Hizketan

"Izaera politiko argia duen epaiketa bizi berri dugu"

Guaixe 2018ko mai. 14a, 20:38

Altsasuko auziagatik hiru gaztek 547 egun, urte eta erdi, preso daramatenean, 2016ko azaroaren 14ko atxiloketa eguna gogorarazteko kontzentrazioa egin dute 300 bat pertsonak. Plataformak epaiketari buruzko bere balorazioa egin du eta auzia bera salatu du atzera ere.

Altsasukoak aske herri asanbladak 300 bat pertsona elkartu ditu gaur egindako kontzentrazioan. Hileko 14. egun guztietan egiten duen moduan, eta Altsasuko auziko atxiloketak gogoratzeko. Haietako hiru “preso mantentzeko dituzten arrazoiak hedabide-, politika-, polizia eta epaitegi-muntaia bati dagozkiola” uste dute kontzentrazioko antolatzaileek, “gezur nabarmenak bertsio ofizial bihurtu dituzte. Izaera politiko argia duen epaiketa bizi berri dugu. Gertatutakoa argitzeko asmoa hutsaren hurrengoa izan da”.

Protestaldia epaiketa despeditu ondoren egin da eta hartan izandako irregulartasunak eta kontraesanak nabarmendu eta zerrendatu dituzte Altsasukoak askeko kideek: “esan gabeko eta sinatu gabeko esaldiak jasotzen dituen atestatua; parte hartze zalapartatsu eta masibo ezinezkoa; tokiagatik fisikoki ezinezkoa den zenbait metroko “heriotzaren tunela”; jipoi bat jasan ondoren garbi-garbi dagoen alkandora; tabernan ez zeuden gazteei errua egozteko egoskorkeria; salatzaileen bertsioa guztiz eraisten duen bideoa, zeinetan hiru auzipetu ikusten diren eta ez diren inondik inora ere ezein liskarretako parte-hartzaile gisa identifikatzen; salaketak jaso baino 8 ordu lehenago aurkeztutako Ospa mugimenduaren inguruko 25 orriko txostena, , ordurako pertsona auzipetuak identifikatzen zituena; irregulartasunak identifikazio saioetan, zenbait pertsona seinalatzeko asmo argiarekin; baita oraindik ukatutako probak ere, suhiltzaileen atestatua esaterako. Hori guztia gutxi balitz, prozesu honetan Guardia Civila epaile eta parte izan dela egiaztatu da. Salatzaile izan dira, akusatzaile, ikertzaile, instruktore eta inteligentzia peritu”.

Horrek guztiak zentzurik ez duela eta “zinezko lege-irregulartasuna” dela salatu dute. Altsasukoak askeko kideen iritziz, “gure lagunen bidez, mendeku eta zigor asmo argia dago. Honek guztiak, gazteriaren kriminalizazioa eta guztiz zilegi diren aldarrikapenak isilaraztea bilatzen duen dinamika bati erantzuten dio”. Ziurtatu dutenez, pertsonen jarraipenak eta isunek segida dute.

Iruñean izandako manifestazio ere gogora ekarri dute: “14rik jendetsuena eta historikoena Nafarroaren bizitzan”. Hala ere, lanean segitzeko deia egin zuten, “beldurrera eta isiltasunera kondenatu nahi bagaituzte ere”. Euren asmoa zein den azaldu dute: “indarrak batu eta gizarte eskubideen eta askatasunen alde elkartzea. Guztion artean zentzuzkoa dena indartzea lortuko dugu”. Horretarako “zuhurtziaz” ariko direla gaztigatu dute.