Altsasu kasua deiturikoaren ibilbidea

Ainhoa Corcuera Mazkiaran eta Jesus Miguel Imaz Prim (Altsasu Memoria) 2018ko eka. 15a, 08:15

Altsasu Kasua deitzen diote; kasu politiko, juridiko eta mediatikoa, beste behin ere Altsasuko gazteengan fokua jartzen duena. Aspaldidanik aurrezarrita dauden sententzia hauek gaur egungo sistemaren parte dira, non mendeku gosea aparatu judizialaren bidez agerian uzten duten, sententzia eredugarriekin behin eta berriz kolpatuz. Altsasu Memoria taldeak, guztiaren gainetik, bere elkartasuna agertu nahi die herriko gazteei eta errepresio aldi berri honek eragin dien pertsona guztiei.   

Gurea memoria lantzen duen taldea izanik, urteak daramatzagu istorio eta testigantza gogorrak biltzen eta kontatzen; horietako asko memoria kolektiboan ongi iltzatuta geratu zaizkigu. Altsasu, Nafarroa Independentean zegoen herri bat zen, lasaitasunean bizi zena eta euskaraz komunikatzen zena, batzarrak egiten zituena eta auzolanean aritzen zena herriaren garapenean aurrera egiteko. 1512ko inbasioak, ordea, gure izaera ezeztatzen saiatzeaz gain, gerraz jositako garaia sortu zuen Espainian eta gugan zuzenean eragin; kintak sortu zituzten eta herritarrak gudan parte hartzera derrigortu.

Gure lan guztia analisi zientifiko zorrotzean oinarritzen da, datuen eta errealitateen bidez derrigor azaldu behar dena. Horregatik, Altsasu Kasuaz hitz egiten denean, behartuta gaude aipatzera nola 1936an Lista de Altsasu izeneko zerrenda bat egin zuen Altsasuko Komandantziak, 300 lagun baino gehiagorekin. Denek herritik alde egin behar izan zuten, batzuk toki seguru batera eta, gehiengoa, demokraziaren alde borrokatzera. Zerrenda hori, Estatu Kolpearen ondorengo borrokaldietan toki askotara bidali zuten, zerrendako pertsonak atxilotu eta zigortu zitzaten. Memoria Historikoa lantzen duten herri askotan Altsasu oso ezaguna da herri duina eta eredugarria izateagatik, pertsona askoren galera gainditzen jakin zuelako eta balore garrantzitsuak izan dituelako maila askotan. Bizirik iraun zutenek, erretagoardian sufritu zutenek eta, nola ez, garapen bat izan zutenek, harro transmititu zizkiguten euren ideiak eta argitasun politikoa. J. Goikoetxeak (Akullu) honela esan zigun: “Demokrazia faltsu honetan benetako boterea ez da aldatu, Frankismo garaiko berberek jarraitzen dute, eta hori sekula ezin dugu ahaztu”.

Justizia. Askotan erabiltzen dugun hitza da, baina Altsasun sekula gauzatu ez dena. 1936an 150 lagun baino gehiago zigortu zituzten fusilatzera, Puerto de Santa Maria bezalako urrutiko kartzeletara dispertsaturik, zigor guneetara... edo tribunal militarrek emandako sententzietara. Ondoren Ordena Publikoko Tribunala sortu zuten, eta hortik ere altsasuarrak pasa ziren. Erregimenaren erreforman Audientzia Nazionalean bihurtu zuten, euren Intsignia Bukea dena harrez geroztik. Bere gidariak, Garzón epaileak, Dena ETA da leloarekin ibilbide orri bat diseinatu zuen, eta probintzietako delegaritzak dena Audientzia Nazionalera bideratzen hasi ziren. Delegaritza horiek, sekula ez zuten ezer esan gure herriko pertsonen aurka Gerra Zikin kasuak egon zirenean, eta ikerketa saiakera guztiak blokeatu zituzten. Inpunitatea berriro, sekula ez baita egon kondena bakar bat ere gure bizilagunen aurka atentatu zutenentzat. Ikusten den bezala, ez da justizia kontua bakarrik, baizik eta  frankismoa, maskaraz jantzitako neofrankismoa, bere erreforma eta bere adar guztiak epaituz eraikitzen hastea, guzti horrek ekarri zuenaren errelato luze eta zabal batekin. Azken kasu honek, urteetan esan duguna baieztatu besterik ez du egin: historia, Altsasuren memoria, lerro jarraituzko historia bat da, etenik gabeko errepresiozkoa, non ezer ez den kasualitatea eta azken muntaia polizial eta judiziala sufrimenduzko kate luze horren jarraipena besterik ez den. J.M. Sáez de Muniainek esan zigun moduan: “1936an herriko familiak negar egiten ikusi nituen eta gaur egungo familiak ere, negarrez daude.”.

Herri mugimenduen dinamikak azken urteetan Altsasu hobe bat ekarri dute, solidarioagoa, parte hartzaileagoa eta biziagoa, eta kosta ahala kosta kriminalizatu nahi izan dute. Komunikabideak, epaileak, poliziak, biktimen elkarteak... gezurretan aritu dira oso modu lotsagabean, gure herriko errealitatea erabat desitxuratuz. Herrian egin den edozein proposamen modu argian, demokratikoan eta errebindikatiboan egin da, herritarren zati handi baten babesarekin. Gazteriak sufritu ditu eta oraindik ere sufritzen ditu kontrol soziala helburu duten polizia-kontrol ugari. Kontrol horietako batean hil zuten Lakuntzako Mikel Arregi, eta, tiro egin zuen Guardia Zibilak, bi hilabeteko zigorra besterik ez zuen jaso. Komunikabide askotan agertu den datua da Altsasu eta Sakana direla Europa osoko polizia tasarik handiena dutenak biztanleko.

Gure kolektiboak ere, memoria biltzeko kolektiboa denak, jazarpena eta isuna jasan genituen Gobernuaren aldetik Emilio Iguzkizari omenaldia egin genionean. Iguzkiza 1934an hil zuten Guardia Zibilaren tiroek, bere semea besotan zeukan bitartean; beste bi lagun ere zauritu zituzten. Gure ikerketan eta datu bilketan ikusi dugunez, desmilitarizazioa, Guardia Zibilaren presentzia eta bere rola gure herrian, aspaldiko eztabaida direla eta naturaltasunez onartu behar ditugula, eta ez pertsonak eta kolektiboak kriminalizatuz. Emilioren plaka bi alditan saiatu dira suntsitzen. Plaka finkoa da, memoria historikoaren mugarrietako bat izan nahi duena, beheraxeago dagoen beste bat bezala; zigor batailoietan sufritzen egon ziren langileen omenez ezarri genuen bigarren hori, garai guzti haren memoria islatu nahi duen sinbolo gisa. “Ibilbide” horretan, non metro gutxitan hainbat mugarri errepresibo dauden, gertakari ugari gertatu dira garai desberdinetan: Txoko tabernak eta Koxka tabernak, pertsonez, zigorrez eta mendekuaz hitz egiten dute. Azken horretan, ezin dugu onartu BEREHALAKO ASKATASUNA ez den beste sententziarik; muntaia polizial argi baten aurrean gaude, txosten eta gertakarien kontaketa subjektiboak bidali baitituzte gaur egun existitzen den Justizia bakarrera. Galeanok zioen bezala: “Justizia sugeak bezalakoa da, oinutsik daudenei bakarrik hozka egiten die”. Ez du Galeanok bakarrik hitz egiten justiziaz; jaso ditugun  testigantzetan ikusten da sekula ez zela justiziarik egin Altsasun gertatu ziren gertakarietan. Sekula ez da sententziarik izan ekintza errepresiboak gauzatu zituztenen kontra (Gerra Zikineko atentatuak, atxilotuak, torturatuak, manifestazioetan kolpatuak, taberna barruan kolpatuak eta gasa botatakoak...). Sekula ez da ikerketarik abiatu ibilbide eta interes luzea izan duenik. Sekula ez da onartu herritarrei egindako kalterik. Datuen azterketa zabal batean ikusi dugu, justizia ez dela sekula iritsi eta gainera, gelditu gabe pasatzen ikusi dugula, esate baterako, Altsasu Kasuaren “Ibilbidearen” polemikan, non talde batzuei utzi zaien pintada falangistak egiten establezimenduetan, Otsaportillon... eta mehatxatu duten izugarrizko lotsagabekeriaz eta inpunitate osoz. Horri, nola ez, azken atxiloketak salatzeko ekintzetan parte hartzeagatik jasotako mehatxu eta denuntziak gehitu behar zaizkio.

Argi dago aspaldi ari zirela prestatzen atxiloketak egiteko baldintzak, eta baita ondorengo erabaki judiziala ere; argi geratu da, baita ere, Guardia Zibilaren botere absolutua. Guzti hori, zoritxarrez, behin eta berriz errepikatzen den istorioa da eta argi eta garbi kontatu behar da, atxilotuen askatasunaren alde borrokatu behar dugu eta irakaspenak bizkor ikasi, gure herriaren kontrako edozein jazarpen garaiz gelditzeko.

Gure partetik babes osoa kaltetuei eta familiakoei.

STOP MUNTAI POLIZIALEI