Estrasburgon badute Altsasuko auziaren berri

Guaixe 2018ko mai. 29a, 20:53

Edurne Goikoetxea Estrasburgon azalpenak ematen. Argazkia:@Altsasukoakaske

Europako Parlamentuko hiru taldek gonbidatuta Altsasuko Gurasoak taldeko bi kidek auziari buruzko argibideak eman zituzten.

Altsasuko Gurasoak taldearen ordezkari Bel Pozuetak eta Edurne Goikoetxeak gaur despeditu dute Estrasburgeko bi eguneko egonaldia. Altsasuko auziaren berri eman dute egonaldi horretan. Gaur, Berdeak/Europako Aliantza Askea (ERC, Compromis, ICV), Europaren aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantza (UPYD, Ciudadanos, EAJ eta PDCAT ) eta Europako Ezker Batuaren Talde Konfederala (Izquierda Plural, Ahal Dugu eta EH Bildu) taldeek antolatutako topaketa batean parte hartuko dute: Europar Batasunean oinarrizko eskubideak defendatzen: Espainiako kasua. Altsasuarrekin batera, Kataluniako preso politikoen senideak eta Valtonyc rap kantariaren babes taldeko kideek hartu dute hitza.

Konferentzia horretan Goikoetxeak auzipetutakoen egoeraren berri eman du. Bere esanak Jokinen eta Ainararen abokatu den Amaia Izkoren azalpen bideoarekin lagundu du. Izkok epaiketa prozesuko irregulartasunak salatu ditu, eta terrorismo kalifikazioaren eta haren erabilera hedagarria izan ditu hizpide. Altsasuko auziko azalpenak Iñaki Abadek grabatu eta epaiketan proba gisa onartu zen bideoarekin segitu du. Bideoan azpi-idatziekin eman da eta ikusten zenari buruzko xehetasunak eman ditu Goikoetxeak. Bertsio ofizialaren kontraesanak eta gezurrak agerian gelditzen direla eta harridura eta haserrea sortu du emanaldiak.

Horren aurretik, konferentzian aritu behar zirenek prentsaurrekoa eman dute. Espainiako eta Europako hedabideen aurrean Altsasuko auziaren urte eta erdiko gakoak azaldu ditu Isabel Pozuetak. Hedabideei auziari buruzko txostena eman diete, gaztelaniaz eta ingelesez.

Bilera
Bi altsasuarrek Europako Ezker Batuaren Talde Konfederaleko ordezkaritza zabalarekin bilera izan zuen astelehenean. Altsasuko auziaren xehetasunak eman eta “bizitzea tokatu zaigun auzibide gaitzesgarria azalduz, aurre egiten diogun atzerakada demokratikoa salatu genuen”. Horrekin batera, “epai-salbuespen egoera mantendu nahi duen interes politikoa” dagoela nabarmendu zuten eta salatu zutenez, “mendeku-kutsua duen sufrimendura zigortu nahi dituzte gure seme-alabak eta senideak ”.

Auziaren hasieratik “sentitzen dugun neurrigabetasuna eta sufritzen dugun epai-berme falta” salatu zituzten. Eta Europak auziari jarraipena egitea eskatu zuen. “Badakigu epaia zigor-kondena bada eta zigorrak handiak badira auzibideak Estrasburgon bukatuko duela, eta han arrazoia emanen digute. Baina, ordurako, gure seme-alabak euren gazteria espetxean pasata izanen dute eta euren etorkizunerako konponezinak diren ondorioak izanen dira”. Alemaniako euro-parlamentari batek, Cornelia Ernest (Die Linke) auzia Europako Parlamentuko Askatasunak, Justizia eta Barne Gaiak Batzordera eramatea proposatu zuen eta taldeak aho batez onartu zuen.

Iruñea
Gurasoek deituta justizia eske kontzentrazioa egin zen Nafarroako Parlamentuaren parean pasa den ostiralean. 300 bat pertsonak bat egin zuten deialdiarekin. Epaiketaren ondorengo “ziurgabetasun egun hauetan gure egoera gogorarazi beharrean gaude”. Urte eta erdi mobilizazioekin, justizia eskatzen, jendearendako garbi dagoena boterearendako ez dela ikustea, “urte eta erdiko jipoia daramagu, gure seme-alaben eta gure herriaren urte eta erdiko lintxamendua”. Hiru auzipetu behin-behinean preso urte eta erdi daramatela gogorarazi zuten.

Egindako zigor eskaerak gurasoak “ikaratuta” dituztela nabarmendu zuten. Auzipetuen gurasoak euren buruak “biktimatzat” dutela ziurtatu zuten, “arrazoizko mugak gaindituz gu mintzeko borondate argia dagoelako”. Jasotako elkartasunarekin aurrera egiteko aukera dutela gaineratu zuten.  

Eskaera
Altsasukoak aske herri asanbladak auziko gastuak ordaintzeko materiala sortu eta salgai jartzen du. Bi hilean behin edo, batera eta bestera materiala saltzera joateko deiak jasotzen dituzte. Asanbladako kideek gaztigatu dutenez, halakoei erantzuteko kide gutxi dira eta behar bezala erantzuteko jendeak izena ematea nahi lukete.