Hizketan

Gurasoek “bermeak dituen Justizia” eskatu dute

Guaixe 2018ko eka. 18a, 15:10

Hau ez da justizia. Altsasukoak aske leloa zuen manifestazioak 80.000 eta 90.000 pertsona artean elkartu zituen Iruñeko kaleetan.

Handia espero zen eta “izugarria” izan zen Altsasuko auzian gertatzen ari den guztia salatzeko Iruñean larunbatean egindako manifestazioa. Altsasu Gurasoak taldeko bozeramaileek akaberan hitza hartu eta hasieratik garbi utzi zuten haien seme-alabekin “benetako epai-astakeria gertatu” dela haien kontra espetxe zigor luzeak ezarrita. Halakorik berriro gertatzea ezin dela onartu gaztigatu zuten. Preso dauden zazpi auzipetuen “bizitza eta etorkizuna moztu eta senideen egunerokoa hipotekatuko dute zigorrek”.

Gurasoek gogorarazi zuten urte eta erdi daramatela oinarrizko eskubideen “urraketa” salatzen. Halakoak instrukzio aldian, epaiketan eta epaian izan direla nabarmendu zuten. “Eskubideen eta lege-oinarrien urraketa” ikusi zuten “gure hiru semeren aurka behin behineko espetxealdia ezartzean” edo “ihes egiteko arriskua argudiatuta beste lau semeren kontra berriki espetxeraldia erabaki denean”. Halako arriskurik ez dela egon azpimarratu zuten Altsasu Gurasoak taldetik. “Epaileen aurrean behar izan den guztietan aurkeztu dira; fiskaltzak 375 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen eta ez dira etxetik mugitu; atxilotuak izan baino lehen bost egun zeramatelako normaltasun osoz bizitza egiten, lanera joaten, epaiketa izugarri hau ezagututa ere”. Horregatik, haien guztien askatasuna aldarrikatu zuten, “etxean, lanean eta ikasten” egon daitezen.

Itzala
Gurasoen iritziz “epaileek ez dute egia bilatu” eta “nabarmena da mendeku gogo disimulurik gabea”. Gertaeren terrorismo kalifikazioarekin “Nafarroako ohiko epaileari epaitzeko gaitasuna ostu eta epaia salbuespeneko auzitegi batera eraman” zela salatu zuten. 1841era arte nafarrak Nafarroan epaitzen zituztela gogorarazi zuten (inkisizioa salbu). Espainiako Auzitegi Nazionalak “kanpoko eraginek baldintzatuta” dagoela nabarmendu zuten.

Aldi berean, Guardia Civilak auzian duen itzala azpimarratu zuten: Carmen Lamela instrukzio epailea saritu du; Guardia Civilak ikerketa egin zuen; hark egin zituen atxiloketak; lekukoak eta perituak Guardia Civilak izan ziren; Concepción Espejel epaimahai burua Guardia Civileko koronel batekin dago ezkonduta eta erakundearen gurutzea jaso du. Horiek horrela, gurasoek auzitegiaren eta justiziaren neutraltasuna zalantzan jarri du.

Gurasoek ziurtatu dutenez, “ez dituzte terrorismoagatik zigortu, baina bilatzen zuten zigorra ondo bete da”. Fiskalak helegitea jartzerakoan “terrorismo delituari” eusteak “jarritako zigorraren astakeriarekin konforme ez, eta fiskalak are zigor handiagoa nahi du, sufrimendu gehiago, mendeku handiagoa. Ezin dugu horrelako izugarrikeriarik onartu”. Epaia aztertu dutenek ateratako ondorioa gogorarazi zuten: “zigorrekin krudeltasuna eta ankerkeria bilatzen dute. Neurriz kanpokoak dira erabat”. Gurasoek ere “edozeini erronka jo” zioten: “esan dezala horrelako zenbat kasutan espetxe zigorrik izan den”. Eta Iruñeko taberna batean Espainiako polizia batzuekin gertatutako liskarraren epaia ekarri zuten gogora: urtebete eta bederatzi hilabetekoa izan da zigorrik handiena.

Botere banaketaz
Gurasoek nabarmendu zutenez, “botere abusu baten aurrean gaude”. Epaileen erabakiak onartu behar direla eta botereen arteko bereizketa dela demokraziaren oinarria esaten dutenei ere zuzendu ziren gurasoak: “Montesquieuk botereen arteko bereizketaren teoria garatu zuenean, ez zuen bereizketaz bakarrik ari, baita botereen arteko orekaz ere, haietako inork ez zezan bere botereaz abusa. Orekaz eta haien arteko zaintzaz ari zen, giza eskubideak eta oinarri demokratikoak errespetatzearren. Esaten zuen botereak botereari galga jarri behar ziola”.

Gurasoek “egoera bidegabe honi buelta emateko beharrezkoak diren neurriak” lortzeko eta “beste inongo herritarri” halakorik ez gertatzeko neurriak eskatu zieten eragile guztiei, “kalitate demokratikoaren, giza eskubideen, benetako Zuzenbide estatu batean bermaturik egon beharko luketen oinarrien, elkarbizitzaren, bakearen, askatasunaren eta Justiziaren izenean”. Eta “lege-neurriak”aldarrikatu zituzten, “legearen erabilera estentsiboa eta botere abusuak saihesteko”. Terrorismo delituaren tipifikazioa “zorrotz erreformatzeko” eskatu zuten. Baita “nafarrak ez ditzaten beste inon epaitu Nafarroako ohiko epaitegi batean ez bada”. Gurasoen eskaeren zerrenda ere “kanpoko esku hartzea eta ezohiko auzitegien gehiegizko boterea mugatzeko neurriak” zeuden.

Horregatik guztiagatik, politika, gizarte, kultura, unibertsitate, zuzenbide eta erakundeetako eragileei mahai bat sortzeko aukera proposatu zieten, “zaharberritze demokratikorako eta eskubideak eta askatasunak berreskuratzeko”. Ideia horren inguruan eztabaida sortzea eta edukiz betetzea nahiko luketela gaineratu zuten, “benetako konponbide eraginkorrak aurkitzeko eta horrelako gertakariak berriro inori ez gertatzeko eta, azkenean, Justizia egiteko”. Justizia izan zen gurasoek egin zuten azken aldarrikapena: “Justizia eskatzen dugu, bermeak dituen justizia, gure lurrean errotutako justizia, Nafarroako gizartean nagusi diren eskubide eta askatasunarekiko errespetuzko oinarri demokratikoekin batera joango dena”.

Eskerrik asko zioen pankarta eskutan zutela Altsasu Gurasoak kolektiboak “penintsulako herri solidarioetatik” Iruñera joandako guztiei “elkartasunezko besarkada luze eta goxo bat” eman nahi izan zieten. Baita “mundu osotik jasotako elkartasun eta babesa eskertu nahi dugu”.