Batuta elkartea arropa etxez etxe jasotzen hasiko da

Guaixe 2018ko eka. 22a, 09:47

Aste honetan Lakuntzan hasi da eta heldu den ostegunean Uharte Arakilen eginen dute bilketa.

Zirkulu-ekonomia praktikan jarri nahi du Batuta Sakana elkarteak arropa bilketarekin: jendeak erabili eta baztertutako arropa jaso bigarren erabilera bat emateko; dela bigarren eskuko arropa dendetan saltzeko (ongi dagoen arropa), dela kotoia edo trapuak egiteko (egoera txarrean dagoen arropa). Eta, gainera, dituzten lanpostuak finkatu eta ahal bada berriak sortu nahi dituzte (bilketarako edo bigarren eskuko arropa-denda sortuz). Hau da, sortu daitekeen aberastasuna Sakanan gelditzea nahi dute.

Gaur egun Sakanan bi modutara jasotzen da erabilitako arropa: Euskadi-Congo eta Humana  elkarteen edukiontzien bidez edo Emausko Trapuketariek etxeetan egiten dutena. Eurek Sakana bertako alternatiba eskaini nahi dute, “dagoen bilketa errazten eta hobetzen duena. Izan ere, jendeak ez du etxetik mugitu beharko. Gu joanen gara haien etxeetara”. Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean ariko dira gainera.

Arropa atez ate bilduko dute, astearteetan eta ostegunetan. Baina bilketa zein herrietan eta zein egunetan eginen duten jakinarazteko Batutako kideek herrietako etxeetan kartelak jarriko dituzte astelehen eta asteazkenetan, horrela aldamen guztiak jakinaren gainean egoteko. Guaixeko Merkatu Txikia atalean ere horren berri izanen da. Beraz, kartela jarri eta hurrengo egunean pasako lirateke etxeetatik arropa jasotzera. Herritarrei eskatzen diete arropa poltsa itxietan uztea, bai portalean bai etxeko atean. Haien asmoa da urtaro bakoitzean Sakanako herri guztietan bilketa bat egitea da. Heldu den astean hasiko dira.
Elkarteaz
“Ekonomikoki jasangarria den lan ingurua sortzeak” elkartzen dituen hiru kide ditu Batutak. Euren nahia da “gure lanaz bizitzeko helburuz lanpostuak sortuz gizarteari positiboan ekarpena egitea da”. Aldi berean, euren inguruko “ekonomia eta gizarte sarea dinamizatu” nahi dute. Altsasun du egoitza Batutak.

Gaur egun elkarteak hiru proiektu ditu martxan. Alde batetik, Altsasuko Udalaren etxegabeen aterpea kudeatzen du 2015etik. Etxegabeekin 20:30etik 08:00etara egoten dira eta emozio-laguntza ematen diete. Afaria, gosaria eta biderako ogitartekoa ematen diete. Gainera, egoitzaren garbiketaz arduratzen dira. Bestetik, Batutak Birziklatze Laborategia du. Diseinurako eta sormenerako espazioa, berrerabilpena eta birziklatzea sustatzen dute. Bigarren eskuko materialekin produktu berriak egiten dituzte. Gainera, “jendea ahalduntzeko” egizu zuk zeuk filosofian oinarrituz ikastaroak ematen dituzte. Azkenik, Emausko Trapuketariekin hitzarmena dute 2017tik eta haiek tamaina handiko altzariak jasotzera Sakanara etortzen direnean elkarteko kide bat trapuketariekin bilketan aritzen da.

Harremanetarako:
948 469 206 edo batuta.sakana@gmail.com

Sakanako atez ateko arropa bilketa
Herria Hilabetea Jakinarazpena Bilketa eguna
Lakuntza Garagarrila 18 19
    20 21
Uharte Arakil   25 26
    27 28
Arruazu Garila 2 3
Ihabar   2 3
Hiriberri   4 5
Irañeta   4 5
Ekai /Satrustegi   5 10
Etxarren   10 12
Etxeberri   10 12
Irurtzun   12 17
    12 17
Aizkorbe   17 19
Izurdiaga   17 19
Errotz   19 24
Urritzola   19 24