Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Altsasuko auziaren epaiari helegitea jarri dio, haren ustez, "terrorismo delituak" izan zirelako 2016ko urriaren 15aren gauean gertatutakoak. Fiskaltzak 12 eta 62 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu zituen epaiketan zehar. Epaitegiak ez zuen terrorismo delitua ikusi, baina bi eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorrak jarri zizkieten Altsasuko gazte auzipetuei "desordena publiko" delituak egotzita.
Auzitegi Nazionaleko epaitegiak bi eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra ezarri zien Altsasuko auziko zortzi auzipetuei, epaitegiak ez zituelako terrorismo delituak ikusi: "ez baita guztiz frogatua geratu ekintzaren helburu terrorista, ezta akusatuek ETArekin duten lotura edo partaidetza". Hortaz, "desordena publikoko" delituengatik ezarri daiteken zigor handiena ezarri zitzaien.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza ez dago epaiarekin ados, eta bi guardia zibilen eta haien bikotekideen erasoak "terrorismo delitua" dela argudiatuta helegitea aurkeztu zuen asteazkenean, garagarrilaren 13an. Fiskaltzak epaiketan mantendu izan duen tesia da terrorismoarena, eta 12 eta 62 urteko espetxe zigorrak eskatzen zituen horregatik. Beraz, helegitea arrazoi berdinengatik aurkeztu duenez epaiketan eskatutako espetxe zigorrak eskatzen ditu berriz ere Fiskaltzak. Fiskaltzak helegitean argudiatu duenez, Altsasun gertatutakoa "ez zen taberna batean izandako borroka bat". Haren ustez Guardia Zibilaren aurkako "planifikatuta eta antolatutako eraso bat izan zen".
Fiskaltzak helegitea aurkeztu aurretik, justizian bi aditu Nafarroako Parlamentuan izan ziren, eta epaia "mendeku gosez" idatzia izan dela esan zuten. Iñaki Lasagabaste zuzenbidean katedratikoak eta Sonia Ontoria juristak parlamentuko batzordean parte hartu zuten Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek eskatuta. Bertan esan zuten "legearen interpretazio krudela" egin dutela Altsasukoen auzian.
Mendekua
Parlamentuan egon ziren juristen arabera, susmoetan oinarritutako epaia da Altsasuko auzikoa: "etsaiaren zuzenbide penalaren adibide bat izan da epaia". "Altsasuko gazteen prozedimenduan giza eskubideak urratu zaizkie", esan zuen hasteko Iñaki Lasagabaster zuzenbide administrazioan katedradunak. Gorroto deliturik ezin zaiela egotzi azaldu du katedradunak, izan ere, halakorik autoritate eta poliziengan leporatzerik ez dago legearen arabera.
Sonia Ontoria juristak epaileek epaia egiteko "susmoetan" oinarritu direla esan zuen, "eta ez arrazonamenduetan". Hortaz, Altsasuko auzia etsaiaren zuzenbide penalaren adibide bat da, bere ustez. "Delituak akumulatzen ahalegindu dira zigorrak ahalik eta gogorrenak izan zitezen", adierazi du Ontoriak. "Epaiak krudeltasuna erakutsi du, legearen interpretazio krudela egin dute", azpimarratu zuen Ontoriak. Ondorioz, Altsasuko gazteak eta euren senideak "gehiegizko zigorrak" jasaten ari dira: "kalera irten beharko ziren", amaitu zuen agerraldia Lasagabasterrek.