Hizketan

Ikasle Abertzaleak-ek “ikasleak antolatu eta borrokara batzeko” asmoa berretsi du

Guaixe 2018ko uzt. 30a, 13:19

Eskola Ibiltaria ostiralean despeditu zen Altsasun. Azken prestakuntza eta hausnarketarako saioen ondoren kontzertu eskaintza zabala izan zen. Eta haien atsedenaldian ekitaldi nagusia egin zuten.

Ekitaldian Ikasle Abertzaleak-ek bere burua “ikasle antolakunde iraultzailetzat” definitu zuen. 30 urteko ibilbidean “kaleak astintzen, intsumitzen eta langile klasea antolatzera bulkatzen” aritu dela gaztigatu zuen. Sistemak askatasunik ez duela ematen eta aurre egitea guztien ardura dela nabarmendu zuen eta ikasleek “militantzia eredu berri baten isla” izan behar dutela esan zuten, “gure gaitasun, esfortzu eta konpromisoa horretara bideratuz, zein erabaki txarren kritika zintzoa ezinbesteko ditugun”.  

Azaldu zutenez, “sistema kapitalistak gu itotzeko dituen mekanismo guztien aurrean, egindakoaz ikasi eta gure praktika iraultzailea fintzen jarraitzen dugu”. Horren eredu gisa Eskola Ibiltaria jarri zuen, “non gure harremanak indartzeko, esperientziez ikasteko eta hurrengo urteetan eman beharreko pausoez hausnartzeko elkartu garen”. Gaineratu zuenez, “Euskal Herria irauliko duten militanteak sortzeko hautu irmoa” dute. Ikasleek “auto-antolakuntza eta botere propioa eraikitzen segitzen” dutela nabarmendu zuten.

Aldarrikapenak
Euskal burgesiarekin Euskal Herria ez dutela askatuko ziurtatu zuten. Euskal Herri sozialista, feminista eta independentea aldarrikatu zuten, “gure kondizio politiko eta soziala osoki aldatuko duen gizarte eredu bat eraikitzera gatoz”. Eta gehitu zuten, “sistemak sumiso eta geldi nahi gaituen honetan, maila lokala oinarria izanik, burgesiari erasotzeko gaitasuna garatzen jarraitu behar dugu”.  Horretarako, antolatuko diren dinamiketan ikasleak parte hartzera gonbidatu zituzten.

Baina haien jarduna ikasle mugimendura ez dela mugatu behar gaztigatu zuten. “Prozesu honetan ezinbestekoa izanen baita langile klaseko gainontzeko sektoreekin elkarlana sustatzea. Hori garatzeko, autodefentsa eta klase elkartasunetik abiatuko den praktika politikoa garatu behar dugu. Langile batasunak izan behar du ondorioa”.

Feminismoa osotasun baten baitan kokatu beharra aldarrikatu zuten, “kapitalismoan emakumezko langileen zapalkuntza bikoitza baita”. Ikasle Abertzaleak-etik “genero auziaren abolizioa praktika iraultzaile komun batetik bideratuz, dei egiten diegu emakumezko guztiei borrokara batu daitezen”. Emakumezkoen kontrako sexu-erasoak langile klasearen kontrako erasotzat jo zituzten. Ikasle presoak gogoan izan zituzten eta Nafarroako Gobernuak Iruñeko Maravillas gaztetxea husteko eskaera kritikatu zuten.