Bidegabekeria, Estatuaren bidea; hori da azken urte eta erdi luzean Altsasun bizitzen ari garena definitzeko modua. Jakin badakigu abertzaletasun espainiarrarentzat Nafarroan gertatzen dena estatu auzia dela. Hori dela eta, haien makineria guztia erabiltzen dute hori kontrolpean izateko. Horren adibide dira “agostazo”-a edo berriki egin duten euskararen aurkako manifestazioa. Kontrolatzeko eta erreprimitzeko makineria, argudiorik ezean gezurra eta bidegabekeria erabiltzen dituena.
Bidegabekeria hori areagotu egin da garai bateko Ordena Publikoaren Auzitegian, egun Auzitegi Nazionala, egindako iruzurrezko epaiketaren ondoko epaiarekin. Epai injustu horrek Guardia Zibilaren bertsioa baino ez du kontuan hartu; defentsak aurkeztutako adituen zein lekukoen frogei, Altsasuko Ferietako goizalde hartan gertatu zena eta gertatu ez zena frogatzen zutenei, entzungor egin die. Entzungor egin, baita desitxuratu ere kasu batzuetan, denok ikusi ditugun bideoak kasu. Aipatutako bideoek argi erakusten zuten akusazioren lekukoak gezurretan aritu zirela, bai polizia ezberdinen aurrean, baita tribunalaren aurrean ere. Ez dago esan beharrik lekukoek egia esateko betebeharra dutela. Bien bitartean, epaiak “aurrez antolatutako planaz” hitz egiten du, horretarako inolako frogarik aurkeztu gabe. Defentsek frogatu zutena, aldiz, kontrakoa izan zen. Epaiak berariaz baztertzen ditu taberna barruan erasorik izan ez zela baieztatzen duten lekukoen testigantzak, edota lekuko batek Foruzaingoaren aurrean egindako deklarazioa ondotik manipulatua izan zela baieztatu izana.
Egia da muntaia honen zati bat desmuntatzea lortu dela; ezin izan diote justifika ezina den terrorismo akusazioari eutsi. Horrek, baina, Estatu bidegabearen beste estutze bat ekarri du: mendekua. Aske zeuden lau gazteak atxilotzeko gure herria militarki okupatu zuten eta, epaia jakin eta lau egunetara, kartzelaratuak izan ziren, ihes egiteko arriskua argudiatuta. Urte eta erdiz astero epaitegian bertaratu, 50 urteko zigorrari aurre egin eta beren burua epaitegietan aurkeztu eta gero, ihes egiteko arriskuaren aitzakia ateratzen dute. Ez dira terroristak, baina terroristatzat aurkeztu nahi dituzte. Gure gazteak kartzelan, erasotzaile faxistak edo gaizkile dirudunak aske dauden bitartean, baita Estatutik kanpo bizitzen ere.
Baina bidegabekeria honi orain arte egin dugun bezala egingo diogu aurre. Herri gisa, elkarrekin eta duintasunez. Gure gazteen familiek erakutsi duten duintasunarekin. Sententzia justu bakarra absoluzioa delako. Denak gurekin izan arte justiziarik egingo ez delako.
Horrela bada, larunbatean, ekainak 16, hitzordu garrantzitsua dugu Iruñean. Kaleak elkartasunez, justiziaz eta duintasunez beteko ditugu, aldarri ozenez: ALTSASUKOAK ASKE!