Parte hartze aurrekontuetan lau proiektu aukeran

Guaixe 2018ko mai. 18a, 09:36
PArte hartze aurrekontuetan botoa eman nahi duenak udaletxean du aukera.

Botoa maiatzaren 16tik 30era www.altsasu.eus, udaletxean, 09:00etatik 14:00etara, Iortia kultur gunean, 16:00etatik 20:00etara, eman daiteke.

Estreinakoz Altsasuko Udalak bere aurrekontuan diru-sail bat utzi du herritarrek harekin zer egin erabakitzeko. 20.000 euroko inbertsioa da altsasuarren botoen bidez erabakiko dena. 18 proposamen jaso zituen udalak eta haietatik lau aukeratu ditu. Haien artean aukeratu beharko dute altsasuarrek.

Dantzalekuko tenis pista hobetzea proposatu dute, edozeinek tenisean jokatzeko aukera izan dezan. Zelaiaren marrak margotu eta hura hesiekin inguratuko litzateke.

Haurren jolas parkeetako bat estaltzea da beste proposamenetako bat. "Altsasun urteko hainbat hilabetetan dugun eguraldia kontutan izanda, herrian dugun parke bat estaltzea proposatzen da, eguraldia edozein izanda ere haurrak eta gurasoak eroso egoteko".

Kaleetako animalien gorozkiak jaso eta uzteko edukiontziak jartzea. Proposamen horren oinarrian Altsasuko kaleetan animalien gorozkiek eragiten duten ondoeza dago. Arazo horri aurre egiteko herriko hainbat kaletan animalien gorozkiak uzteko edukiontziak jartzea proposatzen da. Edukiontzi horiek animalien gorozkiak jasotzeko poltsak izanen lituzkete.

Finkoa ez den karpa bat erostea. Altsasuko Udalak finkoa ez den karpa bat erosiko luke, ekitaldi berezietan erabiltzeko eta eguraldia lagun ez denean ekitaldiak karpan egiteko.

Parte hartze aurrekontuetan 16 urte edo gehiagoko altsasuarrek eman dezakete izena. Iortian eta udaletxean botoa ematen dutenek hiru aukerei eman diezaiekete botoa; gogokoenari 3, eta gero 2 eta 1. Web bidezko botazioan gogokoenaren alde egin daiteke bakarrik.