Ospak udalaren eta Foruzaingoaren arteko hitzarmena salatuko du

Guaixe 2018ko uzt. 5a, 09:03
Foruzaingoaren auto bat Altsasun.

Gaur, 19:00etan, manifestazioa eginen dute Foruzaingoaren polizia-etxetik abiatuta.

Ospa! Herri mugimenduak Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar leloa duen manifestazioa deitu du gaurko. Errepresioaren aurkako mugimendutik adierazi dutenez, “jada itogarria zen, eta igandeaz geroztik Foruzaingoaren presentzia Altsasuko kaleetan areagotu egin da”. Izan ere, Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordioa garilarekin batera indarrean sartu zen. Haren helburua da "kalitatezko segurtasun zerbitzu publikoa ematea eta Altsasun segurtasun publikoa bermatzea". Ospako kideen iritziz “udaltzain kopuru murritza aitzakiatzat hartuz” sinatutako akordioak “gutxi balitz, foruzain kopurua bikoiztu egin du Altsasun”. Horregatik, manifestazioan parte hartzera deitu dute.  

Bestalde, CSIF/SPF sindikatuak gaurko deialdia kritikatu du. “Orokorrean funtzionarioen kontrako  eta zehazki Foruzaingoaren kontrako xaxatze ekitaldia da”, azaldu dute sindikatukoek. Eta gaineratu dute: “jakina da Altsasun polizia funtzionarioen kontrako erasoak izateaz aparte lan-giroa kontrakoa  dela etengabe, agintearen edozein figuraren kontrakoa”. Eta gaineratu du: “araudiak legeak betearaztera behartzen ditu agintearen-agenteak”. Horregatik, sindikatukoek Foruzaingoko buruei galdetu diete foruzainek bete behar horiek egiteko zein babes neurri hartuko dituzten. Giza baliabideak eta materialak eskatu ditu agenteen edo azpiegituren kontrako balizko ekintzen aurrean. Gaurkoari eta etorkizunean izan daitezkeenei begira, CSIF/SPFk eskatu du zerbitzua egokitzeko, “normaltasunez eta segurtasunez eman ahal izateko”. 

Erlazionatuak