Hizketan

"Hainbat proba eman eta gero epaian kontaketa bera mantentzeak, mintzen gaitu"

Guaixe 2018ko eka. 1a, 21:32

Altsasuko Gurasoak taldeko Amaia Amilibiak, Koldo Arnanzek eta Gotzon Urritzoilak epaiaren balorazioa egin digute 6.000 bat pertsona bildu dituen manifestazioaren ondoren. Bestalde, bi deialdi egin dituzte. Heldu den ostiralean, 12:00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean kontzentrazioa parte hartzera. Eta gauza bera hilaren 16an Iruñean eginen den manifestazioan.

Epaiak min egin dizuela esan duzue.
Amaia. Bai. Urte eta erdi daramagu amets gaizto honekin. Epaiak alde onak ditu. Baina mintzen gaituena da epaiketan hamaika egun pasa ondoren, hainbat probek agerian jarri ondoren, kontakizuna bere horretan mantentzen dutela. Eta proba horiek ez dituzte aintzat hartzen. Ontzat ematen dute hasierako bertsioa eta kontakizuna. Hori da mintzen gaituena: ageriko probak jarri direnean eta gure gazteak errugabetzeko epaiketa oso ondo joan denean… entzungor ari dira egiten. Hori da benetako mina ematen duena.  

Seme-alabek nola hartu dute epaia?
Koldo. Gure semeari (Oihan preso dago) bere bikotekideak esan dio eta naturalki hartu du. Burua nahiko tente dauka, fresko dago. Ikusiko dugu hemendik aurrera nola daramaten dena. Jokinek kartzelatik gurasoak animatu ditu. Adurrek amarekin hitz egin du. Bat-bateko gauzek zein min sortzen duten. Gure kasuan ematen du ez dela hainbesterako izan, baina pentsatzen dugu kaltea egun batzuetara etorriko dela.

Epaiketan gertatu zena epaian ez dela jaso uste duzue, ezta?
Gotzon. Sentipen horrekin gelditu gara. Epaiketa bukatzean sentsazio ona genuen, zeren lehen momentutik, bai gure gazteek, bai lekukoek, teknika eta adituen probak istorio guztia desmuntatu zuten eta argi eta garbi gelditu zen. Epaiketa hori jende askok ikusi zuen, hala esan digute. Eta defentsaren iritzia ere hori zen. Bagenekien ez zela epaiketa soila. Inguruan beste klabe politikoak izan dira eta badakigu zer gertatzen den politika justizian edo epailetzan sartzen denean. Gaur etorri zaigunak ez du, benetan, ezer ikustekorik epaiketan gertatu zenarekin. Guk hasieratik Justizia eskatu dugu. Orain ikusten duguna, ez dakit, mendekua esan edo zer… baina politikotik izan du. Ez naiz horretan aditua, baina pentsatzen dut gaur atera dela politikoa zelako (ostiralean Espainian zentsura mozio bidezko presidente aldaketa izan zen). Inguruan beste gauza batzuk daude, eta gaur egun aproposa zen. Ez dakit zer ezkutatu nahi duten. Bestetik, ez da terrorismoa. Hori guretako pauso bat da. Harri bat jarri dute bidean, baina harri hori kenduko dugu eta aurrera segituko dugu. Argi eta garbi zegoen terrorismoa ez zela. Baina erakundeek, herriek, jendeak eta gurasook egindako lanarekin lortu dugu. Horregatik, jarraituko dugu aurrera, Justizia lortu arte. Defentsek esanen digute helegiteak jarriko dituztela eta zein bide segitu behar den.

300 urteko harri bat kendu duzue gainetik. 79 urteko zigorrak dira. Justizia aipatu du Gotzonek, baina aldarrikatu duzuen beste hitz bat proportzionaltasuna da.
A. Ezinbesteko zutabeak dira gizarte honetan. Hori da hasieratik eskatu duguna hasieratik hain zuzen ere. Orain dela urte bat eta erdi eskatzen ari garena, hau ez da terrorismoa, epaiak bide horretatik jo du. Egitate horrekin bat egin du. Hori berri ona da. 300 urte gainetik kentzea berri ona da. Baina ez da berri ona gure gazteen sorbaldan 9, 12 eta 13 urteko zigorrak erortzea. Zeren hasieratik esaten dugun moduan, hemen gertatutakoa ez da kontakizun hori. Hori puztutako kondaira bat da. Gezur bat, behin eta berriz errepikatzen dena. Eta orain dela urtebete, garilaren lehenean, etorri zitzaigun fiskalaren kontakizun hori, gezur hori, oraindik mantentzen dute. Hori onartezina da. Hainbeste proba, hainbeste argudio… Guk Justizia, proportzionaltasuna eta egia nahi ditugu. Hemen ez dugu bortizkeriarik nahi. Hemen gauzak onez eta ondo konpontzea nahi dugu, gizalegez. Hori da esaten ari garena.

K. Hari horri segituz, nik azpimarratuko nuke guk hasieratik esan genuela ez zela terrorismoa. Pasa den urtean Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere hala esaten zuen, argi eta garbi. Baina eurek euren argudioekin aurrera segitu dute eta, horregatik, eraman dute auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera. Horrela tratatu dute kasu hau. Orain hori ezeztatu da. Haien argudioak pikutara joan zaizkie. Nafarroako auzitegiari arrazoia ematen zaio. Lotsagarria da honaino ailegatzea, hainbeste pauso eman ondoren. Hasieratik esaten genituen argudioak ezin aurrera eraman.

Kontrako epaia bazen Estrasburgoko epaitegiraino iristeko prest azaldu zarete lehen ere. Epaia neurrigabea dela esan duzue. Apelazioa dator, ezta?
G. Bai. Defentsak lehenbailehen hasi dira lanean. Bere bidea eramanen du bai Espainiako Auzitegi Nazionalean, bai Espainiako Auzitegi Gorenean… Justizia lortu arte Europako auzitegietaraino joko dugu.

A. Behar den lekuraino joanen gara.

Mobilizazioek balio dute?
K. Jakina. Gaur izandakoa, egiten ari den euriarekin, 6.000 pertsona inguru ikustea, aurrera segitzeko guretako kriston indarra da. Hori da bidea. Hasieratik babesa eta laguntza izan ditugu. Ikusten da. Iruñeko manifestazioan ere ikusi zen, ikaragarria izan zen. Kasu honetan gorrotoarekin ibiltzen eta lantzen ari direnez, nik pentsatzen dut onerako pauso bat ematen dugun bakoitzean haien ur jauzia gainera botatzen digutela. Aste honetan Estrasburgon egon gara (pasa den astean) eta orain epaia jaso dugu, Espainiako Parlamentuan gertatutakoarekin lotuta. Ikusten dugu jendearen laguntza jasotzen dugunean ondoren kontrako zerbait etortzen zaigu. Kasu honetan halakoak egin dituzte.

Agendan badituzue mobilizazio batzuk, ezta?
A. Hilaren 16an manifestazioa eginen dugu Iruñean, Golem zinemetatik abiatuta, 17:00etan.

K. Aurretik, ostiralean, 12:00etan, Nafarroako Parlamentuaren parean kontzentrazioa eginen da.

G. Altsasun, ostiraleroko kontzentrazioekin jarraituko dugu, 20:00etan, udaletxe parean. Egun hauetan kanpoko jendea etorri da Altsasura (Burgosko Gamonal auzotik, esaterako). Eta asteburuan leku askotan, espontaneoki kontzentrazioak eta manifestazioak eginen dira. Berriz, Justizia eskatzen ari gara.

K. Gaur (pasa den ostiralean) hainbat tokitan: Tuteran, Iruñean, Bilbon… espontaneoki kontzentrazioak sortu dira. Guk hemengoei eta beste toki batzuetan elkartu direnei eskerrak ematen dizkiegu.

A. Eskaera bat ere. Elkartasunaren bidetik ea lortzen dugun sentitzen ari garen amorru-frustrazio hau modu sortzaile batean bideratzen. Gurea ez da lehengo borroka horietako bat. Beste momentu batean gaude. Guk uste dugu zerbait lortuko badugu bakegintzaren bidetik eta giza-eskubideen eskaeraren bidetik lortuko dugula.

G. Jasotzen ari garen elkartasuna… Ez gara soilik gure gazteen alde ari. Gizartean ikusten ari da: gizartean adierazpen askatasun falta dago, giza eskubideak atzera doaz… Beti esaten dugu, elkartasuna ordainezina da. Bakarrik modu bat dago: beste egoera batzuetan daudenei elkartasuna itzultzea. Elkartasuna eman eta jaso egin behar dugu.  

K. Indarrez jarraituko dugu. Orain arte bezala mantenduko gara.