Altsasuko Aita Barandiaran egoitzako langileak euren lan baldintzak ez direla batere hobetu salatu dute. Eta Altsasuko Udalari egindako eskaera berretsi dute: "egoitzan daudenei arreta hobea eskaini ahal izateko erizaintza eta zaintzaile taldeak indartu behar dira, gure lanean esplotatuta sentitzen baikara". Aldi berean, adierazi dute euren lan hitzarmena negoziatzen segitu nahi dutela, horregatik udalari "negoziatzera esertzeko" eskatu diote. Udalaren berehalako erantzuna eskatu dute gainera.
Asko jasan ondoren, azaroan jakinarazi zuten Aita Barandiareko langileek "egoera prekarioa eta neurrigabeko lan karga" zutela. Azaldu zutenez, “egoitzan dauden pertsonak gero eta mendekotasun handiagoa dute. Arreta egokia bermatzeko plantilla indartzea beharrezkoa da”. Ziurtatu dutenez, “gaur egun dugun ingresatu kopurua eta haien profilak ezinezko egiten du dugun langile kopuruarekin kalitatezko arreta bat ematea”. Nabarmendu dutenez, “egoera are larriagoa da asteburuan, langile kopurua murritzagoa denean eta arreta behar duten pertsonak berdinak direnean”. Ondorioz, hainbat arrazoirengatik laneko bajak ugaritu egin dira.