Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. sekzioko Concepcion Espejel Jorquera (presidentea), Manuela Fernandez Prado eta Jesus Eduardo Gutierrez Gomez (ponentea) epaileek gaur goizean atxilotutako Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen espetxera bidaltzeko agindu dute. Jose Perals fiskalak egindako eskaerarekin bat egin du epaimahaiak. “Ihes egiteko arrisku nabarmena dagoela” argudiatu dute horretarako. Defentsek, berriz, halakorik dagoenik ukatu dute eta argudiatu dute haien kontrako zigor eskaerak handiagoak izan zirenean ere ez zutela alde egin. Horrekin batera beste argudioak ere eman zituzten: auzipetuek duten familia-errotzea, haien bizilekua jakina dela, lan kontratuak dituztela, ikasketak egiten ari direla edo epaitegietara 150 alditan aurkeztu direla.
Jakina denez, laurak gaur goizean atxilotu ditu Guardia Civilak horretarako agente ugari erabiliz. Pasa den ostiralean eman zuten epaileek Altsasuko auziaren epaia, zeinak Iñakiri 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion eta 9 urtekoa Aratzi, Jon Anderri eta Juleni. Aske zegoen azken auzipetua, Ainara, ez dute atxilotu, 2 urteko zigorrarekin eta aurrekaririk gabe espetxeratzea saihestu dezakeelako.
Altsasuko auziagatik espetxean urte erdi baino gehiago, 569 egun, kartzelan egin dituzte gaur Adurrek (Aranjuezen preso), Jokinek (Estremeran) eta Oihanek (Navalcarnero). Gaur espetxeratuko dituzten lauak ere espetxea zer den badakite. Izan ere, 2016ko azaroaren 14an atxilotu zituen Guardia Civilak eta urte hartako abenduaren 20an askatu zituzten, behin behinean, Soto del Real eta Alcala Meco espetxeetan 37 egun preso egon ondoren.