Bitan San Joan

Guaixe 2018ko eka. 22a, 14:45

Asteburua udako solstizioa edo San Joan ospatzeko hartuko dute altsasuarrek. Bihar iluntzean makina bat su piztuko dira herriko kaleetan barna. Hala eginen dutenek suaren oinarri gisa harea geruza lodia jarri beharko dute, haren gainean sua pizteko. Horrela, zorua ez izorratzea lortu nahi du udalak. Eta, horretarako, bederatzi tokitan harea pilak utzi ditu: Pilotajauku, Amandrea (hilerria), Zubeztia, Zelai (Caixa zegoen tokia eta sutegia), Intxaurrondo (Eroski), Idertzagain (Xagu), Amaia (errotonda), Zumalakarregi eta Iortia (kultur gunea).

Domekarako goizaldean hainbat talde abardiak jarriko dituzte etxeetako balkoietan. Maite den pertsonari lizar adarra jarriko diote. Batzuek loreekin apainduko dute. Horren gustuko ez den pertsonari makala jarriko diote. Ohitura gorde eta sustatzeko Altsasuko Udalak abardi lehiaketa antolatu du beste behin. Jarritako abardiaren argazkia hilaren 26rako aurkeztu beharko da iortia@altsasu.net e-posta helbidera. Saria festetako herri bazkarian bi pertsonendako txartel bana izanen da. Domeka goizean ere iratzeak moztera joanen dira hainbat, ondoren etxe atariak iratze alfonbrez edertuko dituzte.

Egubera taldeak, atzera ere, udako solstizioa ospatzeko egitaraua prestatu du. Bihar, 19:30etik aurrera, Foru plazan izanen da. Hasteko sua piztuko dute. Auzatea eskainiko dute. Ekitaldian dantzariak eta musikariak izanen dira ere.

Egitaraua
Garagarrilak 23, larunbata
16:45ean Etxajua San Joan plazan, trikitilariek lagunduta. Xaiborren emanaldia eta haurrendako sorpresak San Joan kalean.
18:30ean Txokolate-jana Diamantes Negros taldeak girotuta.
19:30ean Udalbatza, Altsasuko txistulariekin batera, udaletxetik San Joan ermitara abiatuko da.
    Udako solstizioa ospatzeko festa, Foru plazan. Egubera taldeak antolatuta.
20:00 Auzatea.
20:30 Festaren hasiera: San Joango ermitan sua piztea.
    Herriko suak pizteko etxaju iragarlea. Kalejira eta auzatea Foru plazaraino.
21:30ean Beti Jai bikoteak suak dauden kaleak girotuko ditu gauean zehar.
23:00etatik 02:00etara Dantzaldia Milenium taldearekin, San Joan kalean.

Garagarrilak 24, domeka
20:00etan Zortzikoa Altsasuko txistulariekin eta auzatea, Foru plazan.
23:30ean Dantzaldia Haize Berriak bandarekin, Foru plazan.