Altsasuko auzian epaitutako Iñakiren epaia zuzendu du Espainiako Auzitegi Nazionalak Zigor Aretoko lehen sekzioak. Bere abokatuak epaia argitaratu berritan jakinarazi zuen epaileek batuketa gaizki egin zutela euren ebazpenean eta gehiegizko 3 urte gehiagora zigortu zutela altsasuarra. Izan ere, 13 urteko zigorra ezarri zion epaian bertan lesio delitu bakoitzagatik bina urteko zigorra ezartzen zitzaiola jasoa zegoen. Baina epaileek batuketa egiterakoan hiruna urterekin egin zuten eta, horregatik, 13 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, haiek beraiek 10 urtera zigortu zutenean.
Abokatuak eskatuta epaimahaiak epaian zuzenketa gehiago egin behar izan ditu, zigorretan eraginik ez dutena. Epaiaren aurrekarien atalean, laugarren gertakarian bi emakumezkoen akusazio esan batzuk gaizki jaso zituzten. Izan ere, tenientearen bikoteak ez zuen Iñakiren kontrako salaketarik egin epaiketan.
Iñaki, Aratz, Jon Ander eta Julen hilaren 5ean atxilotu zituen Guardia Civilak eta epailearen aurretik pasa ondoren Soto del Real espetxean sartu zituzten. Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 584 egun egin dituzte preso. Ainara, berriz, behin-behinean aske dago.