Aita Barandiaran egoitzako langileek “gehiegizko lan karga eta egoera prekarioa” dutela salatu zuten azaroan. Eta ordutik egoera ez dela aldatu salatu zuten joan den astean. Aldi berean, lan hitzarmena negoziatzea eskatu zioten Altsasuko Udalari. Adinduen egoitzako Errektoretza Batzordeko buru Javier Ollo Martinez alkateak azken puntu horren inguruan esan digunez, “negoziatzen ari gara. Langileen ordezkaritzak egindako proposamenak aztertzen ari gara eta horretarako zuzenbide-txosten baten espero gaude”.
Lan baldintzei buruz, gogorarazi du langileen lanaren berrantolaketa egin zela udazkenean, “langileen lanak arintzeko”. Alkateak gaineratu duenez, “asteburuetan laguntza ematen duten langileen lanorduak handitu dira”. Eta, horrekin batera, jakinarazi digu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziari gutuna idatzi diotela. Idatzian pertsonak mugitzeko makina gehiago eskatu dizkiote. Ollok eskaera horren zergatia azaldu digu: “momentu honetan Aita Barandiaran egoitzan dauden pertsonek geroz eta menpekotasun handiagoa dute, adinduen egoitza gehienetan hala gertatzen da”. Makina berriak, beraz, “langileen lana hobetzeko” lirateke.