Hizketan

"Ez dugu sententzia onartzen!"

Guaixe 2018ko eka. 1a, 22:16

Hala adierazi dute Altsasukoak aske herri asanbladako kideek gaurko manifestazioaren ondoren.

2016ko ferietako liskarragatik auzipetuta daudenei babesa ematen dien herri plataformako kideendako gaur jakinarazitako epaia "basakeria, zentzugabekeria juridikoa eta humanoa da, injustizia, mendekua… sententzia hau deskribatu dezakeen hitzik ez dago". Adierazi dutenez, "gure lagunen bizitzak bahitu dituzte, 9 eta 13 urte arteko espetxe zigorren bitartez beren bizitza desegin nahi dute".

Herri asanbladatik gaineratu dutenez, "manipulazioan, gezurrean eta bereziki bere boterearen erabilera traketsean oinarritu dira: Audientzia Nazionalaren, Guardia Civilaren eta zenbait hedabideren erabileran, hain zuen ere. Honek guztiak gizarte justu baten oinarrien txikizioa suposatzen du".

Espainian presidente aldaketa izan den egunean epaia argitara emateak "atzean gordetzen duen asmo politikoaz harago, gaur argi utzi nahi dugu inputatu eta familiarrak ez direla bakarrik egonen, guztiak libre eta gure artean egon arte ez gara geldituko!" Herri asanbladatik deituko diren deialdietan parte hartzera gonbidatu dute, esaterako, garagarrilaren 16an, Iruñean eginen denera joateko deia egin dute.