Baztango ibarraren festa, Baztandarren Biltzarra ospatu zen Elizondon atzo. Ibarreko herri guztien batasuna eta euskararen aldarrikapena egiten da ospakizun horretan. Festako egitarauko ardatzetako bat Baztango 15 herriek aurkezten dituzten gai jakinen inguruko gurdiak dira. Gurdi apaindu horien desfilea 11:00etan hasi zen eta hura zabaltzen Altsasuko Gurasoak taldeko sei kide joan ziren. Modu horretan festa baztandarraren antolatzaileek euren elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan zieten Altsasuko auzikoei. Utzi Altsasu bakean banderolak aldean zituztela eta dozena erdi momotxorroren laguntzaz zabaldu zuten bidea. Segizioak aurrera egin ahala Altsasukoak askatu moduko oihuak entzuteko aukera izan zen.
Beste gurasoetako batzuk Valentzian izan ziren. Altsasuko auzia salatzen zuen Elias Tañoren mural bat garbiketa enpresak ezabatu zuen eta, atzera ere, auzolanean margotu zen asteburuan. Gauean pintura bota diote muralari.