Altsasuko auziaren epaia jakin eta Altsasuko Udaleko Bozeramaileen batzordeak bilera egin zuen arratsaldean. Geroa Baik, EH Bilduk, PSNko zinegotziek eta Goazen Altsasuk adostutako erakunde adierazpenean lehenik zehazten da “2016ko lastailaren 15eko gertakari tristeak sekula ez zutela gertatu behar izan”. Eta horren ondoren Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako zigor “neurrigabeak” arbuiatu ditu. Altsasuko Udalean uste dute “neurrigabetasuna auzibide guztian presente egon dela”. Hiru gazte behin-behinean espetxean daudela gogorarazi ondoren, gainontzeko auzipetuak preso ez sartzeko eskatu du udalak.
Udalak berretsi duenez, gertakariak “Nafarroako Lurralde Auzitegian ikertu, epaitu eta, hala balegokio, zigortuak izan behar zuten”. Udalak gogorarazten du Espainiako Auzitegi Gorenak gertakarien Espainiako Auzitegi Nazionalari eman zion auzia epaitzeko eskumena, terrorismo delitu kalifikazioagatik, “baina epaiak terrorismo kalifikazioa baztertzen du”. Udalak bere adierazpenean nabarmentzen duenez, “politikaren eta hedabideen presioek gertakariei dagozkien zigor neurrigabeak ekarri dituzte”. Sinatzaileendako presioen ondorioz gertakariak terrorismotzat jotzeak “neurriz gorako egoera eta arautik kanpokoa ekarri du, antzeko egoerengatik Estatuko beste toki batzuetan normalean ez da zigor-arau hori ezartzen”.
Altsasuko Udalak berretsi du “bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiteko gogo sendoa” duela. Eta bide horretan lan egiten segitzeko deia egin die altsasuarrei. Eta auziak hedabideetan izan duen islaren ondoren herritarrek 2016tik gaur egunera arte izandako “guztiz gizabidezko jarrera” aitortu du udalak. Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak bere egin du adierazpena gaurko bilkuran.