontuan berritasuna haur eskolako jangela da, zeinetara 8.835 euro bideratzen diren. Udal zerbitzu horretara 31.600 euro bideratu dira. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen mankomunitateari 208.443,73 euro emanen dizkio, joan den urtean baino gutxiago, gehiegi ordaintzeagatik. Kirol Batzordean, berriz, diru-laguntzetarako eta udal kirol eskolen kudeaketa egiten duten kirol taldeen hitzarmenetarako diru gehiago izanen da. Horietan estreinakoz igeriketa eskolaren hitzarmena jaso da.

Udalak ur ihesak edo kontrolatu gabeko kontsumoak dauden jakin nahi du eta, horregatik, Sakanako Mankomunitatearen  kontagailuetan bi zunda jarriko ditu, momentuan dauden kontsumoak ezagutu eta azterketa egiteko. Horretarako 4.500 euro daude. Bestalde, Zelandi eskolan Led bidezko argiztapena jarriko da, % 65eko laguntza izanen duena.


Aurrekontuko beste diru sail batzuk
Udal bilkurak zuzenean
www.altsasu.eus web orriaren bidez udal bilkurak zuzenean ikusteko aukera izanen da bideo akta digital programari esker. Web orrian ere biltegiratuko da ere. 1.210 euro bideratu dira horretarako.
Arkitektoa

• Altsasuko Udalak arkitekto postua plantilla organikoan sartzea erabaki du, orain arteko asistentzia kontratua baztertuz. Arkitekto lanpostuari egonkortasuna eman eta Hirigintza Batzordea hobe antolatu nahi dute horrela.

Kultura batzordea
• Bere jardueretarako 67.000 euro daude, 10.100 euro gehiago. Horren zati bat antzerki tailerrarena da, eta bestea hezkidetza programari dagokio. Euskarazko jardueren antolaketarako eta kultur taldeendako 20.000 euroko diru-laguntza dago, % 56,25 gehiago.

Beste inbertsioak
Etxegabeen aterpe berriko lanak egiteko: 50.000
Lanen talderako kamioi berria erosteko: 36.500
Foru plazako eskulturaren zaharberritzea: 16.000
Gazte guneko ekipamendua: 10.666
Gazte guneko musika entseguen lokalak intsonorizatzea: 7.466,28
Ferietarako standak erostea (urtero): 10.000
Irabazi asmorik gabeko erakundeendako: 5.000
Kiroldegiko argiteria:     4.077
Gizarte kooperaziorako proiektuetarako:4.000
Desfibriladorea: 3.500
DYArekin hitzarmena: 3.500
Nazioarteko larrialdi egoeretarako: 1.000