Audientzia Nazionalak 2015eko ferietan gertatutako liskarraren ondotik sortutako Altsasuko auziaren inguruko epaia eman du. Auzipetutakoei desordena publikoa egotzi die Audientzia Nazionalak, ez, ordea, terrorismo delitua. Hala ere, desordena publikoaz gain, auzitegiak autoritate-agenteen kontrako atentatu delitua, lesioak eta mehatxu delituak egozten dizkie auzipetuei, eta hainbat larrigarri edo astungarri, nagusitasun-abusua eta gorroto-delitua, tarteko. Epaiak jasotzen duenez, auzipetuek “Guardia Zibilarekin mespretxuz eta ezinikusiz jokatu zuten, arrazoi ideologikoek bultzatuta”. Horrela, 2 urtetik 13 urte bitarteko kartzela-zigorra ezarri die Audientzia Nazionalak Altsasuko gazteei.
Audientzia Nazionalak ez die terrorismo delitua egotzi, “ez baita bere osotasunean probatu euren ekintzaren helburu terrorista, ezta ETA-ko kide izatea edo lotura izatea”.
Zigorrak
Oihan Arnanzi eta Iñaki Abadi hamahiru urteko zigorra ezarri diete; hamabikoa Jokin Unamunori eta Adur Ramirezi, eta bederatzikoa Jon Ander Cobi, Julen Goikoetxeari eta Aratz Urrizolari. Ainara Urkijori bi urteko zigorra ezarri diote. Azken horri mehatxu delituak eta desordenak egotzi dizkiote. Gainerakoei, berriz, autoritatearen aurkako atentatu delituak eta lesioak leporatu dizkiete, eta Abad eta Arnanzi, baita desordena publikoak eragitea ere.
Halaber, 9.200 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dute, lesioengatik. Kalte moralengatik, berriz, 70.000 euroko ordaina zehaztu du auzitegiak. Epaileek frogatutzat jo dute gazteek Guardia Zibilarekiko mespretxuz jokatu zutela, "arrazoi ideologiko argiek" bultzatuta, baina zehaztu dute ez dela frogatu beren jardunak "helburu terroristak" zituenik edo ETAko kide zirenik.Hala ere, "gertaeren larritasuna" aintzat hartu dute epaileek, eta delitu horiengatik ezar daitezkeen zigor gogorrenak ezarri dizkiete akusatuei: "XXI. mendean ezin da onartu zuzenbideko estatu demokratiko batean pertsona batzuei galaraztea askatasunez ibiltzeko aukera, guardia zibilak izate hutsagatik".
Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten gazteak. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak. Akusazioak bat egin zuen Guardia Zibilaren tesiekin, eta argudiatu Altsasukoa "intentsitate apaleko terrorismoa" dela. Gurasoek "kezka" agertu zuten erabakia "neurrigabea" izan zitekeelako, eta ohartarazi zuten horrek ateak zabal ditzakeela etorkizunean ere zenbait ekintza terrorismotzat jotzeko.
Jesus Eduardo Gutierrez Gomez epailea izan da txostengilea. Berria egunkarian jasotzen denez, lau biktimen testigantzari sinesgarritasuna eman die, eta baztertu egin ditu defentsaren argudioak; ukatu du "taberna liskar bat edo eztabaida bat" izan zela: "Akusatuek erabilitako gogortasunak, bertan zegoen beste inork ez laguntzeraino, ahozko indarkeria giroak... erakusten du ez zela izan tirabira soil bat".
"Oso haserre"
ETBn, Bel Pozueta Ramirez de Aldaren ama "oso haserre" eta "oso minduta" azaldu da: "Gure seme-alabekin jolasten ari dira". Gaineratu du "kalean" jarraituko dutela, auzia salatzeko, eta Europako auzitegietara jotzeko prest azaldu da: "Mendeku sententzia bat da". Gaur arratsaldeko zortzitan Altsasuko udaletxe aurrean egingo den kontzentraziora joateko dei berezia egin dute gurasoek. "Behar zaituztegu" nabarmendu dute.
Altsasuko auziko zigor eskaerak eta zigorrak | |||||||
Auzipetua | Eskaera | Zigorra eta egoera | |||||
Iñaki | 50 urte | 13 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
9 urte: hiru lesio delituengatik.* | |||||||
Urte 1: desordena publikoak. | |||||||
Egoera: baldintzapean aske. | |||||||
Jokin | 50 urte | 12 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
9 urte: hiru lesio delituengatik. | |||||||
Egoera: 568 egun behin-behinean preso. | |||||||
Oihan | 62 urte eta erdi | 12 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
12 urte eta erdi: mehatxu terrorista delituagatik. | 9 urte: hiru lesio delituengatik. | ||||||
Egoera: 568 egun behin-behinean preso. | |||||||
Adur | 50 urte | 12 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
9 urte: hiru lesio delituengatik. | |||||||
Egoera: 568 egun behin-behinean preso. | |||||||
Jon Ander | 50 urte | 9 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |||||||
Egoera: baldintzapean aske. | |||||||
Julen | 50 urte | 9 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |||||||
Egoera: baldintzapean aske. | |||||||
Aratz | 50 urte | 9 urte | |||||
50 urte: lau terrorismo deliturengatik. | 3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | ||||||
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |||||||
Egoera: baldintzapean aske. | |||||||
Ainara | 12 urte eta erdi | 2 urte | |||||
12 urte eta erdi: mehatxu terrorista delituagatik. | 2 urte: mehatxu delitua. | ||||||
Egoera: baldintzapean aske. | |||||||
*Akatsa dago, epaian 6 urte beharko lukeela esaten baita. |