Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera eramateko ekimena Covitek hartu zuen eta auzian herri-akusazio gisa aurkeztu zen. Epaia eskuetan duela kolektibotik adierazi dute agerian uzten dituela “eraso basatiaren larritasuna eta erasotzaileak hartara bulkatu zituzten motibazio politikoak”. Covitekoek gaineratu dutenez, “tabernako liskarraren teoria guztiz baliorik gabe gelditu da”.
Kolektibotik nabarmendu dutenez, lesio, mehatxu eta agintearen agenteen kontrako atentatu eta desordena publiko delituengatik jarritako zigorrak “legeak ezarritako handienak direla, beraz, epaitutako gertakarien larritasuna islatzen du”. Eta gogoratu dute, haien salaketan terrorismo delitu eskaeraz aparte, epaian jasotzen direnak ere bazeudela. Eta nabarmendu dute epaileek bere egin dituzte haiek eskatutako hiru larrigarrietatik bi: diskriminazioa edo gorrotoa eta nagusitasun abusua.
Epaia irakurrita Covitekoendako “argi dago Altsasun eta Nafarroako eta Euskadiko herri askotan erradikalek agindutako giroa ezartzen da eta gorroto ekosistema dago. Haiengandik urruntzen direnak edo kontra egiten dietenak euren askatasuna bahituta izaten segitzen dute”. Auzipetuek “urte eta erdiz manipulazio kanpaina eta gure erakunde demokratikoen ospe-galtzearen aldeko kanpaina” egin dutela nabarmendu dute Covitetik. “Biktimetako batzuk akoso kanpaina izugarria bizi izan dute bitartean. Epaiketan egia kontatu zuten eta epaiak arrazoia eman die. Erasotzaileen aurrean duten moral-nagusitasuna agerian gelditu da”.