Jarraipen bereziko presoen fitxategian egoteari utzi diote Altsasuko auziagatik preso dauden zazpiak. Egindako delituaren arabera preso batzuei kontrol eta zaintza handiagoa ezartzen zaie espetxean. Kartzela kartzela barruan moduan ezagutzen da FIESa: patiorako irteerak mugatzen ditu, espetxeetan egiten diren jardueretan parte hartzeko aukera mugatzen du, ziegaren miaketa eta presoen miaketa gehiago dakar eta komunikazioak interbenituak izaten dira. Adurrek, Jokinek eta Oihanek urte eta erdi pasa eman dute erregimen horrekin. Epaian haiena terrorismoa ez zela esan eta gero pasa den astean kendu zituzten fitxategitik. Asteartean Soto del Realen espetxeratu zituzten Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen ohiko erregimenean daude ere.
Bestalde, 200 bat pertsona elkartu ziren Nafarroako Parlamentuaren parean pasa den ostiralean, tartean ziren gobernuari eusten dioten lau indarretako ordezkariak. Altsasu Gurasoak taldeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako “neurrigabeko” zigorrak salatu zituzten, Justizia aldarrikatzen zuen pankartaren ondoan. Arrazoi horregatik epaiari helegitea aurkeztuko diotela gaineratu zuten. Behin-behineko espetxeratzea kritikatu zuten eta nabarmendu zuten “ihes egiteko arriskurik ez dago. Delitu txikiengatik zigortu zituzten. Logikoena epaia irmoa izan arte zain egotea da”. Iruñean bezala, asteburuan Altsasuko auziagatik Justizia eskatzeko makina bat herrietan kontzentrazioak egin ziren.
Horrekin batera, larunbatean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuten gurasoek. Dagoeneko ziurtatuta dago Lleida, Bartzelona, Vic, Girona, Madril, A Coruña eta Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak abiatuko direla Iruñerantz. Sakanatik ere, Bakaikutik eta Altsasutik, esaterako. Iruñera horietan joateko ohiko tokietan eman daiteke izena.
Horretaz aparte, Europako Batzordeari auzian esku hartzeko eskatu diote IUko, Ahal duguko, EAJko, BNGko eta EH Bilduko eurodiputatuak. Haien iritziz, “agerikoa” da altsasuarrei ezarritako zigorra “neurrigabea” dela. Gogorarazi dute “lesio arinak” eragiteagatik 12 urteko espetxe zigorrak jaso dituztela.