Sunsundeguik lehiakortasunean eta eraginkortasunean inbertituko du

Guaixe 2018ko mai. 25a, 10:37

Bost milioi euroko inbertsioarekin egungo azpiegiturak hobetu, pintura eta txapa pabiloi berriak eta biltegia handituko ditu eta lantegiaren antolaketa hobetuko du

Sunsundeguik Altsasuko lantokian 5 milioi euroko inbertsioa egin behar du eta Nafarroako Gobernuak interes foralekoa izendatu zuen martxoaren 7an. Horren ondorioz tramitazio guztietan epeak murriztuko dira. Horren zergatia azaltzeko Manu Aierdi, Ekonomia Garapenerako kontseilaria eta lehendakari-ordea, Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Garapenerako Batzordean izan zen asteartean.

Enpresak bere lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak eginen dituela azaldu zuen Aierdik. Sunsundeguik, alde batetik, autobusak egiteko prozesuaren kalitatea hobetu eta ekoizpen eraginkorragoa egiteko obra-ingeniaritza ikerketa. “Hau da, lantegiaren antolaketa nola hobetu”. Bestetik, egungo eraikinak moldatu eta egokituko dituzte. Baita berriak jaso ere: pintura eta txaparako pabiloi berriak, biltegia handitzea eta langileen autoendako aparkalekua. Horiekin enpresak ekoizpen denbora eta prozesuaren eraginkortasunean hobetu eta, hala, produktibitatea bikoiztu nahi du. Lanak egiteko dagoeneko udalaren baimena badu enpresak. Azkenik, argindar azpiegitura eta instalazioa egokituko, moldatuko eta potentziatuko du Sunsundeguik. Horrekin konponbidea emanen dio segurtasunari, jarraipenari eta negozio arazoei, eraginkortasuna hobetuz.

Aierdik esan zuenez, “Sunsundeguik azpiegitura zaharkituak, produktua eta merkatua zituen. Ekoizpen inbertsioetan aspaldi bultzada honen premia zuen. Izan zuen finantza egoera zailak ez zion halakorik egiten uzten. Azkenean iritsi da unea”. Kontseilariak esan zuenez, inbertsioaren eraginez “lantegiaren ekoizpen gaitasuna handituko da. Gainezka egitetik gertu zegoen. Bestetik, eraginkortasuna handitzea. Enpresarendako ezinbestekoa da autobus bakoitzeko finantza gastuen aurreko irabazi gordina handitzea. Baliabideak sortu beharra du. Horrekin batera, ekoizpen malgutasuna. 130 lanpostu sortzea enpresan bertan eta eskualdean ere”.

Enpresaz
Volvo enpresako txasiak karrozatzen ditu autobusak sortzeko. Luxu handiko autobusak ere ekoizten dituzte. Trenak aldian behin ere. Estatuaz aparte, Europa, Asia eta Afrikako 16 herrialdeetara esportatzen ditu autobusak Sunsundeguik.

Erlazionatuak