“Neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da gaurkoa”

Guaixe 2018ko eka. 5a, 18:15

Gurasoek eta asanbladak esan dutenez, “gorroto dinamika batean kateatu nahi gaituzte, baina gu ez gara haiek bezalakoak: Altsasu, Nafarroa eta Euskal Herriko kaleak betetzen jarraituko dugu, orain arte bezala, era aldarrikatzaile eta pluralean”.

Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak aske herri asanbladako kideek prentsaurrekoan adierazi dutenez, “gure lau lagun bahituak eramatera etorri dira. Gainera, ihes egiteko arriskuaren aitzakia erabili dute, denok argi eta garbi dakigunean ez dagoela horrelakorik”. Atxiloketak egiteko “beste behin ere, muntai hau hasi zenetik asko izan dira, herria okupatu digute, mina eta amorrua sortzera etorri dira. Justizia denondako berdina ez dela ikusi dugu gaur ere”.

Guardia Civilak Iñaki, Jon Ander, Aritz eta Julen atxilotzeko egin duen operatiboa “indar eta okupazio erakustaldi” gisa kalifikatu dute. Gaineratuz: “gure elkartasuna adieraztera joan garen herritarrak identifikatu eta mehatxatu gaituzte, borrekin jo eta isunak jarri dizkigute”.

Erantzuteko eskaera
Bai gurasoek bai asanbladako kideek esan dutenez gaurkoa “neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da, herriarekiko bortitza eta oso mingarria ere”. Horregatik, “erantzun bateratu, argi eta indartsua ematera” deitu dute, “herri, Sakana, herrialde, Euskal Herri bezala, estatuko beste herrien laguntzarekin”. Horregatik, gaur, 20:00etan Altsasun deituta dagoen manifestazioa zaratatsuan parte hartzera animatu dute. “Eta Nafarroa eta Euskal Herriari ere ahal duen moduan kalera ateratzeko”.

Aldi berean, politika eta gizarte eragileei eta herritarrei zuzendu zaizkie “haien esparruetan mobilizazioak artikulatzeko” eskatuz. “Injustizia honen kontra dagoen herria beste behin ere kalera atera behar da krudeltasun erakustaldi honi aurre egiteko”.

Azkenik, hilaren 16an, 17:00etan Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute: “kaleak betetzea dagokigu, pertsona solidario eta aldarrikatzaileez osaturiko olatu izugarria sortuz”. Aitortu dutenez, “min asko egiten ari digute, zuen babes eta elkartasunarekin soilik gainditu dezakegun mina”.

Madrilen
Lau altsasuarrak epailearen aurretik pasa dira dagoeneko eta fiskaltzak haiek espetxean sartzea eskatu du.