Jokin: “momenturen batean justizia egonen dela espero dut”

Guaixe 2018ko eka. 22a, 08:39
Jokinek gaur 586 egun egin ditu preso.

Altsasuko auziagatik kartzelan behin-behinean preso 19 hilabete darama Jokin Unamuno Goikoetxeak. Estremerako espetxetik erantzun du Guaixe astekariak bidalitako galdetegia. Epaia jakin berritan, baina fiskaltzaren helegitearen eta Iruñeko manifestazioaren berri ez zituela.

Urte eta erdi preso. Horretara ohitu behar ere…
Ohitu esatea asko da. Gizakiek egoera zailei aurre egiteko, eta askotan iraultzeko, gaitasuna daukagu eta denbora aurrera joan ahala, espetxeko bizitzara “egiten” zara. Baina espetxea ohitzen denik ez dagoela esanen nuke.

Nolakoa da egun “normal” bat? Orduak betetzeko zer edo zer egiten duzu?
8 ordu patioan eta 16 ordu ziegan ematen ditut. Eguna betetzeko plangintza bat eginez gero, eguna azkartxo pasatzen da. Gorputza eta burmuina jorratzen saiatzen naiz. Horregatik, kirol dexente egiten dut fisikoa lantzeko (korrika, futbola, muskulazioa…) eta burmuina lantzeko liburuak eta egunkariak irakurri, xakean, dama-jokoan eta antzekoetan aritzen naiz, sudokuak… Burua lanpetuta mantentzea oso garrantzitsua da, ez egitekotan buruari bueltak ematen hasten zarelako eta beheraldiak izateko arriskua duzu.

Bestalde, prestakuntza aldetik, hainbat ikastaroetan izena eman dut, hauetako bakar batera joateko deitu ez nauten arren, eta behin errekurtsoak bukatuta eta izango dugun zigorraren arabera, unibertsitateko gradu bat ikasten hasiko naiz.

Zer moduzko erlazioa duzu gainontzeko presoekin?
Gainontzeko presoekin dudan erlazioa ona da. Sartu nintzenetik arazorik ez dut izan. Preso kopuru txikiago batekin konfiantza izatera iristen zara eta taldetxo moduko bat egiten duzu, eta talde horretan denbora luzez egoten naiz. Hala ere, preso guztiekin hitz egiten duzu. Gainera, herrialde ugariko jendea batera egonda hainbat kultura, ohitura eta hizkuntza ezagutzeko aukera izan dut.

Zuen egoeraren berri badute?
Gure egoeraren berri guztiek dute. Bitxikeria gisa, izan genuen zigor eskaeraren berri preso batek esan zidalako jakin nuen. Esan bezala, gure egoeraren berri guztiek dute eta elkartasuna adierazi didate, auziarekin harrituta daudelako. Hau guztia injustizia galanta dela deritzote eta lasai egoteko, azkenean gauza konponduko dela esanez animo pila ematen dizkidate. Auzi honek sortu duen harriduraren isla: funtzionario eta guardia civil batzuk ere euren elkartasuna adierazi didate.

Kartzela horrela imajinatzen zenuen?
Espetxea beti txarra da, lau pareten artean bizi behar duzulako eta kontrolpean zaudelako une oro. Hori esanda, imajinatzen nuena baino hobea da bizitza hemen barruan. Euskal presoek duten bizimodua ezagutzen nuen bakarrik, eta guk dugun bizimodua malguagoa da. Lehen graduan egonen banintz, egoera desberdina litzateke.

Epaiketa bera ordura arteko “errutina” hausteko modu bat izanen zen, ezta?
Horrela izan zen, bai. Epaiketan herriko jendea eta gainontzeko auzipetuak ikusi ahal izatea espetxealdia “alde batera” utzi ahal izatea ekarri zuen. Gainera, 17 hilabetetan espetxetik ateratzen ginen lehen aldia izan zen, eta furgonetako leihatilatik pareta ez den zer edo zer ikusi ahal izan nuen eta Auzitegi Nazionalera iristean herriko jendea garraxika entzuteak indar asko eman zidan, egun horiei aurre egin ahal izateko.

Zortziek topo egin zenuten auzi-aretoan. Zer moduz?
Auzipetuak ikustean asko emozionatu nintzen. Asko hitz egiteko betarik izan ez genuen arren,  elkarri animoak eta babesa ematen genuela sentitu nuen eta hori garrantzitsua izan zen. Adurrekin eta Oihanekin une-oro egon nintzenez (pezeran eta ziegan), luze hitz egin ahal izan genuen. Bakoitzak daukagun egunerokotasuna azaldu genuen, epaiketaren nondik norakoak komentatzen genituen, barre egin genuen ere… Denetarako denbora izan genuen.

Azken eguna gogorra izan zen, behin epaiketa bukatuta denbora luzez elkar ikusi gabe egon behar garela genekielako. Azken momentu horiek elkarri indarra emateko balio izan zigun eta epaia iristerakoan lasai egon behar ginela ere adostu genuen, beheraldi handia izatea ekiditeko, eta balio izan duela pentsatzen dut.

Epaiketan zuen bertsioa emateko aukera izan zenuten.
Auzi hau hasi zenetik Guardia Civilaren eta euren bikotekideen bertsioa bakarrik erabili da. Eta hori elur-bola geroz eta handiagoa izatea ekarri zuen. Epaiketan gutako bakoitzak, lekukoak barne, gau horretan gertatutako eta bizitakoa kontatzeko aukera izan genuen. Epaia irakurtzen badugu gu esandakoak ez du ezertarako balio izan. Auzitegi Nazionalean hau gertatuko zela nahiko argi neukan, baina Gorenean baliagarria izanen dela espero dut.

Zer inpresio utzi zizun epaiketak?
Hasieratik defendatu dena argi eta garbi gelditu zela uste izan nuen. Epaiketan terrorismoa inondik hartzerik ez zegoela nabarmen gelditu zen, epaileek eta akusazioek zirku handia egin zuten arren. Haien lekuko eta adituek gure abokatuei erantzun behar zietenean ez ziren gogoratzen edo harritzeko moduko erantzunak eman zituzten. Ospa!-ren inguruan galdekatuta izaten ari zela, asanblada horrek egiten dituen ekintza biolentoak kartelak eta pankartak jartzea zela esan zuen guardia civil batek, terrorismoarekin ezinezko lotura egiteko erabili nahi izan zen argudioa izanik.

Epaiketan zehar aurretik ezeztatutako hainbat proba onartu zizkigun epaimahaiak, eta akusazioek aurkeztu nahi zuten bideo bati ezezkoa eman zioten (bideo hori gero ikusi zen arren). Epaiketan behatzaileak egon behar zirela guztiok genekien, eta hau guztia behatzaileei begira egindako planteamendu bat izan zela uste dut, defentsa-gabeziaren afera alde batera uzteko helburuarekin .

Hala ere, lehen esan bezala, epaiketa ondo joan zela uste izan dut eta gaur egun ere berdina pentsatzen dut, epaia epaiketan jazotakoarekin inongo zerikusirik ez duelako.

Terrorismo zigor eskaerari aurre egin behar diozue. Zer iruditzen zaizu eskaera hori?
Inongo zentzurik ez zuen eskaera iruditzen zitzaidan eta fiskaltzak berdina uste zuela deritzot, egindako bigarren eskaera hori ikusita. Terrorismoarena eroriko zela argi neukan, Gorenean izanen zela uste nuen arren. Nire beldurra bestelako bat zen. Epaian terrorismoa kendu arren zigor handiak ezartzen bazizkiguten garaipen handia lortu eta elkartasun uholdea desagertuko zela uste nuen. Ikusi daitekeenez, oker nenbilen.

Kasu honetan gauza asko nahasten dira?
Auzia hasi zenetik, gertatutako guztiari zergati bat ematen saiatu gara guztiok. Nafarroako Gobernuaren kontra egin nahi zuten; Estatuko Segurtasun Indarrei babes handiagoa eman nahi zioten, etorkizunean polizia bat ukitzean zer gertatu daitekeen argi uzteko; euskal gazterian beldurra sartu nahi zuten… Teoria horiek guztiak egia izanen dira segur aski, baina hau guztia errazagoa dela uste dut.

Espainiako Estatuak Euskal Herriak bizi duen garai berriari aurre egiteko politika-argudiorik ez duenez, orain arte funtzionatu izan zaion dinamikari jarraipena eman nahi izan zion, inondik terrorismo delituak ateraz. Horren isla Oreretakoen eta gure kasua dira.

Altsasun gertatzea kasualitatea izan zen?
Horrela izan zela uste duenik ez dela egonen suposatzen dut. Kalea nahiko lasai zegoen momentu batean (gai honekin batez ere), urtero errepresioaren kontrako eguna, Ospa eguna, antolatzen du Ospa!-k eta Guardia Civilari eta hedabideei esker, egun horrek ospe handia hartzen joan zen. Hori guztia baliatuz, Koxkako gertaera izugarrizko muntaia sortzeko erabili zuten, aurreko galderan azaldu dudan eta zilegi den aldarrikapen bat kriminalizatzeko helburuarekin.

Eta horren guztiaren erdian egoteak zer sentiarazten dizu?
Amorrua eta beldurra. Azken finean, epaituak izan diren gertaerekin normalean inor ez da espetxeratua izaten (duela gutxi Iruñeko auzitegian 21 hilabeteko zigorra ezarri dute antzeko gertaera batzuengatik, Aljecirasen jazotakoa…), baina gu bi urterako bidean gaude, eta denbora luzerako egon gaitezke gauzak ez badira aldatzen. Hala ere, momenturen batean justizia egonen dela espero dut. Bitartean, bai gu, bai kanpoan zaudeten guztiak aurrera egin behar dugu, elkarri animoak eta indarrak emanez.

Nola bizi izan duzu orain arte auziaren inguruan kanpoan egindakoa?
Gurekiko egon den elkartasun uholdea txalotzekoa izan da. Ekimen ugari antolatu dira, hainbat jendek parte hartuz… Gaia lantzeko era oso egokia erabili da, nire ustetan gabeziak egon badira ere.  Orain helegiteen garaia da eta mobilizazioak jarraitu behar dira, gizartean gai hau itzali ez dadin. Beraz, eskerrik asko eta animo!

Kalera ateratzean espero duzu…
Ez dut ezer berezirik espero. Oso zaila ikusten dudan arren, sortu den mugimendu guztia beste aldarrikapen batzuetara desbideratzea espero dut, aurrera eraman beharreko hamaika borroka daudelako oraindik, eta egonen direlako.