Altsasuko auziagatik auzipetuak dauden Adur, Jokin eta Oihan atxilotu zituztela 20 hilabete bete ziren pasa den larunbatean. Hilabetearen 14ko protestaldia Iruñeko festetara eraman zuten Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak aske herri asanbladak. 2.000 bat pertsona elkartu ziren Gaztelu plazan eta haien aurrean gurasoen ordezkariek euren semeak 400 km baino gehiagora preso daudela gogorarazi zuten. Altsasuko Gurasoak taldeko kideek eskerrak eman zizkieten bildutakoei “bizitzen ari garen injustizia izugarriaren berri zabaltzen” laguntzeagatik. Haien ustez, “gero eta gehiago gara kalera ateratzen ari garenak basakeria hau salatzeko eta gure semeen askatasuna eskatzeko”.
Hala ere, gurasoek jendearen beharra izaten segitzen dutela gaineratu zuten. Salaketa azalarazten segitzeko eskatu zuten, “hemendik km askotara bizi direnei honen berri emateko, hedabide boteretsuen kontakizun bakarrak egia ezagutzen eragotzi dienei”. Gurasoen ordezkariek azaldu zutenez, euren “seme-alaben askatasunaren aldeko bide bat zabaltzeko” lanean segituko dute, “azken finean zuendako guztiendako askatasuna eta justiziaren aldeko bidea zabaldu nahian”.
Altsasukoak aske herri asanbladako kideek adierazi zuten auzipetuak etxean nahi dituztela eta presoei elkartasuna adierazi zieten. Atzera ere, nabarmendu zuten “argi frogatu” dela “politika-, epaitegi-., hedabide- eta polizia-muntaia baten aurrean gaudela, herri oso bat kriminalizatzeko asmoarekin eta bere bidezko aldarrikapenak isilarazteko helburuarekin. Egoera hau etenik gabe salatuko dugu”. Herri asanbladatik mobilizazio dinamikarekin segituko zuela gaineratu zuten eta horretan Euskal Herriko, estatuko herrien eta Europako laguntza dutela nabarmendu zuten.
Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 611 preso egin dituzte. Aratzek, Jon Anderrek, Julenek eta Iñakik 43 azkenekoz atxilotu eta preso sartu zituztenetik. 2016ko udazkenean beste 37 egun egon ziren preso.